euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Izatez Harro EEko arduradunek euskal immigrazioari buruzko hitzaldia eman zuten zelaiko eskola batean

2011/10/05

Fernando Mandagaran eta Elsa Bazan 5 zenbakidun zelaiko eskolako ikasle eta irakasleekin (argazkia EE)
Fernando Mandagaran eta Elsa Bazan 5 zenbakidun zelaiko eskolako ikasle eta irakasleekin (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Euskaldun ugari daude Buenos Aires probintzian, hiri partean eta baita zelaian ere. Mar Chiquita partidukoak Izatez Harro euskal etxean biltzen hasi ziren duela bi urte eta harrezkero Euskal Herriko kultura ezagutarazi eta hedatzeko asmoari eutsi diote bizkor. Komunitatearekiko engaiamendu handiak gidatzen du erakundea, egiten ari den bide honetan, eta lotura estuak ditu eskualdeko herrietako instituzioekin. Gauzak honela, poz handiz hartu zuten Izatez Harro euskal etxeko kideek Gral. Piran-eko 5 zenbakidun Zelaiko Eskolara biltzeko gonbitea. Edade guztietako umeek osatutako ikasleriari euskal etorkinei buruzko hitzaldia eman zioten Fernando Mandagaran eta Elsa Bazan euskal etxeko ordezkariek Immigrante Asteko ekitaldien testu-inguruan.

Mar Chiquita, Argentina. Argentina osoan ospatu da irailean Immigrante Eguna. Euren jaioterria utzi behar izan zuten hainbat lagun oroitzeko egiten den omenaldi honek itxura ezberdinak hartzen ditu herri bakoitzean. Mar Chiquita-ren kasuan, Gral. Piran-eko 5 zenbakidun Zelaiko Eskola bisitatu zuten bertoko euskaldunek.

Ikasle, haien guraso eta irakasleek arretaz entzun zuten Fernando Mandagaranek eta Elsa Bazanek eskaini zieten mintzaldia. Euskal Herriaren kokapena, bere geografia, historia, ohiturak eta batez ere Argentinara egindako migrazio prozesua izan ziren hitzaldiaren gaiak.

“Eskola txikia da, zelaiko eskola tipikoa: ikasle gutxi baina bihotz eta jakin-min handikoak”, azaldu dute Izatez Harroko kideek. “Euskal abizeneko jende anitz dago hemen eta guztiek beren arbasoen historia ezagutu nahi dute. Euskal Herriko irudiak eta euskarazko hitzak ere oso deigarriak egin zitzaizkien umeei”, azpimarratu dute Mandagaran eta Bazanek. Hitzaldia bukatuta, askaria partekatu zuten eskolakoek  bisitariekin.

Paella, dantzak eta gero eta kide gehiago

Izatez Harro euskal etxea egiten ari den lana ez da oharkabean geratzen. Izan ere, ehundik gora herritar konturatu dira jadanik erakundera hurbiltzeko abantailez eta ondorioz euskal etxearen komunitatea areagotuz doa. Eta dudarik gabe, lagunak ezinbestekoak dira proiektu honetan.

Izatez Harro euskal etxeak antolatutako paella 2011 01

[150 lagunentzako paella erraldoia egin zuten Mar Chiquitako euskaldunek (argazkia EE)]

Abuztuaren 13an, paella erraldoi bat prestatu zuten Mar Chiquitako euskaldunek 150 gonbidaturentzat eta janari on eta kantuen artean, Tandilgo Gure Etxea euskal etxeko dantzariak jendea loriatu zuten euren koreografiekin. “Berriro ere ikusten dugu lanak fruitu onenak dakartzala. Esker beroak eman nahi dizkiegu parte hartu zuten guztiei, bereziki Tandiletik etorritako gazteei”, adierazi dute Izatez Harro-ko arduradunek.

Izatez Harro euskal etxeak antolatutako paella 2011 02

[Tandilgo Gure Etxea-ko dantzariek polka dantzatzera gonbidatu zituzten Izate Harro-ko kideak (argazkia EE)]

Datozen ekimenei begira, beste bi ekintza gauzatuko dira hurrengo hilabeteetan euskal etxean. Alde batetik, urriaren 9an Elkarretaratze komunitarioa egingo da Jubilatuen egoitzan. Bestetik, azaroaren 12an, urtemugako jaia ospatuko dute Mar Chiquitako euskaldunek.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia