Izaskun Kortazar, ezkerrean, urdinez jantzita, Sao Pauloko Eusko Alkartasuna Euskal Etxeko zenbait kiderekin (argazkia IKortazar)
Bigarren urtez jarraian Izaskun Kortazar euskara irakaslea Brasilen da, bertako euskal etxeetan euskal kulturari buruzko zenbait hitzaldi emateko. Kortazar Sondikan jaioa da, Bizkaian, baina dozena bat urte daramatza Boisen eta irakasle da BSU unibertsitatean. Egunotan Sao Pauloko Eusko Alkartasuna euskal etxean herri kirolei buruzko hitzaldia eman du, eta asteburuan Porto Alegren eta Pelotasen izango da Rio Grade do Sul-eko Euskal Etxearekin.
Sao Paulo, Brasil. Sao Pauloko Eusko Alkartasuna Euskal Etxea bere 57. urteurrena ospatzen ari da eta antolatu berria du euskal kulturari buruzko egunpasa bat. Ekitaldiak urriaren 23an hasi ziren, "El ciclo de la vida" izeneko euskal artzainen bizimoduari buruzko dokumentalarekin. Ondoren, euskal etxeko kide Dolores Martinek Brasilgo Diasporari buruz egingo duen ikerketaren nondik-norakoak azaldu zituen.
Bigarren hizlaria Izaskun Kortazar sondikarra izan zen. Kortazar Boisen bizi da orain dela dozena bat urte, eta Boise State Universityn irakasle da. Egunotan Brasilen dabil euskal kulturari buruzko hitzaldiak ematen. Oraingoan, Kortazarrek herri kirolei buruzko hitzaldia eman zuen, eta ez hori bakarrik, hitzaldiaren ostean saio praktiko bat zuzendu zuen eta entzuleak lehian jarri zituen, zenbait herri kiroletan: lokotxak, txingak, soka-tira...
Kirol pixkat egin ostean, askaria egin zuten bertaratu zirenek eta indarrak hartuta, Diego Moreira geografia irakaslearen hitzaldia entzun zuten. Moreira, www.geni.com webgunearen koordinatzailea da eta genealogia euskal-brasildarrari buruzko hitzaldi interesgarria eman zuen. Eguneko programa Kortazarren beste hitzaldi batekin osatu zen, azken hau euskal mitologiari buruzkoa.
Hitzaldi birarekin jarraituz, urriaren 25ean Kortazarrek herri kirolei buruzko aurkezpena egin zuen Sao Pauloko Unibertsitatean (USP), bertako Jarduera Fisiko eta Kirolaren Zientzia ikasleei zuzendua. Hitzaldira 30 bat ikasle bildun ziren, eta oraingoan ere, berbaldiaren ostean, herri kirolak zuzenean probatzeko aukera izan zuten. Ikasle askok bazuten euskaldunen berri eta euskal kulturari buruzko jakinmin handia agertu zuten.
Porto Alegre eta Pelotas
Kortazerren hitzaldi birak jarraipena izango du datozen egunetan Brasilen, Rio Grande do Sul-eko Euskal Etxeak gonbidatuta. Larunbat honetan, urriaren 29an, Porto Alegren emango ditu hitzaldiak eta astelehenean, urriaren 31n, Pelotaseko Udal Liburutegian. Hitzaldietan herri kirolak eta euskal mitologia izango ditu hizpide.