euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Izaskun Bilbaok, Euskal Legebiltzarreko presidenteak, Argentina, Paraguai eta Txilerako bidaia hasiko du gaur

2007/05/11

Izaskun Bilbao (esk) eta Euskadiko ordezkaria Argentinan, Marieli Díaz de Mendibil, 2006ko irailean argentinar parlamentuak Bilbao 'ohorezko hiritar' izendatu zuenean (arg. Diasporavascarg)
Izaskun Bilbao (esk) eta Euskadiko ordezkaria Argentinan, Marieli Díaz de Mendibil, 2006ko irailean argentinar parlamentuak Bilbao 'ohorezko hiritar' izendatu zuenean (arg. Diasporavascarg)

PUBLIZITATEA

Berdintasun politika, emakumeen lidergoa eta bake prozesua izango dira Izaskun Bilbao Eusko Legebiltzarreko presidenteak Argentina, Paraguai eta Txilera gaur hasiko duen bidaiaren ardatzak. Hamaika eguneko iraupena izango du birak eta Bilbaok gai horiei buruzko mintzaldiak eman eta bilerak egingo ditu. Euskal komunitateekin ere bilduko da eta bidaia bukaeran Michele Bachelet Txileko lehendakariaren gonbidatua izango da Iquiqueko Itsas Guduaren urteurren ekitaldian.
Eusko Legebiltzarreko presidenteak, Izaskun Bilbaok, Argentina, Paraguai eta Txilera egingo duen hamaika eguneko bira hasiko du gaur. Bidaia honekin Bilbaok joan den martxoan Buenos Aires probintziako gobernadoreorde Graciela Giannettasiok eginiko bisita itzuli ahal izango du. Gainera, bidaiarekin Bilbaok 2006ko irailean Argentinara egin zuen bidaian hasitako kontaktu eta harreman emankorretan sakonduko du.

Bilbaoren bidaiaren agendaren lehen hitzordua bihar izango da, Rosarion. Bertan UNIFEM (Emakumearen Garapenerako Nazio Batuen Fondoa) taldearen bilkura batean parte hartuko du. Ondotik Zazpirak Bat Euskal Etxean izango da Euskal Herriko egoera politikoaren inguruko mintzaldia emateko eta bertako euskaldunekin afalduko du. Astelehenean Buenos Airesera joango da eta Graciela Giannettasio eta Buenos Aires probintziako beste herri ordezkari batzuekin bilduko da, besteak beste. Asteartea ere bilera eguna izango du eta berdintasun gaietan lan egiten duten emakume parlamentari talde batekin bazkalduko du, arlo honetan bultzatzen diren estrategiak aztertzeko.

Txileko lehendakariaren gonbidatua

Bidaiaren bigarren zatiak Paraguaira eramango du. Asteazkenean helduko da Izaskun Bilbao Asunción hiriburura eta bertako legebiltzarreko berdintasun batzordeko kideekin lan bilera egingo du. Arratsaldean mintzaldia emango du Paraguaiko Lehendakaritzako Emakumearen Idazkaritzan. Ostegunean XVII. Reunión Especializada de la Mujer delako bilkuran parte hartuko du eta emakumea eta berdintasunaren arloan lan egiten ari diren Hegoameriketako hainbat herrialdetako ordezkariekin bilduko da.

Biraren hirugarren eta azken zatia Txilen izango da. Ostiralean politikari bermeotarra Emakumearen Zerbitzu Nazionalak antolaturiko gosari-mahainguru batean parte hartuko du Laura Alborno Pollmann ministroarekin batera. Ondoren Txileko Senatuaren presidenteorde Carlos Ominami Pascualekin eta Emprebask, Txileko Euskal Jatorriko Enpresarien Elkarteko buru Juan Ignacio Letamendirekin bilduko da. Bukatzeko mintzaldia eskainiko du Santiagoko Euzko Etxean. Bidaiako azken ekitaldian Izaskun Bilbao Txileko presidente Michele Bacheleten ohorezko gonbidatua izango da, Iquiqueko Itsas Guduaren urteurren ekitaldian.


Lotura interesgarriak

Eusko Legebiltzarra
www.parlamento.euskadi.net

Buenos Aireseko Giannettasio gobernadoreordea Euskal Herrian
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko martxoaren 26ean

Izaskun Bilbaoren aurreko bidaia Argentinara
www.diasporavascarg.com.ar

Emprebask, Txileko 'Euskal Jatorriko Enpresarien Elkartea'
www.empresariosvascos.cl


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia