euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Izarren argipean ikusi zen New Yorken "Emak Bakia" pelikula, Brooklyngo Rooftop Films jaialdian

2014/06/19

Emanaldiak ikusle asko bildu zituen, nahiz eta azkenean, eguraldi txarra dela etam igandea arte atzeratu behar izan zuten (argazkia Oskar Alegria)
Emanaldiak ikusle asko bildu zituen, nahiz eta azkenean, eguraldi txarra dela etam igandea arte atzeratu behar izan zuten (argazkia Oskar Alegria)

PUBLIZITATEA

Iragan igandean Oskar Alegria zuzendariaren "Emak Bakia Etxea" ikusgai izan zen Brooklyngo "Rooftop Films" zine sailaren baitan. Emanaldia berezia izan zen oso, eraikin baten teilatuko zabaltzan, izarren argipean. Ikusle asko bildu zituen dokumentalak, nahiz eta, eguraldi txarra medio, emanaldia ostiraletik igandera atzeratu behar izan zen. New Yorkeko euskaldun talde bat ere bertaratu zen, Oskar Alegria zuzendariak EuskalKultura.com-i agertu dionez. "Baina beti gertatzen da honela, egon naizen leku ia guztietan beti agertu da euskaldun talde bat: Vancouverren, Shanghain, Tetuanen edo Telluriden...", azaldu du zinemagile iruinsemeak.

New York, AEB. Zinema saio berezia egin zuten iragan igandean Brooklynen, izarren argipean, eta pantailan ikusgai izan zen pelikula ere zinez desberdina izan zen: "Emak Bakia Etxea", Oskar Alegria zuzendari nafarraren dokumentala. 2012. urtean estreinatu zen luzemetraiak Man Ray argazkilari estatubatuarrak Bidarte inguruan zuen etxe misteriotsu baten bilaketa prozesua agertzen du. Bideak hamaika itzulinguru eta bidezidorretan zehar eraman zuen Oskar, baina ordaina izan zuen: etxea aurkitzeaz gain, istorio eta pertsonaia bitxiak ere topatu zituen; tartean, etxea egin zuen errumaniar noblearen biloba, 94 urteko printzesa alemaniarra.

Filma Brooklyn Rooftop Films zine sailaren baitan izan zen ikusgai igandean. Emanaldia musika kontzertu batekin hasi zen eta dokumentala ikusi ostean, Alegriak ikusleen galderak erantzun zituen. Harrera ona izan zuen filmak, Alegriak esan duenez. "Pelikularen ostean jendea hurreratu zitzaidan zorionak emaiteko, galderak egiteko... Derragun ere aretoa mukuru zegoela, Jem Cohen eta Amos Poe, NYeko punta puntako zinemagileak, hantxe ziren, bertzeak bertze", emendatu du.  

Edonon, euskaldunak 

Hiriko euskaldunen ordezkaritza bat ere bertaratu zen. "Hiru lagunekin euskaraz mintzatu nintzen emanaldi ondotik. Hori usu gertzatzen da eta kanpoan daudenei pelikulak herri mina pizteko balio duela dirudi. Baina beti gertatzen da honela, egon naizen leku ia guztietan beti agertu da euskaldun talde bat: Vancouverren, Shangain, Tetuanen edo Telluriden: han Andre Lacouturekin elkartu nintzen, Donibane Lohizunen sortua eta bere amaren etxeak Bakia zuen izena. Zinez hunkitua zegoen, Emak Bakia etxea ere ttipitatik ezaguna baitzuen”.

Oskar Alegria New York

[Oskar Alegria zuzendaria, emanaldia egin zen Brooklyngo lantegi zaharraren teilatuan]

"Emak Bakia Etxea" filmak ibilbide luzea izan du nazioartean eta zinemaldi askotan izan da ikusgai azken hiru urteotan. "Ederra da begi bat irekitzea ordu ttikietan eta pentsatzea: orain pelikula Sydneyn eta Tel Aviven ematen ari dira, bihar Bilbon dugu emanaldia eta ondoko astean Txileko Santiagon… Hori bai dela mapa ttipitzea. Mundua ez da hain zabala, ezta arrotza ere ez", agertzen du.

Paris, Berlin, Hozta eta Bidarte

Emanaldi hauekin pelikulak bere nazioarteko bidea amaituko duela uste du Alegriak. "Festibaletan azken bi urteetako pelikulak hartzen dituzte eta nirea muga hori abantzu pasatua da. Eta ni, erdi akiturik nago, egia erran. Hori bai, bukatu aitzin Parisen eta Berlinen pelikula emaiteko nahian nabil".

Euskal Herrian ere bi emanaldi berezi egingo dira. "Baxenafarroan, Hoztan, abuztuaren 15an herriko plazan frontoia eta etxeak baliatuz pelikula lau hizkuntzatan jarriko dugu aldi berean, "Emak Bakia..." lau haizetara. Eta urte ondarrean bertze bat Bidarten, hori bai, gogotik eta gustura espero dut, pelikula nolabait Bidartekoa baita eta Bidarteko jendea bere protagonista nagusia, beraz horra arribatzea zirkulua ixtea baino ez da izango, azkenean”, bukatu du Alegriak.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia