euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Izan bazinen, bazara' lelopean, 250 lagun berrelkartu ziren jai erraldoi batean La Platako Euzko Etxeko 80 urteak kari

2024/09/23

Parte-hartze handia, agur birtual ugari, eta oroitzapen asko Euzko Etxeak ospatutako Berrelkartze Jaian
Parte-hartze handia, agur birtual ugari, eta oroitzapen asko Euzko Etxeak ospatutako Berrelkartze Jaian

PUBLIZITATEA

La Plata, Argentina. “Izan bazinen, bazara”. Hiru hitz besterik ez dituen lelo honekin, La Platako Euzko Etxeak deia luzatu zien euren bizitzako uneren batean, jardueraren batean parte hartu eta, euskal etxearen parte izandako pertsona orori gau berezi bat partekatzearren. 250 bat lagun bildu zituen "Berrelkartzearen Jaia"k irailaren 7an eta bai horixe oso bestelako gaua izan zela, gogoan geratzen den gau horietako bat. Pilotariak, dantzariak, korukideak, euskara ikasleak, muslariak, futbolariak, xakelariak, zinemazaleak, bibliofiloak, adin guztietako pertsonak, elkarteko arlo guztietakoak eta garai guztietako gizaseme eta emakumeak batu ziren Euzko Etxearen 80 urteak ospatzeko, musika eta dantza ugari lagun.

Euskal etxeko talde guztiak izan ziren partaide jaiaren arrakastan. Hasi baino ordu pare bat lehenago, pilotari ohiek pilota eta sare erakustaldi labur bat eskaini zuten. Mus eta kanasta mikrotxapelketak ere jokatu ziren. Liburutegi eta Artxibo sailetik, kiroldegian proiektatu ziren argazki zaharrak eta bideoak biltzen lagundu zuten. Abesbatzako kide ohiek bat egin zuten gaur egungo ahotsekin eta kantu tradizionalak abestu zituzten. Eta, dantzari talde ezberdinek euren emanaldia hasi aurretik, Euzko Etxeko idazkari Iñaki Azcaratek oso testu sentitua irakurri zuen. Ondoren etorri ziren Aurreskua, Ezpatadantza, San Migel, Arku dantza eta Fandangoa, garai diferentetako dantzari taldeen eskutik, eta askoz ere dantza gehiago, berandu arte.

 
Iñaki Azcaratek guztien bihotza eta oroitzapena hinkitu zuten hitzak irakurri zituen Berrelkartze Jaian

Inork ez zuen kanpoan geratu nahi izan, eta ekitaldira fisikoki bertaratu ezin izan zutenek agurra bidali zuten. 2010ean Euzko Etxea bisitatu zuen Astigarragako Aire Aire Trikitixa Taldeak berea helarazi zuen irudi bidez. Natalia Martinezek —Euzko Etxean bere bizitzako 30 urte partekatu zituenak, dantzari eta La Platako dantza taldeko zuzendari gisa— gauza bera egin zuen egun bizi den Santurtzitik. Necocheako Zubillaga familiak ere zorion mezua bidali zion Euzko Etxeari, eta familia-bidaian zebilen Txitxa Letamendik, elkartearen aurreneko dantza taldeko dantzari eta abesbatzako kideak, bideoz agurtu zituen bildutakoak. Iñaki Azcarateren hitzetan laburbilduta, “Berrelkartzearen Jaia gau berezia izan zen, zuri-beltzekoa, horixka edo bereizmen txikiko argazki bat, pasadizo eta topaketa gaua. Oroitzapen ahaztezinen gaua”.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia