Berri onak dakartzagu Santa Fe probintziako Euskel Biotza Euskal Etxeak. Alde batetik, hiriak antolatutako garrantzi handiko bi ekitalditan hartu du parte euskal gizataldearen ordezkari; eta bestetik, bere egoera juridikoa ofizialduta, FEVAn sartzeko eskabide eta paperak bideratu ditu. Egunotan ere, San Inazio egunari begira, jai horren antolaketa lanetan ari dira roldandarrak. Hauteskundeak maiatzaren 28an eginik, Sebastian Ignacio Martin da elkarteko lehendakaria.
Roldan, Argentina. 150 urte bete ditu maiatzean Roldan herriak eta Udalak gonbidaturik urteurrenaren protagonistetako bat izan zen Euskal Biotza Euskal Etxea hiriko beste hainbat erakunderekin batera. Maiatzaren 8an egin zen kabalkadan ikurrina eraman eta aireratu zuten Euskal Etxeko dantzari eta batzordekideek euskal kolektibitatearen presentzia bermatzeko eta bi urte baino ez dituen Euskal Etxeari bisibilitatea emateko.
Maiatzaren ere, baina 21ean, hiriko Gizataldeen Jaian aurkeztu zen Euskel Biotza-ko dantza taldea, bere dantzari guztiekin: txiki, ertain eta helduekin. Euskal Etxeko erreferente den Gabby Menghik EuskalKultura.com-i adierazi dion legez, “oso harro igo ginen tauletara", "hasi ginenean bost txikik osatzen zuten taldea; orain hamahiru dira… Dantza taldeetan eta egiten ditugun ekintzetan ikusten dugu erakundea hazten ari dela eta hori oso polita da”.
Izaera juridikoa eta FEVA
Dagozkien izapideak bete ondoren, Izaera Juridikoa lortu dute dagoeneko roldandarrek eta horrek beste hainbat ate irekitzen dizkie. Gabby Menghi dantzariaren esanetan, “ez zen batere erraza izan Izaera eskuratzea baina gure euskal senarekin behin eta berriz saiatu gara, lortu arte. Orain FEVAn sartzeko bidean gaude; eta dena ondo ateratzen bada datozen egunotan hori ere izango dugu prest”.
Erakundearen egoera erabat ofizialdu eta formalizatzen den bitartean, bere Biltzar Nagusia egin zuen Euskel Biotza Euskal Etxeak maiatzaren 28an. Bertan gauzatutako hauteskunde prozesuaren ondorioz, honako kide hauek osatzen dute Zuzendaritza Batzorde berritua:
-Lehendakaria: Sebastian Ignacio Martin
-Idazkaria: Ana Uhart
-Diruzaina: Maria del Carmen Schalch
-Batzordekide Titularrak: Hector Renteria, Carlos Rivera, Silvia Novas
-Batzordekide Ordezkoak: Ignacio Escalante, Maria Dolores Renteria eta Agustina Martinez
-Kontu Ikuskatzailea: Laura Martin
-Kontu Ikuskatzaile Ordezkoa: Sebastián Menghi
Zorionak eurei eta Euskal Etxea osatzen duten lagun guztiei, ongi etorri elkarrekin banatzen dugun euskaldunen munduko lan esparrura!