euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Izaera juridikoaren zain, Saltako Gure Etxeak 2012ko emaitza ugarien laburpena eskaini dio komunitateari

2013/02/06

Saltako Gure Etxea Euskal Etxeko kideek herriko Gizataldeen Azokan hartu zuten parte (argazkiaEE)
Saltako Gure Etxea Euskal Etxeko kideek herriko Gizataldeen Azokan hartu zuten parte (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Euskal Herriari lotuta baina beti ere inguruko errealitatea ere kontuan hartuz bi motatako ekintzak antolatu dituzte Salta hiriko Gure Etxea Euskal Etxeko lagunek joan den urtean. Batzuk euskal komunitateari zuzenduak; besteak, komunitate orokorrari. 2012an emandako urrats handiena, ordea, erakundearen egoera legalari dagokio. Izan ere, euskal etxearen izaera juridikoa eskuratze bidean daukate, tramiteak eginik. “Oso garrantzitsua da guretzat bide horretan abiatu izana. Izaera juridikoa beti egiteke geneukan, zor moduan”, aitortu diote Gure Etxeako lagunek EuskalKultura.com-i.

Salta, Argentina. Euskal Herriko eta Argentinako ohiturak eta kultura bateratzen jakitea da gaur egun herrialde honetako euskal etxeen ezaugarri berezienetako bat. Eta Salta probintziako Gure Etxea ez da salbuespena. Bien arteko bategitea eta nahastea arlo askotan ikusten da, janaritik hasita eta herri osoari luzatutako proposamenetan amaituz.

2012an kideen arteko hiru topaketa antolatu zituzten Gure Etxea-ko lagunek, apirilean, uztailean eta urrian. “Saltako plater tipikoak eta, nola ez, pintxo ederrak jan genituen, Daniel Turuk eta Valentina Alvarezek prestatuta”. Argentinako beste hainbat euskal etxetan bezala, Aberri Eguna eta Gernikako Bonbardaketaren urtemuga ospatu zituzten, eta ‘Lau Haizetara’ dokumentalaren eskutik, Euskal Herriari hegaztien eremutik erreparatu zioten.

Saltako Gure Etxea 2013 01

[Herriko jaialdi eta kabalkadetan ere, Saltako Gure Etxea-ko ordezkariak presente (argazkiaEE)]

Ekintzok, gainera, euskal kolektibitatearen mugak gainditu zituzten eta Gernikako Bonbardaketa dela-eta euskal elkarteko kide Emilio Gonzalez Turuk klase berezi bat eman zuen eskola batean gaztetxoen aurrean. Horrez gain, hiriaren sorrerako eta uztailaren 9ko kabalkadetan hartu zuten parte eta Immigrantearen Eguna ospatu zuten beste kolektibitateetako ordezkariekin batera. 

Saltako Gure Etxea 2013 02

[Mendi ibilaldiak ere antolatzen dira Saltako Gure Etxea Euskal Etxean. Argazkian Emilio Gonzalez Turu etxeko kidea (argazkiaEE)]

Herriko Gizataldeen Azokan ere izan ziren Gure Etxea-ko kideak eta bertan standa muntatu zuten. Beste alde batetik, eta euskal herritarren beste zaletasun bat gailenduz, mendi ibilaldiak antolatzen dituzte Saltako euskaldunek. Iaz egindako txangoak San Lorenzo, Sierra del Candado eta Cerro Torreon de la Cuesta izeneko probintziako mendietan izan ziren. Azkena, Torreon de la Cuesta mendian burututakoa, Nafarroako Erreinuaren erorketaren 500. urteurrena gogoan.

2012ko ekintzekin bukatzeko, abenduaren 7an Cesar Arrondok ‘Gernikako Bonbardaketa’ izeneko hitzaldia eman zuen Saltako Goi Mendi Arkeologia Museoan.

Saltako Gure Etxea 2013 03

[Abenduaren 7an Cesar Arrondo irakasleak hitzaldia eskaini zien Saltako Gure Etxea-ko kideei (argazkiaEE)]

“Lan handia egin dugu urte osoan gauzak antolatzen eta batez ere gure estatutuak Salta Probintziak eskatzen dituen arauetara egokitzeko. Orain izaera juridikoa lortzekotan gaude eta horrek asko pozten gaitu. Beti egiteke geneukan gauza zen. Euskal etxe txikia gara, eta kide gehienak kolonia garaiko euskaldunen ondorengoak gara. Gure lana, beraz, gure artean nahikoa galduta daukagun euskal kultura eta tradizioak berreskuratzea da. Une honetan erakundeak berrogeita hamar bat kide ditu. Parte hartzen dutenak, baina, hogeita hamar baino ez dira, eta denaz arduratzen direnak ‘betiko bostak’, elkarte txiki akotan gertatu ohi den bezala ”, aitortu dio Emilio Gonzalez Turuk EuskalKultura.com-i, gauzak aldatuko direlakoan.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia