Sao Paulo, Brasil. Euskal telebista publikoaren bigarren kanalak uda ostean estreinatutako "Euskadi solidaria" programak "Vascos por el Mundo" saio ezagunaren antzeko formatua dauka, baina munduan bilatzen dituen euskaldunak zehatzagoak dira, izan ere, saioaren asmoa “euskal jatorrizko jendearen espiritu solidarioa islatzea" baita, "munduan zehar sakabanatuta dauden euskal boluntarioak, misiolariak, medikuak, ikasleak eta beste hainbat profesionalak bilatu eta ahotsa ematea, egiten duten lana jendaurretuz eta zerbitzatzen dituzten testuinguruak agertaraziz”.
Orain arte hiru atal emititu dituzte, eta horietako lehenengoan Ivan Zumalde euskal-brasildarrarekin solastu ziren eta berak sortutako 'Casa Gernika' GKEaz mintzatu. Askotan isilpean egiten den lan horri ikusgarritasuna emateko, saioko aurkezleetako bat, Eriz Cerezok, Brasilera bidaiatu zuen Casa Gernika ezagutzera. Bizkaiko herriarekin baina batez ere bertan gertatutakoak daukan sinbologiarekin lotura zuzena egin zuen Zumaldek proiektua sortu eta izendatu zuenean, eredu bilakatu baita Gernika munduan bakearen aldeko balioan sinesten duten askorentzat.
Zumaldek azpimarratzen du Sao Paulo gizarte desberdintasunen hiria dela, Hego Amerika mailan milioidun gehien duen hiria baita, baina aldi berean eta hiri bereko beste eremu edo auzo batzuetan, jende asko kalean bizitzen edo baldintza penagarrietan bizitzen duen hiria. "Eta desberdintasun horiek indarkeria sortzen dute", biolentziaren kultura bat, bere elkartearen bidez eta Gernika euskaldunak hedatzen duen mezuaren ildotik Casa Gernika bakearen aldeko mezu bilakatzen saiatzen dena, jarduera eta proiektuen bidez bake eta konpromiso mezu bilakatuz, batez ere jende gaztearen artean.
'Euskadi solidaria' saioaren lehenengo atalean, Sao Paulon Ivan Zunalderekin grabatutako zatia
ETB2ko kamerek Ivan Zumaldek ikastetxe batean emandako eskola irudiak hartu zituzten. Baina Casa Gernikak diharduen eskolak bisitatzeaz gain, Sao Pauloko etorbide nagusi batean ere grabatu zuten, eta Itaquera barrutiko ‘faveletan’ eta Sao Pauloko Gernikako Arbolaren kimuan ere grabatu zuten. ‘Euskadi Solidaria’ren lehenengo aldiak lau atal ditu eta Joana Etxabe, Eriz Cerezo, Jon Salvador, Sandra Eguiluz, Maria Urrutia eta Iñaki Ainciburu ari dira erreportari lanetan. Urtea bukatu artean Filipinak, Senegal, Argentina, Brasil, Mexiko eta Nepal bisitatuko dituzte.
Euskal Herritik kanpo link hauetan ikus daitezke atalak:
- ‘Euskadi Solidaria’ saioaren lehenengo atal osoa, Brasilgo Casa Gernika barne.
- ‘Euskadi Solidaria’ saioaren bigarren atala. Kolonbia, Senegal, Ekuador eta Mexikon
- ‘Euskadi Solidaria’ saioaren hirugarren atala. Senegal, Guatemala, Grezia eta Filipinak
Laugarren eta azken atala abenduaren 29tik aurrera egongo da ikusgai.
- Casa Gernika Instagram-en, Casa Guernica Brasil
- Casa Gernika-ren webgunea, Gernika.ong.br