euskal diaspora eta kultura
2008/06/19
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastián. Eusko Jaurlaritzak atzo aurkeztu zituen IV. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzak, Donostian eginiko prentsaurrekoan. Inkesta 2006ean egin zen EAE, Nafarroa eta Iparralden. Guztira 3.600 inkesta egin ziren EAEn, 2.000 Iparralden eta 1.600 Nafarroan. Aurkezpenean Miren Azkarate Kultur Sailburua; Jean Claude Iriart, Iparraldeko Euskararen
Erakunde Publikoaren zuzendaria eta Patxi Baztarrika, Hizkuntz Politikarako sailburuordea izan ziren, besteak beste.
Bertan azaldu zutenez, euskararen erabilerak goranzko joera du azken 15 urteotan eta gero eta euskal hiztun gehiago dago. Hala ere euskararen erabilerak ez du neurri berean gora egin eta 16-24 urte arteko gazte elebidunen kasuan, adibidez, 2006an 1991ean baino gutxiago erabiltzen da. Baztarrikak datu honen arrazoia zera izan daitekeela azaldu zuen: duela 15 urte '16-24 adinekoen taldean euskaldunberri kopurua %15ekoa zen. Orain %55a da. Datu positiboa da baina kontuan izan behar da hiztun elebidun hauek euskaraz mintzatzeko erreztasun gutxiago dutela eta gainera %40 baino gutxiagoko hiztun elebidunen portzentaia duten herrietan bizi direla'.
Joera aldaketa Iparralden
Sailburuordeak azaldu zuenez, hiztun elebidunen kopuruak gora egin du Nafarroan eta, batez ere, EAEn. Iparralden euskal hiztunen kopuruak behera egin duela baieztatu dute, baina gazteen artean elebitasunak goranzko joera hasi duela esan daiteke. Hiztun elebakarrei dagokienez (gaztelera edo frantsesa soilik egiten dutenak) kopuruak behera egin du (1991an baino 133.900 lagun gutxiago), baina beherakada horren zati nagusia EAEn eta Nafarroan eman da, eta Iparralden aldiz frantses elebakarren kopuruak gora egin du.
Baztarrikak elebidun pasiboen garrantzia ere azpimarratu zuen (nahiz eta euskaraz hitzegin ez, ulertzeko gai direnak), kopuruak nabarmen gora egin duela azalduz. ‘Bada garaia elebidun pasiboen ekarpenari buruz hausnarketa egin eta euren garrantzia aitortu dezagun!', esan zuen. Azkenik, hizkuntz transmisioari dagokionez gurasoak elebidunak diren kasuetan EAEn eta Nafarroan transmisioa bermatuta dagoela erakusten dute datuek. Iparralden oraindik ere galerak izaten dira. Bikoteko kide batek euskararik ez dakien kasuetan, transmisioa %86ean ematen da EAEn, %71ean Nafarroan eta %44ean Iparralden.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus