euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

IV. Euskal Herria Mugaz Gaindi nazioarteko mintegira lanak bidaltzeko epea abuztuaren 31 arte dago irekita

2007/07/26

Kongresuaren afitxa
Kongresuaren afitxa

PUBLIZITATEA

IV. Euskal Herria Mugaz Gaindi mintegian parte hartu nahi duten historialariak eta ikerlariak oraindik garaiz dabiltza, bertan aurkezteko lanak bidaltzeko epea abuztuaren 31ra arte irekita egongo delako. Mintegia urriaren 25 eta 26ean egingo da Baionan eta Uztaritzen (Lapurdi). Mintegiak hiru ardatz nagusi izango ditu: Emigrazioa eta Kultura; Emigrazioa eta Politika, eta Itzulerak. Antolakuntza batzordeko kide Claude Mehatsek BasqueHeritage.com-i adierazi dionez, hogei bat lan aukeratu dituzte dagoeneko, Euskal Herria, Argentina, Mexiko, Frantzia eta AEBtatik bidaliak. Lanak aurkeztu nahi dituztenek abuztuaren 31 dute epea.
IV. Euskal Herria Mugaz Gaindi Nazioarteko Mintegiak hiru gai izango ditu ardatz: 'Emigrazioa eta Kultura', 'Emigrazioa eta Politika' eta 'Itzulerak'. Mintegia Baiona eta Uztaritzen egingo dute, urriaren 25 eta 26ean, eta aurreko edizioetan bezala, mintegi birtual bat egingo dute jarraian interneten Lapurdira biltzeko aukera ez dutenentzat. Mintegi birtuala azaroaren 5etik 30era egingo dute, EuskoSareren webgunean. EuskoSareko Ikertzaileak komunitatea da mintegiaren antolatzailea eta honoko elkarte eta erakundeak ari dira laguntzaile: Université de Pau et des Pays de l’Adour, Euskal Herriko Unibertsitatea, Conseil Général des Pyrénées Atlantiques, Conseil Régional d’Aquitaine, Euskal Kultur Erakundea (EKE), Baionako Udaletxea eta Eusko Ikaskuntzako Historia-Geografia saila.

'Hogei bat lan aukeratu ditugu jada', azaltzen du Claude Mehats historialari lapurtarrak, antolakuntza batzordeko kideak. 'Ikerlari askok parte hartuko dute, batzuk aurreko edizioetako lagun zaharrak dira, eta beste batzuk kide berriak'. Dagoeneko aukeratu dituztenen artean Frantzia, Bartzelona, Argentina, Mexiko eta AEBtako ikerlariak daude. Parisetik, adibidez, Marie-Pierre Arrizabalaga ikerlaria heldu da, AEBetan eta orain frantziar hiriburuan euskal emigrazioari buruzko bi tesien egile. Bere ikerketetan, emigrazioak Iparraldean izan duen eragina aztertu du, hiru belaunalditan zehar 120 familien historia jarraituz. AEBetako ikerlarien kasuan, Nevada-Renoko Unibertsitatean tesia bukatzen ari den Argitxu Camus Etxekopar zuberotarrak mintegian parte hartuko du, baina bakarrik alde birtualean, ezin izango duelako Baionara etorri.

Lanak nola/nora bidali

Erantzun ona ari da biltzen mintegia eta ponentzia ugari jaso dituzte jada, baina antolatzaileek azaldu dute oraindik batzuk falta direla aukeratzeko. Horregatik lanak bidaltzeko gonbitea luzatu nahi diete munduko ikerlariei. Nahiz eta mintegia euskal diasporaren ingurukoa den, mintegiko gai nagusiekin erlazioa duten beste diasporetako gaiak ere gustura hartuko dituzte. Lanak bidaltzeko epea abuztuaren 31 arte egongo da zabalik. Parte hartu nahi duenak izen-emate orria bidali behar du e-mailez antolakuntza batzordera. Bertan lanaren izenburua, egilearen izena eta erakundea eta 10 lerrotako laburpena adierazi beharko dira.

Ponentziek 35 orrialdeko luzera izango dute gehienez eta material osagarriak ere aurkeztu ahal izango dira (powerpoint aurkezpenak, dokumentuak…). Mintegiko lau hizkuntzetako edozein erabili ahal izango da: euskara, gaztelera, frantsesa edo ingelesa. Aukeraturako testuen aurre-bertsioa aurkezteko epea irailaren 30ean bukatuko da. Testu hau izango da interneten jarri eta mintegi birtualean zehar eztabaidagai izango dena.


Lotura interesgarriak

IV. EH Mugaz Gaindi IV Baionan izango da urriaren 25 eta 26ean
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko urtarrilaren 18an

III. EH Mugaz Gaindi, Montevideon
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko maiatzaren 2an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia