Iurretako alkatea, Iñaki Totorikaguena, AEBetan izan da joan den astean, iurretar guztien alkate gisa dagozkion lanak egiten. Izan ere, gonbidapena jaso zuen Boisetik, bertako Ysursa familia, Benito Ysursa euren arbaso iurretarra Estatu Batuetara iritsi zeneko Mendeurrena ari baitzen ospatzen. Ospakizun horretan, ysursatar amerikarrek lagun nahi zituzten Iurreta eta Euskal Herria, euren errealitate amerikarreko parte baitira, eta gerora ere horrek hala jarrai dezan ari baitira lanean.
Boise, AEB. Benito Ysursa bezala, Iurretako gazte gehiago atera izan dira mundura mendeetan zehar. Ysursatarren kasuan, familia Idahoko Boisen finkatu zen eta ehun urte pasatu badira ere indartsu segitzen du familiaren gogoan jatorriaren eta euskal konexioaren presentziak. Mendeurrena ospatzea, beraz, aukera ona zen familia batzeko eta, atzera begiratuta, geroari ere begirada luzatzeko. Eta hor, Mendeurrenak momentua ekarririk, Iurreta, Iurretako nahi izan dute lagun Estatu Batuetako ysursatarrek, kateari segida emateko; Benito arbaso immigratua aitzeki, ikusteko nola eguneratu eta nola eutsi Boise eta Iurretaren arteko loturei.
Horregatik gonbidatu zuten boisetarrek Totorikaguena alkatea eta horregatik onartu zuen aho batez Iurretako Udalbatzak agerpena edo ebazpena Benito Ysursari buruz --eta bera bezala herritik Ameriketara ateratako seme-alabei buruz--, goraipatuz eta errokonozimendua eskainiz Diasporako iurretarrei --"eurak eta euren ondorengoak ere Iurreta baitira", azpimarratu dute azken egunotan Boisen--, adieraziz harreman horiei eta errealitate horri segida ematea zeregin hartzen dutela.
Mendeurren hau eta Iurretako alkatearen bidaia lehenengo pausoa izan da harreman berri horretan.
Boisen egon den bitartean, Boiseko Bieter alkatearekin elkarrizketatu da Totorikaguena alkatea, Euskal Etxeko, Euskal Museoko eta hiriko euskal elkarteetako kide eta buruzagiekin, Ysursa familiako kideekin biltzeaz gain. Bestelako opariak elkarrekin banatzeaz gain, Ysursa familiari Benito Ysursaren jaiotze-agiriaren kopia marko batean ipinia oparitu zion, eta oso opari berezia izan zen baita ere, Boiseko Oinkari euskal dantza taldeko kideei eman zien Iurreta bandera brodatua, Oinkariek dantzatzen duten eta besteak beste Iurretan jatorria duen Dantzari-Dantza dantza dantzatzerakoan erabil dezaten. Momentu hunkigarriak ez dira falta izan ekitaldiotan.
Hona asteburuko kronika modukoa, zenbait argazkitan banatuta: