euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Itzuli dira Euskal Herrira Bizkaiko chef-ak Boisen euskal gastronomia aste garrantzitsua garatu ostean

2011/06/15

Idahon euskaldun jaiotako Pete Cenarrusa politikari euskalamerikar ezagunak ematen dio izena euskal kultura helburu duen 'Cenarrusa Foundation' delakoari
Idahon euskaldun jaiotako Pete Cenarrusa politikari euskalamerikar ezagunak ematen dio izena euskal kultura helburu duen 'Cenarrusa Foundation' delakoari

PUBLIZITATEA

Euskal sukaldaritzaren astea izan da joan den astea Boisen, bertako Cenarrusa Fundazioak, Bizkaiko Foru Aldundia lankide, hamaikatxo ekitaldi bildu dituen programa garatu baitu hiriburu idahotarrean Bizkaiko lau sukaldari ospetsu --Jabier Gartzia, Daniel Garcia, Iñigo Ordorika eta Sabin Arana-- euskal sukalde modu eta produktuen erakusgarri. Edarien arloan, Mikel Garaizabal sumillerra boiseratu zen, honek ere eskola eta hitzaldiak eta, besteak beste, Bizkaiko Txakolinaren dastaketa eskaintzeko gastronomiazale amerikarrei.

Boise, AEB. Bizkaiko lau sukaldari ospetsu izan dira joan den astean protagonista Boisen euskal sukaldaritza moldeei eskaini zaion programan, hiriburu idahotarrean egoitza duen Cenarrusa Fundazioa eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik. Sukaldariak Zornotzako Boroa jatetxeko Jabier Gartzia, Bilboko Zortzikoko Daniel Garcia, Gernika-Lumoko Zallo Barri Iñigo Ordorika eta Getxoko Jolastokiko Sabin Arana izan dira. Eurekin batera, eta ardoen ardurarekin, Mikel Garaizabal Pildain ibili da Boisen, Bizkaiko eta Euskal Herriko gastronomiaren argazki osatua eskaintzen.

Sei eguneko egonaldian, astearte izan zuten hastapen-egun publikoa Bizkaiko gonbidatuek, egun horretan Bizkaiko Txakolinari buruzko aurkezpen saio bat eman baitzuen Mikel Garaizabalek, euskaraz eman ere, bertako euskal lagunek ingelesa itzultzen zituztelarik bere hitzak.

Asteazken eta ostegunean, sukaldaritza klaseak Boise Estatu Unibertsitateko (BSU) Sukaldaritza Arteen Institutura pasatu ziren, etxean presta daitezkeen platerak eta errezeta ezagun eta 'errazagoak' hizpide, Euskal Herriko sukaldeetan gehien erabiltzen diren teknika eta moduak azalduz, asteazkenean; eta ostegunean, egungo euskal sukaldariek erabiltzen duten 'hutsean'go teknika eta beste modu sofistikatuagoak azaldu zirelarik. Boiseko KTVB Channel 7 telebista ere bertaratu zen, eta berria gaueko albistegian islatu zen.

Baina sukaldariek atseden handirik ez zuten izan, besteak beste prentsa, irrati eta telebistentzako elkarrizketa ugari eman behar izan baitute. Gauza bitxien artean, Boiseko suhiltzaileentzat kozinatu zuten, eta suhiltzaileen sukaldariekin aritu ziren, hauek aho zabalik utzita euskaldunek irakatsi eta erakutsi zizkieten sukalde moldeekin.

Aste bururatzeko, larunbatean Boiseko Euskal Etxean 180 pertsonentzat zerbitzatutako afaria zinez arrakastatsua bilakatu zen, sarreragatik ordaindutakoa Cenarrusa Fundazioaren lanetarako izanik. Afari didaktikoa izan zen, hainbat azalpen emanez sukaldariek eta sumillierrak platera eta ardo eta txakolin bakoitzaz.

Ekitaldion koordinatzaile izan den Gloria Totoricaguenaren esanetan, arrakasta ikusirik, baliteke berriro ere halakorik egitea, eta nolanahi ere Cenarrusa Fundazioa ari da euskal kulturari lotutako ekimen gehiago prestatzen.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia