euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Itzuli da euskal piknik sasoia AEBko mendebaldera: arrakastaz egin zen larunbatean Fresnon urteko lehena

2022/05/10

Fresnoko dantzarien 'Agintariena' joan den larunbatean bertako piknikean: ikurrina hegalka dantzarien buruen gainetik (arg AE)
Fresnoko dantzarien 'Agintariena' joan den larunbatean bertako piknikean: ikurrina hegalka dantzarien buruen gainetik (arg AE)

PUBLIZITATEA

Fresno, Kalifornia, AEB. Azken bi urteotan pandemiak euskal piknik sasoia baldintzatu ostean, aurtengoan badirudi gauzak normaltasunez hasi direla Estatu Batuetako piknik edo euskal festa sasoiari dagokionez. Larunbatean egin zen Fresnon, edo Fresnoaldean dagoen Caruthers-en zehatz esateko, urteroko euskal piknik sasoiko lehena, Fresno Basque Club antolatzaile. Jendea gogotsu bildu zen, eta aita Antton Egiguren euskal kapelauak emandako mezak abiarazi zuen eguna, ondoren emanaldiaren oholtza bikatuko zen leku berean.

Ohi bezala, Tony Campos orondriztarrak eta bere Campos Brothers almendra eta fruitu lehor enpresak utzitako pabilioian egin zen festa, aipatu Caruthers-en, almendra, fruitu-lehor eta arbola plantazioez inguratuta. Mezaren ondotik barbakoa motako bazkaria etorri zen, eta bazkalostean, ordu biak aldera, parada edo kabalkadarekin ekin zitzaion arratsaldeari.

Klika eta Fresnoko dantzariak

Oholtzapetik aritu zen bazter askotako kideak uztartu zituen klika, Fresno bertakorik, baina baita Kalifornia osotik etorritako lagunak ere, Salt Lake Citykorik ere tartean. Partaide bildutakoak, Jean Flesher, Javier Lesaca, Jean Pierre Etchechury, Dominique Camou, Christian Camou, Jean-Pierre Etcheverry, Jean-Pierre Dalia, Gabriel Dalia, Michelle Iturriria, Jean-Baptiste Bidegaray, Johnny Etchamendy, Marianna Etchamendy eta Pampi Etchechury.

Bereziki azpimarratu nahi dugu Fresnoko dantzariek eginiko lan ederra. Akordeoi-jotzaile eta buru, Manuela Etchechury, eta berarekin dantza-emanaldikide Gabriel Etcheverry, Emelia & Eva Martinez,  Claire Baradat, Juliana Ayerza, Robynn (Calzacorta) Huber, Michaela Betbeder, Madalynn Calzacorta, Emma Esteve Manley, Casey Campos, Elena Campos, Angelina Echeverria, Dominique Etchechury, Pampi Etchechuri, Berklet Hayes, Elisa (Calzacorta) Huber, Kim Calzacorta, Berkely, Devonne Etcheverry, Frances Echeverria eta Trip Echeverria eta Cole Calzacorta.

Oparia Manuela Etchechury-ri

Fresnoko Euskal Etxe eta dantzariek, gainera, opari bat egin zioten euren zuzendari eta musikari den Manuela Etchechury-ri, eta emanaldi eta errepiketan dantzarientzat jotzen ari dela musika-paperei eusteko egurrezko atril bat eman zioten, tailatutako lauburu bat aurrean. Manuelak honako hitzekin aiderazi zuen bere esker ona:

"Geure aita, ama eta anaia dantzari bikainak dira, Jean Pierre senarra eta Dominique eta Pampi semeak bezala. Oso gustukoa dugu gure kultura dantzaren, musikaren eta janariaren bidez ospatzea. Pozgarria da oso haur eta heldu horiei dantzatzen irakastea eta dantza-pistan ondo pasatzen ari direla ikustea. Zorionez, Dominique eta Pampik tradizioak ikasi eta mantendu ahal izan dituzte. Dantza-taldeak eman didan atril eder honen opariak biziki poztu nau, nire dantzari guztiek sinatu baitute barrualdean. Eskerrik asko bihotz-bihotzez".

Bala edo erromeria garaian, Jean Flesher buru duen Amerikanuak taldea aritu zen musikari. Flesherrekin, akordeoia eta ahotsa, aritu ziren Michelle Iturriria ahots eta tronpetan, eta Jean-Pierre Etchechury bateria edo atabaletan.

Camoutarrak eta Etchechurytarrak

Jendea hain gogotsu ikustearekin batera, gustua ematen zuen klikan Dominique eta Christian Camou aita-semeak elkarrekin aritzen ikustea makilari, semeak hamazapi urte, baina segidaren bidea fier atxikitzen. Gogor atxikiten dute Kalifornian arras ezagutua den Camoutarren makilari tradizioa.

Baina gaurkoan bereziki aipatu nahi dugu Etchechury familia, Jean-Pierre eta Manuela, bihar kaliforniarrak, biak bizitza osoa euskal kulturari ekartzen, heien bi seme-alaba Dominique eta Pampirekin batera. Larunbatekoan, Etchechurytarrak, hainbestetan bezala, ikus zitezkeen berdin musikari, antolatzaile, dantzari, klikako... Biharamunean, heien Fresnoko Santa Fe euskal ostatuan ikus zitezkeen lanean, usadioari jarraiki bertan egin baitzen pikikaren ondoko euskal gosari edo brunch-a.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia