Arrecifes, Argentina. Zoriontasun irribarrea ezpainetatik kendu ezinik, maletak oraindik ia desegitear dauzkate Mariana Domine Irigoyen arrecifestarrak antolatutako Euskal Herria 2023 Tourreko partaideek. Ekainean itzuli baziren ere. Bati baino gehiagori ez zaio falta aurtengo urrirako iragarri berri duen bigarren Tourrera igotzeko gogoa. Oraingokoan aldaketa txikiren bat egiteko asmoa du euskal komunitateari bereziki zuzendutako bidaien antolatzaileaden Marianak. Tartean, gau pare bat Ipar Euskal Herrian igarotzeko aukera, Baionan edo Donibane Lohizunen adibidez. Eta euskal landa-eremuarekiko eta baserrien munduarekiko harreman eta presentzia indartzea.
Ekainean amaitu berri duen "Euskal Herria 2023" Tourrari dagokionez, abeslaria eta Maral taldeko erreferentea denak honela laburbildu dio EuskalKultura.eus-i: “Argentinako hainbat tokitako 26 bidaiari lagun genituena Euskal Herrian zehar ibili gara, tokirik esanguratsuenak bisitatuz, istorioak partekatuz eta euren arteko batzuen familia berrelkarketen lekuko izanez. Hamazazpi egun eder izan dira”.
Norberaren jatorriaren lurra ezagutzeko irrika
Lapridako Lagunen Etxeko Kultura Arloko arduradun den Silvia Azpiazu taldeko bidaiarietako bat izan da eta honela laburbiltzen digu bere kasuan Euskal Herrira egin duen lehenengo bidaia izan den honen bere inpresioa: “'Txotx' oihuarekin hasten da festa, sagardoa eta janaria Euskal Herriko bazter guztietan, pasio handia izan da, nostalgia handia eta lurrarekin, kaleekin, bizitza eman zidatenek zapaldu eta ibili zituzten espazio horiekin topo egitea”.
Buenos Airesko Euskaltzaleak-eko euskara ikasle Maria Esther Landaburuk bat egiten du. “Bidaia zinez zirraragarria izan da emozionalki, izugarri gozatu dut eta asko gustatu zait. Mariana koordinatzaile bikaina da, ziurgabetasunei eta galderei ondo eusten die. Gidari ederrak izan ditugu, ezagutza eta prestakuntza handikoak. Eta bisitatu dugun leku bakoitza, ederra izan da. Bidaiara bildu garenok jatorri eta helburuak partekatzea hain maitea dugun lurraldea, aitarena, amarena edo aiton amonena bisitatzeko, irrika bera izateak, berehala eragin zuen gure artean kidetasuna. Eta esanahiaz betetzea eta ulertu ahal izatea ume gineneko famili oroitzapen haiek. Zalantzarik gabe, berriz egingo nuke bidaia", esan digu.
Euskal Herria 2023 Tour-aren bigarren edizioaz xehetasun gehiago eskuratzeko, idatzi mdomine2002@hotmail.com helbidera edo whatsappa bidali (+54) 2478-498361 zenbakira. Sare sozialeen bidez:
-Facebook: Mariana Domine Irigoyen
-Instagram: mariana.domine.2014