euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Itziar Rekalde Luzarragak Ahozko Kontaerari buruzko tailerra emango du La Platan, azaroaren 21ean

2012/11/06

Tailerra iragartzeko afixa
Tailerra iragartzeko afixa

PUBLIZITATEA

Unibertsitateko Gogoetarako Euskal Katedra Askeak antolaturik, Itziar Rekalde Luzarraga kontalari euskaldunak ‘Ahozko kontaerako teknikei buruzko tailer-laborategia’ eskainiko du La Platako Unibertsitateko egoitzan. ‘Komunikazioaren eta artearen arloan, ahozko kontaeraren garrantzia nabarmentzea’ helburu duen tailerra egun osoko ekintza izango da, bi zatitan banatuta: azalpen teorikoa eta debate/praktika. Hitzordua azaroaren 21ean izango da, 9etatik 12etara eta ordu 2etatik 5etara, Giza Fakultateko 428. ikasgelan. Partaidetza doakoa da.

La Plata, Argentina. Komunitate osoari luzatzen dio gonbitea La Platako Unibertsitateko Gogoetarako Euskal Katedra Askeak. Egun osoko jardunaldian, ahozko kontaerarekin lotura duten hainbat puntu landuko ditu Itziar Rekalde adituak, tartean, errotze eta deserrotzea, imaginario komuna, komunikazio ekintza, gogora ekartzearen garrantzia, irudimenezko bidaia eta sormen artistikoa. Bide batez eta hari hauen bidez, batez ere lau gai garatuko dira: a) Nola sortzen da ipuina? b) Noiz eta Non? c) Ahozkotasuna, transmisio tresna; d) Izan zirelako gara.

Itziar Rekalde Luzarraga Euskal Herriko Kontalarien Elkartearen sortzaileetako bat eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteko kidea. Horrez gain, Kukubazar izeneko antzerki taldeko kide ere bada eta oso jarduera oparoa du ahozko kontaera, antzerki, clown eta bapatekotasun arloetan. Tailer-laborategia datorren azaroaren 21ean egingo da goizeko 9etatik 12etara eta arratsaldeko ordu bietatik bostetara, Giza Fakultateko 428. ikasgelan. Katedrarekin batera, Giza Fakultateko Letra Departamentua ere izango da antolatzaile. Parte hartzeko, eman izena pensamiento.vasco@presi.unlp.edu.ar helbide elektronikoan. Ekintza doakoa da eta asistentzia agiriak emango dira.

Gizataldeen katedra askeen bilkura

Bestetik, La Platako Gogoetarako Euskal Katedra Askeak jakinarazi digu irailaren 26tik 28ra Gizataldeen katedra askeen I. bilkura burutu zela Unibertsitateko instalazioetan. Sei kolektibitatek egin zuten bat topaketan, esan nahi baita aragoiar, andaluziar, frantses, gaztela-leondar, kataluniar eta euskaldunak.

  Katedra askeen bilkura 2012 01 

[Euzko Etxea-ko abesbatzaren kontzertua, liburu erakusketa eta Mintegiaren bukaera, La Platako Unibertsitateko Gogoetarako Euskal Katedra Askea-ren esku (argazkiak EKA)]

Hiru egunetan zehar, mota askotako proposamenak eskaini zizkioten katedrek publikoari, hala nola, hitzaldiak, Euzko Etxea-ko abesbatzaren kontzertua, liburuen erakusketa eta zinea, batzuk aipatzearren soilik. Antolatzaileen balantzea ona baino hobea da eta ez dute baztertzen datorren urtean esperientzia errepikatzeko aukera.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia