euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Itziar Okariz euskal artistak Bilbori buruzko bideo bat erakutsiko Buenos Airesko San Martin Kultura Etxean

2009/05/26

Itziar Okariz artista euskalduna artxiboko irudi batean
Itziar Okariz artista euskalduna artxiboko irudi batean

PUBLIZITATEA

Erakusketak 'Cartografias disidentes' du izena eta Itziar Okariz donostiarrarekin batera beste sei banako artistak eta bi kolektibok hartuko dute parte ostegun honetatik aurrera Buenos Airesko San Martin Kultura Etxean ikusgai eskainiko den ekimenean. Bilborekin batera, beste sei hiri amerikar --Caracas, Sao Paulo, Mexiko Hiriburua, Habana, Buenos Aires eta Txileko Santiago-- eta bi iberiar --Bartzelona eta Madril-- egongo dira ordezkatuta beste hainbeste artistek eginiko bideoetan. Erakusketak uztailaren 4an itxiko ditu ateak Buenos Airesen, bertatik Kuba aldera egiteko.

Buenos Aires, Argentina. José Miguel G. Cortés da erakusketako zuzendaria eta partaide izan ditu zazpi banako artista eta beste bi kolektibo, bakoitzak bideo bana egin duelarik Ameriketako edo Espainiako etstatuko hiri bati buruz:  Alexander Apóstol-ek, Caracas-ez egin du; Antoni Abad eta Gloria Martí-k, Sao Pauloz; Hannah Collins-ek, Bartzelonaz; Minerva Cuevas-ek, México Hiriburuaz; Carlos Garaicoak, Habanaz; Carmela Garcíak, Madrili buruz; Grupo de Arte Callejero delakoak, Buenos Airesez; Mario Navarro, Txileko Santiagoz; eta Itziar Okarizek Bilboz.

Sortzaileetako bakoitzak gaitzat hartu duen hiriari buruzko mapa edo gida bat asmatu du, kamera aurrean ipiniz eta ahotsa emanez normalean, arrazoi sozial, etniko, kultural edo erlijiosoengatik, halako aukerarik ez daukaten giza-talde eta pertsonei, eta, finean, hirietako mapa eta gidaliburuetan isla ez daukatenei. 'Cartografias disidentes'ek ikusle bakoitzaren eskuetan uzten du hiriaren bere mapa egiteko eta nahi duen erara metropoli handi batek dituen osagaiekin bertsio propioa egiteko aukera.

Erakusketa Espainiako Kanpo Kultur Ekintzetarako Estatu Sozietateak (Seacex) antolatua da, Kanpo Gaietarako eta Kooperaziorako Ministerioko Kultura eta Zientzia Harremanetarako Zuzendaritza partaide; eta lankide, Errepublika Argentinarreko Espainiako Enbaxada, eta Buenos Airesko San Martin Kultura Etxea. 2007ko abenduan Madrilen inauguratua izan ondoren, erakusketa  Txileko Santiagon, Rio de Janeiron, Sao Paulon, Caracasen, Mexiko Hiriburuan eta Cartagena de Indiasen ibilia da dagoeneko, eta Buenos Airesen bukatu ondoren Kuba aldera abiatuko da, bertan arrazabaldua izateko.

Lotura interesgarriak

Itziar Okariz Wikipedian
http://en.wikipedia.org/wiki/Itziar_Okariz

Erakusketaren aipua Seacex-eko webgunean
http://www.seacex.com



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia