euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Itziar Ituñorekin solasean, Diaspora hizpide, 'Paperezko Etxea'ren hirugarren denboraldiaren atarian

2019/01/23

Itziar Ituño: ezkerreko argazkian, Raquel Murillo inspektorearen azalean; eskubikoan, Basaurin, Buenos Airesko Euskaltzaleak-ek 'Ni una menos' mugimenduarekin atxikitzeko egin zuen nikiaz jantzita
Itziar Ituño: ezkerreko argazkian, Raquel Murillo inspektorearen azalean; eskubikoan, Basaurin, Buenos Airesko Euskaltzaleak-ek 'Ni una menos' mugimenduarekin atxikitzeko egin zuen nikiaz jantzita

PUBLIZITATEA

Badaki gure diasporari ‘Zortzigarren probintzia’ deitzen zaiola eta hobeto ezagutu nahi luke. Erraz jar daiteke munduan euskara ikasle direnen larruan, bera ere heldua zela euskaldundu baitzen. Jakitun da Euskal Herrian Diasporaz dagoen ezagutza txikiaz eta argi ikusten du zein garrantzitsua izan daitekeen etorkizunerako bien arteko zubiak eraikitzea. ‘Paperezko etxea’ren 3. denboraldia grabatzen hasia, bertan Murillo inspektorearen papera egiten duen Itziar Ituñok bere amets bat aitortzen die EuskalKultura.com-eko irakurleei: “Izugarrizko ilusioa emango lidake Hego Amerikako euskal etxeak ezagutu eta euskal jairen batean ‘Dangiliske’ taldearekin jo edo euskaraz zerbait antzezteak…”

Sabrina Otegi / Basauri, Bizkaia. Diasporatik iritsi berriak bisitatzen dugu Itziar Ituño aktore, zuzendari, abeslari eta musikaria. Urtetan Nekane Beitia ertzainaren papera egiten ezagutu genuen “Goenkale” telesailean; “Loreak”-eko Lourdes pertsonaiarekin Oscar sariekin amestu zuen, historian lehenengo aldiz euskarazko luzemetraia bat hautagai izendatu zuten aldian; eta nazioarteko fama Raquel Murillo inspektorearen eskutik iritsi zaio, ‘La casa de papel’ (Paperezko etxea) telesaila Netflix medio mundu osora zabaldu eta arrakastatsu bilkatu denean, Grammy sari bat bereganatuta gainera. Ospeak, hala ere, ez du aldarazi gure solaskidea ez eta Euskal Herria eta euskararekiko daukan engaiamendua ahuldu. Ez dauka sorleku eta bizileku dauzkan Basauritik aldatzeko asmorik. Primeran hartu eta berehala eman zion baietza gurekin bildu eta EuskalKultura.com medio Diasporako jendearentzat hitz egiteko elkarrizketa proposamenari; baiezko erantzuna ez ezik, “ilusio handiz” egingo zuela ere erantzun zigun.

-Euskal Diasporaren Eguna ospatu da lehen aldiz joan den irailaren 8an. Zu zeu Euskal Herrian jaiotakoa izanik, zer dakizu Diasporaz? Kontakturik edo aukerarik izan duzu hurbiletik ezagutzeko munduan zehar euskal kultura eta nortasuna bizirik mantendu eta landu eta jorratzen dituen fenomeno honekin?

-‘Zortzigarren probintzia’ deitzen diotela dakit. Ez dakit oso ondo zelan mugitzen diren gauzak Diasporan, edo zelan ikusten den handik Euskal Herria. Duela urte batzuk Dangiliske taldearekin gonbidatu gintuzten Mallorcako Euskal Etxetik ikuskizun berezi bat egitera, hango diasporarentzat, Euskal Herritik kanpo dauden euskaldunei begira. Baina kontaktu hori baino ez dut izan. Ez dakit zenbat diren, ez daukat euren inplikazioaren berri gehiegi… Ah, badakit euskal etxeetako batzuetan kristoren frontoiak daudela eta egundoko kontzertuak montatzen dituztela, euskal jaietan…

-Asko izan dira historian zehar Ameriketara abiatu diren euskaldunak. Ez dakit zure familiako inoren kasua izan den...

-Bai! Amama Jesusaren osaba bat Argentinara joan zen, aspaldi-aspaldian. Felipe Fernandez de Las Heras del Ors zuen izena eta Gonzales Chaves izeneko leku batera joan zen. Etxetxo bat zeukan han. Egun batean hilda agertu omen zen, antza jokoari lotutako zerbait tarteko. Gerra zibilaren ostean gutun bat ailegatu zitzaion amamari esanez herentzia bat, halako ‘rantxo’ bat zeukala herentzia moduan. Imajinatu zer zen nire amama bezala sekula bere herritik atera ez zen pertsona batentzat Argentina bezalako herrialde erraldoi bat aipatzea! Nafarra zen bera… Beraz etxetxoa berehala saldu zuen, lau txanponen truke. Orain batzuetan esan egiten diot amari, erdi txantxetan, erdi serio, ‘Ama, imajinatzen duzu etxetxo bat edukiko bagenu Argentinan…?”.

-Euskal etorkinen ondorengo ugari daude munduan, batez ere Argentina eta Amerikan…

-Bai, eta hemengo jendeak ezer gutxi daki… ezer gutxi dakigu. Eta uste dut beharrezkoa dela elkar ezagutzea, kontaktuan egotea, zubiak eraikitzeko, nahiz eta ozeano bat egon erdian. Oso aberasgarria izango litzateke guztiontzat.

-Ez dakit ohartuko zinen, baina zu zeu zure lanarekin, hasia zara dagoeneko hurbiltzen Diasporara… ‘Loreak’ filma euskal etxe askotara iritsi da, eta pelikularekin batera euskara eta Euskal Herriaren irudi eguneratu bat.

-Zalantzarik ez dago gaur egun askoz errazagoa dela komunikazioa eta jendearengana iristea, egiten duzuna edonongo publikoarengana heltzea. Oso gauza polita gertatu zitzaidan, esate baterako, Ingot gure taldearen abesti batekin. 'Patagonia Revelde' (sic) talde argentinarrak ‘Zeugaz’ kantaren bertsio bat egin zuen. Fran-ek, taldeko abeslariak, ikusiak zituen ‘La Casa de Papel’ eta ‘Loreak’ eta gero jakin zuen Ingot taldea osatu genuela eta ‘Zeugaz’ asko gustatu zitzaionez gaztelaniazko bertsio bat egin zion. Duela hilabete batzuk ailegatu zitzaidan abestia, zede batean grabatuta, bertsio akustikoan, opari moduan, eskuz idatzitako gutun batekin. Entzuteak asko hunkitu ninduen, kontaktuan jarri nintzen beraiekin eta harremana segitzen dugu. Oso bitxia izan zen kontua, oso polita, bizitzak batzuetan oparitzen dizun horietakoa… ['Zeugaz' gaztelaniaz, Itziar partaide].

-Ez dakit badakizun, baina ‘La Casa de Papel’ telesailak, espainiar telebista batek egindakoa bada ere, euskara zabaltzeko ere balio izan du. Izan ere, azkenaldian hurbildu zaigu gazterik Argentinako euskal etxeetara euskara ikastera zeure jarraitzaileak direlako…

-Hara! Harrigarria da! Giza-sareetan ere, eragina ikaragarria da. Nik Instagram erabiltzen dut eta euskaraz, gaztelaniaz, eta batzuetan ingelesez edo portugesez idazten dut bertan. Eta iritsi izan zait oparirik edota argazkirik kanpotik, euskaraz, nik jarritako euskarazko esaldiekin. Nik argi ikusten dut euskara zabaltzea beti dela ona, berdin da nola.

-Zu, gainera, eredu polita izan zaitezke euskara ikasleentzat zu zeu ‘euskaldunberria’ zarelako.

-Euskaldunberria naiz, bai, eta harro nago. Basauriko AEKn ikasi nuen, hemeretzi urterekin. Garai hartan Basaurin ikastola bakarra zegoen, oso txikia, eta gurasoak euskaldunak baziren aukera gehiago zeneukan sartzeko, baina nire kasuan ez zen honela. Ama juxtu euskara ikasten hasia zen, gau eskoletan, diktadura ostean, eta eskolan A ereduan matrikulatu ninduten. Dena erderaz… Geroago, momentu jakin batean, kontraesan bat sentitu nuen neure barnean: “euskalduna naz eta ez dekot euskara”. Beraz euskaltegian apuntatu nintzen eta, buru belarri, eta bizpahiru urtetan EGA atera nuen.

-Zer eman dizu euskarak?

-Asko! Profesioan, hasteko, asko, kasik dena. Hasi, ‘Goenkale’n hasi nintzen, ‘Goenkale’tik antzerkira pasatu nintzen, guztia euskaraz; eta gero ‘Loreak’; ‘Loreak’ pelikularekin ateak zabaldu ziren eta ‘La Casa de Papel’ bide horretatik iritsi zen. Maila pertsonalean, euskarak leku bat eman dit munduan. Ni euskalduna sentitzen nintzen baina euskara dakidanetik beste puntu batetik ulertzen dut gure herria; errotik, esango nuke, sustraietatik. Berba guztietan topa dezakezu zer garen eta zelan azaltzen dugun mundu hau eta bizitza bera azaltzeko gakoa. Esan bezala, euskaldunberria naiz eta oso harro nago. Euskaldunzaharrek batzuetan konplexuak sartzen dizkigute, baina eurek ez dakite zer den esfortzu hori egitea; eta zein bide polita den. Euskalki pilo bat dago eta horietako bat da euskaldunberriona.

-Nolabaiteko mugarria izan da 'Paperezko etxea'n Raquel Murillo inspektorearena egitea?

-Bai. Nik banekien Espainiara nindoala telesail bat egitera, eta pentsatzen nuen hor geldituko zela asuntoa. Baina klaro, gero Netflix plataformak erostean paregabeko booma etorri zen eta hori ez nuen espero. Ez genuen inondik inora espero halako fenomenoa bihurtzea Argentinan, Brasilen, eta Hego Amerika osoan, aluzinatuta gelditu ginen. Bat-batean konturatzen zara jendearen jarrera zurekiko aldatu egiten dela… gutunak, opariak, fan klubak… Niretzat gauza erabat berria izan zen… Ni beti egon naiz hemen eta hemen ez da inoiz horrelakorik sortu. Barregura sartzen zitzaidan… ohitura falta… fenomeno berria zen niretzat. Duela hilabete batzuk, adibidez, Perun egon naiz, eta Liman ezagutu egin naute kalean, tabernetan… Amazonian, oihanean ere ezagutu ninduten… Eta nik ez dakit zelan kokatu hori nire bizitzan. Bestalde, lan arloan ez dut igarri boom-ik; Spielberg-ek ez dit deitu (barreak) eta jarraitzen dut antzeko parezido, antzerkian, Ingot eta Dangiliske musika taldeekin…

-Zergatik uste duzu lortu duela telesailak horrenbesterainoko arrakasta?

-Nik esango nuke arrakasta istorioa kontatzeko erritmoan dagoela, oso arina da, kamera nola mugitzen den... Atal bakoitzak badauka amu bat eta ikusleak gogotsu geratzen dira. Beste alde batetik, istorioa bera… atrakoa… Ideia oso ona da. Badauka kutsu bat ‘antisistema’ eta uste dut hortan dagoela arrakasta. Nik pentsatzen dut jende asko kokotaraino dagoela, eta identifikatuta sentitzen dela atrakatzaileekin. Niri tokatu izan zait beste aldean egotea, normalean hori tokatzen zait, ez dakit zergatik (barreak); hala ere negoziaketak egiteko papera gustatzen zait. Raquel Murilloren papera gustatzen zait, batez ere bizitza hankaz gora daukalako; eta emakumea delako, eta ikusten da zelan dagoen zapalduta, mundu guztiak nahi duela bere gainetik pasatu. Tratu txarrak jasotzen ditu, ez diote sinesten… Hori gai delikatua da eta apropos sartu zuten; emakume indartsu bat daukagu baina bere bizitza pertsonalean tratu txarrak jaso ditu eta gidoilariek kontatu nahi izan dute hori, edonori gertatu ahal zaiola begi bistan uzteko. Eta egia esateko hori izan zen gehien kostatu zitzaidana.

-Gustatuko zitzaizun Irakaslea izatea?

-Bai, guztiz, "orain nire txanda da" esatea beste istorio bat izango zen.

-Espainian estreinatu aurretik, sektore batzuk telesaila boikoteatzen saiatu ziren zu eta zure jarrera politikoa salatuz. Nola bizi izan zenuen hori?

-Oso gaizki pasa nuen. Telesaila bertan ateratzen den aktore baten pentsamoldeagatik boikotatu nahi izateak estatuan demokrazia falta itzela pairatzen dugula uzten du agerian, eta hori artista guztiok modu batean edo bestean sufritzen gabiltzala; eta ni hor, bat gehiago baino ez naiz izan, nire kontra joan ziren euskalduna naizelako eta ditudan ideiak ditudalako.

-Nola ikusten duzu Euskal Herriaren etorkizuna?

-Historian badaude momentu batzuk aurrera egiteko eta beste batzuk atzera egiteko. Uste dut historia zirkularra dela, espirala, eta momentu honetan kontrako badirudi ere uste dut zirkuluaren atzeko partean gaudela. Nolabait esateko, ilargiaren alde ilunean. Euskaragaz ez goaz oso aurrera, kontrakoa ematen duen arren. Gazteek ez dute gehiegi erabiltzen eta oraindik arriskuan dago. Herri moduan segitzen dugu errekonozimendu falta itzelarekin, eta eskubideekin gauza bera. Uste dut gure eskubideak jatorriko herri bat bezala ez direla errespetatzen eta berdin jarraitzen dugula. Eta ikusten dut jendearegan neke puntu bat Euskal Herri honetan. Baina beno, aldatuko dira gauzak, badakit irauten jarraituko dugula, orain arte moduan, euskaldunok beti egin dugun legez.

-Batzuk diote Diasporak rol garrantzitsua izan dezakeela etorkizunari begira, indar handiko baliabidea izan daitekeela.

-Izan ere horregatik pentsatzen dut oso garrantzitsua dela diasporarekin zubiak eraikitzea, kontaktua sendotzea. Pertsonalki, asko gustatuko litzaidake Hego Amerikara, Argentinara joatea. Dangiliske taldearekin euskal jai batera joatea, edo antzerkia egitera, euskaraz zerbait eramatera euskal etxeetara… Kristoren ilusioa emango lidake joateak batez ere hura eta hangoak ezagutzeagatik, euren errealitatea bertatik bertara ezagutzeagatik, neronek ikusteagatik zelan ikusten diren gauza handik. Eta zuen buletina bereziki Diasporan zabaltzen denez, aprobetxatu nahi dut Diasporako lagun guztiei besarkada handi-handi bat bidaltzeko.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia