euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

"Itziar Ituñogatik ikasten dut euskara", aitortzen du Buenos Airestik María Sol Cicerok, Madrilgo EEko euskarazko Poesia sariduna

2024/06/20

Itziar Ituño inspirazio, Maria Sol Cicero Moroni euskaran murgildu eta EHaren bihotzera heldu da. Argazkian, Bilbo bisitatzen
Itziar Ituño inspirazio, Maria Sol Cicero Moroni euskaran murgildu eta EHaren bihotzera heldu da. Argazkian, Bilbo bisitatzen

PUBLIZITATEA

Buenos Aires / Madril. "Ez daukat euskal odolik, Itziar Ituñoren zalea naiz eta beragatik hasi nintzen euskara ikasten” aitortu dio EuskalKultura.eus-en Buenos Airesko korrespontsalari Maria Sol Cicero argentinarrak, aste honetan bertan ebatzi den Madrilgo Euskal Etxearen Poesia Lehiaketako irabazleetako bat denak. Madrilgo Euskal Etxeak hamabi urte daramatza euskarazko poesia lehiaketa hau antolatzen eta hau izan da lehenengo aldia Argentinatik bidalitako lan bat saridun gertatzen dela. "Hunkigarria”, adierazi du antolatzaile taldeko kide eta Euskal Etxean euskara irakasle den Estebe Ormazabalek.

Sol 2018an hasi zen euskara ikasten, Buenos Airesko Euskaltzaleak euskaltegian, baina laster utzi behar izan zuen Salvador bere semea jaio zelako. Amatasunak eta lanak —mediku pediatra da— ez dizkiote, hala ere, euskararekin jarraitzeko denbora, ezta gogoa ere kendu eta 2021ean bueltatu zen eskoletara.

Lehiaketak lehenengo aldiz saritu du Euskal Herritik 10.000 kilometrora dagoen euskaltegi bateko ikasle bat, errekonozituz Solen lana eta nolabait merezimenduzko beste lan bat, kasu honetan Euskaltzaleak-ek, 1944tik hona Buenos Airesen euskaldunak hazten egiten duena

Gaur egun Euskaltzaleak-en ikasteaz gain Etxepare Euskal Institutuko Euskara Munduan programan ere ari da trebatzen Sol, laster euskara irakasten hasteko. Eta zein lotura dauka Solek Euskal Herriarekin? “Ez daukat euskal odolik", diosku. "Itziar Ituñoren zalea naiz eta beragatik hasi nintzen euskara ikasten”, aitortu dio buletin honi irribarre natural handi batekin euskalduntzeko bere zioei buruz galdetutakoan.

XII. Poesia Lehiaketa

Madrilgo Euskal Etxeak urtero antolatzen duen Euskarazko Poesia Lehiaketa bere hamabigarren ediziora iritsi da aurten eta ohi duen moduan erreferentzia garrantzitsua izan da beste behin Euskal Herriko eta Euskal Herritik kanpo dauden euskara ikasle eta euskaldun olerkizaleentzat. Ixiar Eratsunek irabazi du lehenengo saria, "Konstelazio ibiltaria" lanarekin, eta bigarrena, eta aldi berean Amerikako euskal etxe batera joan den lehena, Maria Sol Cicero Moroni izan da, "Bi ezezagun" lanarekin.

Lehiaketak bi kategoria dauzka, bat orokorra, eta bestea lokala. Hauexek dira saridunak bi kategorietan:

SARI OROKORRA
• Lehenengo saria: Ixiar Eratsun Urtzelaieta. “Konstelazio ibiltaria”.
• Bigarren saria: Maria Sol Cicero Moroni. “Bi ezezagun”.

MADRILGO EUSKAL ETXEKOEN LAN ONENAK
• Lehenengo saria: Maria Izaga Aguirre, “Teoria poetikoa”
• Bigarren saria: Vicente Valle Tejada, “Euskara”

Gogora dezagun Madrilgo Euskal Etxeak Etxepare Euskal Institutua lankide duela eta Alberdania, Txalaparta eta Erein argitaletxeen laguntzarekin antolatzen duela Lehiaketa. Euskal Etxeak bere esker beroenak eman nahi dizkie lagundu duten guztiei eta lanak bidali dituzten parte hartzaileei guztiei.


Ostiral honetan egingo da Euskal Etxean Poesia eta Podcast sari banaketa eta Ikasturte Amaierako Festa

Poesia eta podcast sari banaketa

Euskarazko XII. Poesia Lehiaketaren sariak ostiral honetan, ekainaren 21ean, iluntzeko 7etan, banatuko ditu Madrilgo Euskal Etxeak bere egoitzako Pello Aramburu aretoan. Ondoren, 7:30ean, Europako Euskal Etxeen II. Podcast Lehiaketaren sariak banatuko dituzte. 8etan, berriz, festa egiteko ordua izango da: Euskal Etxeko egongelan Ikasturteko Amaierako Festa ospatuko dute bildutakoek.

- Madrilgo Euskal Etxea sareetan, Euskal Etxea Madrid; euskal etxea_madrid 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia