Buenos Aires, Argentina. Ostiralean Buenos Airesko Euskaltzaleak euskaltegian egindako saio berezi batean estreinatu da Argentinan 'Ilargi guztiak´, Igor Legarretaren bigarren filma. Bildutakoak elkarteko kideak eta euskara ikasleak izan ziren gehienbat eta harrera bikaina eskaini zioten euskaraz grabatutako filmari eta, zer esanik ez, saiora bertaratu zen Itziar Ituño euskal aktoreari. Izan ere, hainbat aho bete hortz geratu ziren proiekzioa hasi aurretik basauritarra aretoan sartzen ikustean. Igor Legarretaren agurra ere jaso zuten bildutakoek, honek horretarako propio grabatutako bideo batez.
Igor Legarreta zuzendariaren agurra Buenos Airesko Euskaltzaleak-en bildutako lagunei
Itziar Ituño Euskaltzaleak Buenos Airesko euskaltegiko ostiraleko saioan solaskide
Filma Euskal Herrian, XIX. mende bukaeran, azken karlistada garaian gertatzen da. Umezurztegi bateko hondakinetatik, larri zauriturik dagoen neskato bat heriotzatik salbatzen du basoan bizi den emakume batek. Alabatzat hartuko du baina laster gertaera bortitzek banatzera behartuko dituzte. Itziar Ituñoz gain partaide dira pelikulan Haizea Carneros aktore gaztea, zinemako bere lehenengo paperean, eta Josean Bengoetxea, Zorion Egileor, Elena Uriz eta Lier Quesada, bestek beste.
Pelikula eman ondoren, Ituñok ikusleen galderak erantzun eta 'Ilargi guztiak'en grabazioaren nondik norakoak partekatu zituen publikoarekin. Gaur egun Buenos Airesen grabatzen ari den Mariano Hueterren 'Pensamiento lateral' (Alboko pentsamentua) filmaz ere mintzatu zen. Euskaltzaleak-en bertan etxeko sukaldari bolondresek prestatutako gutiziak afaldu ondoren, euskaldunen ohiturei jarraituz, kantan eta dantzan bukatu zuten aktoreak eta enparauek gau ahantzezina.
Itziar Ituño bat gehiago izan zen afalostean Euskaltzaleak-en egoitza aurrean animazio eta dantzan