Donostia-San Sebastian. Urriaren 15ean plazaratuko da 'Basque.' podcastaren lehenbiziko atala plataformetan eta baita Etxepare Euskal Institutuaren webgunean ere. Izan ere, material berri hau Etxepare Institutuak kudeatzen duen Basque. markaren baitan burutu da eta bertan garatzen diren egitasmo guztiek bezala nazioartean euskal kultura eta sorkuntza garaikidearen ikusgarritasuna handitu eta pertzepzio globala indartzea ditu helburu nagusi.
Basque. markaren podcastari dagokionez, “inspirazio-iturri ditugun hainbat sortzaile eta pertsona ezagun izango ditu protagonista; zinemaren, gastronomiaren, hizkuntzaren eta artearen ordezkari nabarmenak, hain zuzen”, azaldu dute egileek. Oier Aranzabal kazetaria izango da saioen aurkezlea eta, propio nazioarteko entzuleari begira pentsatuta egongo direnez, nahiz eta grabazioak euskaraz izan ingelesera bikoiztuko dira atal guztiak.
Lehenengo denboraldiko gonbidatuak Estibaliz Urresola zinemagilea, Eneko Atxa sukaldaria, Sahatsa Jauregi artista, Hiromi Yoshida hizkuntzalaria eta Itziar Ituño aktorea izango dira. Elkarrizketatuek euren ibilbide pertsonal eta profesionalen berri emango dute, baina hausnarketan murgildu dira baita ere nortasunaz, arrakastaz, artearen definizioaz eta funtzioarien zein euskararen etorkizunari buruz, besteak beste.
Aurreratu bezala, lehendabiziko atala urriaren 15ean kaleratuko dute eta abendura arte, hamabost egunean behin, ateratzen joango dira gaierakoak. Etxepare Euskal Institutuaren webgunean segitu ahal izango dira, baita Spotify, iVoox, Apple Podcasts, Amazon Music eta Google Podcasts plataformentan ere.
Basqueculture.eus
Gogora dezagun, bestalde, basqueculture.eus webgunea Basque. markaren ‘leihoa’ dela eta bertan atzerriko irakurle eta profesionalek eskuragarri dutela euskal sorkuntzako diziplina anitzen inguruko eduki eta informazioa. Euskal kultura A-Z izeneko atalean, adibidez, arteaz, ikus-entzunezko, literatura, musika, dantza eta antzerki, tradizio eta hizkuntzari buruzko liburu digitalak topa daitezke, ingelesez, gaztelaniaz eta euskaraz. Jaisteko egizu klik hemen.
- Instagramen, basque_culture