euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Itziar Ituño: "Diasporako jendearen begietako diztirak lagundu egiten du norbera bere herriarekin berremozionatzen"

2022/08/17

Itziar Ituño Buenos Airesko Euskaltzaleak euskaltegira joan den maiatzean egin zuen bisitaldian
Itziar Ituño Buenos Airesko Euskaltzaleak euskaltegira joan den maiatzean egin zuen bisitaldian

PUBLIZITATEA

Lehenengo bidaia egin du aurten Argentinara Itziar Ituño aktoreak, bertan film bat grabatzeko, eta aukera izan du euskal etxe pare bat bisitatu eta bertako euskaldunekin egoteko. Aurretik ezagutzen zituen euskal-argentinarrek gonbidaturik, Buenos Airesko Euskaltzaleak-ekoek bera konplize antolatutako zinema saio batean partaide izan zen, 'Ilargi guztiak' emanez, eta bat gehiago izan zen ondoko jaian. Eta Rosarioko Zazpirak Bat-ekoekin ere hori izan zen, gonbidatu eta partaide, guztien oroimenean gelditu diren uneez gozatuz. Eskarmentuaz galdetu diogu, eta hauxe da esan diguna, baita gero eta indartsuago plazaratzen ari den Korrika Argentinatik abiatzeko eskabideaz ere.

Basauri, Bizkaia. Pelikula bat grabatzeak, bertako aktoreekin, eraman zuen Itziar Ituño Argentinara joan den maiatz-ekainean. Aukera mugatua izan zuela dio, bertako euskaldunekin egon eta Argentina bera ezagutzeko ere —"Buenos Airesen izan nintzen apurtxo bat, Tigre, Rosario, Misiones eta Iguazún..."—  baina berehala laketu zela. Izan ere "oso bitxia izan zen, heldu eta segituan etxean bezala sentitu nintzen", diosku. "Begiratu ibili izan naizela munduan zehar, baina Buenos Airesen, herrialdera iritsi eta berehala etxean bezala sentitu nintzen, eta halaxe gertatu zitzaidan berta egondako denbora guztian", aitortu dio EuskalKultura.eus-i.

Bere hitzek ezalantzarik ez dute: "Hasteko, kaleen izenak, auzo eta lekuenak, asko euskal izenak ziren... Euskara ikusi dut paretetan idatzita eta horrek seguruen lagundu du giro familiarrean sentitzeko. Eta gero, jendearen jarrera eta izaera, oso beroa sentitu dut, oso atsegin eta abegikorra. Etxean moduan sentiarazi ninduten eta goardia bajatuta egon naiz. Momentu batzuetan pentsatzen nuen 'itzela da, munduko beste puntan nago eta begira zelan sentitzen naizen etxean moduan' eta hori izan da orokorrean gertatu zaidana, batetik euskal jendearekin harremanetan, baina baita orokorrean ere, iritsi berritan pelikulako ekipoko jendearekin ere sentsazio hori izan bainuen", azaldu digu.

Euskara eta euskal kulturari eusten. "Lanak utzi zidanean, hitzordua jarri nuen Buenos Airesko euskaldunekin. Aurretik Sabrina Otegui ezagutzen nuen, eta berak gonbidatuta joan nintzen Euskaltzaleak ezagutzera eta 'Ilargi guztiak' filmaren pase bat egitera. Aurkezpentxo bat eskatu zidan, juxtu nik libre neukan, eta hara joan nintzen, eta ezin dut azaldu hitzetan zer izan zen hura niretzat... jendea euskaraz entzutea Buenos Airesen, eta pasearen ondoren fandangoa dantzatzen poz-pozik... Itzela iruditu zitzaidan eta pentsatu nuen, 'ostras, hauek hona aspaldi etorri ziren emigrante haien ondorengoak dira, eta hementxe daude gure kulturari eta gure hizkuntzari estu lotuta, eta zelako ikusioarekin gainera...'".

Bere sentimentu eta gogoetak areago doaz. "Horrek nolabait sentiarazten zaitu... hunkituta, ez dakit zelan esan, ilusioak berreskuratzen dituzu zuk zeuk ere. Ze egia da azken urteotan herri honetan ibili garela apurtxo bat iluntsu, tristetuta, diztira barik, eta ikustea jende honek begietan duen diztira, horrek laguntzen du norbera bere herriarekin berremozionatzen, harrigarria eman dezake, baina hori sentitu nuen bertan, Diasporan, Buenos Airesen, Euskaltzaleak bezalako euskal etxe edo elkarte batean".

"Negar batean hasi ginen". "Gero joan nintzen Rosarioko Euskal Etxera". "Buenos Airesen ez dut ezagutu Laurak Bat, ez neukan kontakturik eurekin, eta hurrengo batean joaten banaiz saiatuko naiz bisitatxo bat egiten... Baina Rosarion gonbitea egin zidaten Zazpirak Batekoek eta bi lagun handirekin joan nintzen, biak aktoreak, argentinarrak, Laura Azcurra eta Alejandra Oteiza. Han egon zen afaria prest, parranda egiteko prest, dantza egiteko prest, kantatzeko prest... Harrigarria egin zitzaidan Rosario bezalako hiri handi baten erdian baserri tzar baten itxura duen halako eraikina topatzea, eta sartu eta Euskal Herrian sentitzea... atzeko partean sekulako frontoia, jatetxea, goiko partean dantzariak... harrigarria, ze sentimentu fuertea dagoen gure herriarekiko. Oso-oso hunkigarria izan zen"

"Eta pasadizo bat kontatuko dizut. Lehenago esango dizut Alejandra Oteiza lehenengoz ezagutu nuenean bitxia egin zitzaidala bere abizena, nire ama Oteitzakoa baita, Nafarroan, Oteiza de la Solanakoa, Lizarra eta Tafalla artean, 900 bat biztanleko herria. Beste barik kuriosoa egin zitzaidan. Baina gero hantxe Rosarion, Sebas eta Martin ezagutu nituen, eta galdetu nienean 'zuen arbasoak nongoak ziren', 'nafarrak' esan zidaten, 'bai baina nongoak', 'bada Oteiza de la Solanakoak'... Puf, emozionatu egin ginen hirurok... Ozeanoaren bestaldean Rosariora nire bizitzan lehenengoz etorri eta hara non topatzen ditudan nire ama eta amamaren herrikoak... negar batean hasi ginen, oso-oso hunkigarria izan zen".

Baiesten du Itziarrek desiatzen dabilela bueltatzeko. "Hartu naute beste bat banintz moduan eta oso-oso eskertuta nago, bihotz.bihotzez. Prest nago itzultzeko eta elkar hobeto ezagutzen segitzeko".

Korrika Diasporatik ateratzea

Ez du Itziarrek aukerarik galtzen oihartzuna izan dezakeen bere hitza euskal kulturaren alde jartzeko. "Hala eskatu didate oraingoan Laura Azcurra aktore eta lagunak, Euskaltzaleak-ekoek eta Rosarioko Euskal Etxekoek: Korrika Diasporatik ateratzea nahi dute. Hurrengo edizio batek Zortzigarren Herrialdetik atera beharko luke, gero itsasoa gurutzatu eta Euskal Herrian ohiko bidea egiteko. Oso ideia polita iruditzen zait, ez dakit baten batek jasoko duen, baina mahaiaren gainean uzten dut", diosku. Izan ere, urteak dira Argentinatik ari zaizkiola egiten eskaera AEK eta Korrikari, proposamen zehatzekin gainera, esaterako Xabier Zubillaga necocheatarraren eskutik 2015etik, beti ere urrats berriak eman nahirik euskararen eta Diaspora-Euskal Herriaren mesedetan.

Dangiliske

Gogoratuko dugu, azkenik, duela hiru bat urte aurreko elkarrizketa bat egin genionean Itziar Ituñori, orduan esan ziguna zinema eta baita telesail aktorea ere, baina horrekin batera antzerki-obrekin birak egiten dituen eta kantari eta musikari ere baden artista basauritarrak: "Pertsonalki, asko gustatuko litzaidake Hego Amerikara, Argentinara joatea. Dangiliske taldearekin euskal jai batera joatea [dantzatzeko euskal musika jotzen baitute], edo antzerkia egitera, euskaraz zerbait eramatera euskal etxeetara". Lehenengo bisita egin du Argentinara, eta konexioa egon da. Euskal etxeren batek kontaktatuko luke hurrengoan bere musika edo antzerki-obraren bat eskaini ditzan?

Eskerrik asko, Itziar!



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia