euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Itziar Aguirreren lana medio euskal sukaldaritzak leku hautua du Rosarioko ekitaldi gastronomikoetan

2017/05/31

Itziar Aguirre Rosarioko Aste Gastronomikoan
Itziar Aguirre Rosarioko Aste Gastronomikoan

PUBLIZITATEA

Sukaldaritza arloko bi ekintza bereziki oihartzuntsu egin dira maiatzean Rosarion eta bietan dastatu ahal izan dira Euskal Herriko zaporeak. Aste Gastronomikoan klase irekia eskaini zuen Itziar Aguirrek Zazpirak Bat Euskal Etxeko bere jatetxean. Eta Rosarioko Street Food jaialdian ere hartu du parte sukaldariak Oroño bulebarrean muntatutako stand batekin. Ekainean ere, beste Street Food bat antolatuko da hirian eta ekainaren 12an Dastaldi Gaua egingo du euskal-argentinar sukaldariak Zazpirak Bat-en.

Rosario, Argentina. Diasporakoen artean Argentina euskal jatorrizko jende gehien daukan herrialdea bada normala da eragin hori kulturaren hainbat arlotan ikustea, sukaldaritzan kasu.  Atlantikoaren alde honetan ere dasta daitezke euskal plater tipiko ederrak beti ere bertako ikutuarekin, tokian tokiko kutsua galdu gabe.

Rosarioko Aste Gastronomikoaren 7. edizioa maiatzaren 14tik 21era luzatu zen eta Zazpirak Bat Jatetxea jaialdiko protagonistetako bat izan zen. Astearen baitan pintxo eta tapei buruzko klase ireki bat eskaini zuen Itziar Aguirrek jatetxean. Astean zehar, gainera, hiru urratseko menu berezi bat prestatu zuen jatetxeak, prezio beheititu batean: sarrera, pintxo bariatuak; plater nagusia ‘itsasoko bizkaitarra’ piper eta patatekin, eta postrerako, ‘goxua’.

Rosario hiriak antolatutako Street Food ekitaldian ere hartu du parte izen handiko sukaldariak. Oroño bulebarrean hogeita hamarretik gora sukalde muntatu ziren, bakoitzak bere berezitasunak prestatu eta eskaintzeko. Zazpirak Batekoan patata tortilla, txistorra bokatak, otarrainxka pintxo eta zopa, eta txipiroiak plantxan dastatarazi zitzaizkien bertara hurbildu zirenei.

Ekainean ere martxa bizia

Urtea aurrera doa eta Zazpirak Bateko jatetxeak jarraituko du bere proposamenekin, jatetxekoekin baina baita kalean egiten direnekin ere. Izan ere, ekainean Street Food jaialdiaren aurtengo hirugarren edizioa egingo da eta aurrekoan bezala Itziarrek bermatuko du bertan euskal sukaldaritzaren presentzia. Aldi berean, jatetxeko jantokian klase magistralekin eta dastaldiekin segituko du. “Dastaldietarako lau urratseko menuak prestatzen ditugu, bakoitzean kalitate handiko ardoak erabilita. Hurrengo klasea ekainaren 12an izango da, La Rural upeltegiko Rutini ardoak lagun”, jakinarazi digu chefak. Berri honekin batera, Aguirrek esker beroak luzatu nahi dizkie bere lana eta euskal sukaldaritza babesten duten hiru enpresari: Sol Real-i (sukalde hornikuntza), Rosario Arrandegiari eta Oliovita-ri (Oliba olioa).

Itziar Aguirre Facebooken dago Itziar Aguirre Chef kontuan. Zazpirak Bat jatetxearen webgunea bisitatzeko, sartu hemen.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia