euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Itziar Aguirre, sukaldari euskal-argentinarra: "Arzakek magia egiten du sukaldean"

2014/03/06

Rosarioko Zazpirak Bat Jatetxea zuzentzeaz gain, Aguirrek sukaldaritza saioak aurkeztu ditu Argentinako telebistan
Rosarioko Zazpirak Bat Jatetxea zuzentzeaz gain, Aguirrek sukaldaritza saioak aurkeztu ditu Argentinako telebistan

PUBLIZITATEA

Rosarioko Zazpirak Bat jatetxeko sukaldetik, Euskal Herrira etorri da Itziar Aguirre argentinarra aspaldiko amets bat betetzera: euskal gastronomia "master" bat ari da egiten Arzak eta Azurmendi jatetxeetan. Abegikor hartu dute Juan Mari Arzak eta Eneko Atxa sukaldariek; izan ere, Itziarren ibilbidea berezia da: euskaraz ederki mintzatzen da rosarioarra eta Argentinako bihotzean euskal jatetxea zuzentzen du. "Zu ez zara bakarrik ikastera etorri, irakastera ere etorri zara", esan zion Arzakek. Orain, bertan ikastakoa Argentinako euskal etxeetako jatetxeetan zabaltzea eta irakastea da Itziarren asmoa.

Donostia-San Sebastián. Itziar Aguirre sukaldari euskal-argentinarra Euskal Herrian da egunotan, hilabeteko sukaldaritza master bat egiten Arzak eta Azurmendi jatetxeetan. Hamabost egun izan zen lanean eta ikasten Arzakeko sukaldean, Juan Mari Arzak eta bere taldearen teknika, antolakuntza eta sekretuak ikasten. Eta bertako laborategiarekin zur eta lur gelditu zela aitortu digu. Orain, gauza bera egiten ari da Azurmendi, hilaren 10a bitartean, Eneko Atxa sukaldariaren gidaritzapean.

Aguirreren aspaldiko amets hau egin bihurtu da aurten Kanpoko Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzari eta Argentinako Euskadiko ordezkaritzak sustatu duten egitasmoari esker. "Argentinara euskal sukaldaritzako onena eramatea da gure asmoa, gero hango jatetxeen maila igoarazteko", azaldu dio Aguirrek EuskalKultura.com-i.

Itziar Aguirre Azurmendi Jatetxea 2014

[Itziar Aguirre Azurmendi jatetxean lanean]

Euskal funtsa galdu gabe

Pozik da Aguirre Arzaken bizi eta ikasi duenarekin; bere esanetan Juan Marik eta Elena alabak oso abegikor hartu dute. "Oso eskuzabalak izan direla sentitzen dut", azaldu du Itziarrek, bi astez Donostiako jatetxe ezagunean jo eta su lanean aritu ostean. "Harrigarria da 30 laguneko lantaldea ze fin aritzen den, zenbat produktu eta osagai erabiltzen dituzten --batzutan 20 plater bakar batean-- eta hala ere euskal funtsa nola mantentzen duen".

"Argentina sukaldaritza modan jarri da, desestrukturazio asko egiten da eta batzuetan irizpidea galdu egiten da", esan du Argentinako euskaldunak. Bere jatetxean euskal sukaldaritza tradizionala eskaintzen du Aguirrek, baina tarteka teknika berriak baliatuz dastaketa bereziak antolatzen ditu. "Nik handik hemen egiten dena jarraitzen dut. Orain dela hamabost urte izan nintzen Euskal Herria azkenekoz, baina bertatik jarraitu dudala ematen du. Asko irakurtzen dut, materiala erosten... eta lagunak edo senitartekoak bisitan etortzen zaizkidanean badakite zer ekarri: jatetxeetako kartak!". 

"Pilpileando Argentina"

Itziar Aguirre oso ezaguna da Argentina, Rosarioko Zazpirak Bat jatetxea zuzentzeaz gain hango telebistan sukaldaritza saio asko aurkeztu dituelako. Horrez gain, euskal kultura eta euskal etxeen arloan ere lan eskega egindakoa da. "Nire ustez euskal kulturak gastronomiarekin zerikusi handia du, dena bat da. Nik nire sukaldetik euskal kulturaren alde lan egiten dut", esan du.

Itziar Aguirre Pilpileando 2011

[Euskal argentinar sukaldaria euskal etxeetan sukaldaritza lantegiak ematen aritu da, "Pilpileando Argentina" ekimenaren baitan (argazkia NBWalter)]

Horrez gain Aguirrek, eltze askotako burruntzalia izaki, sukaldaritza eta elkartasuna batzea ere lortu du, "Pilpileando Argentina" egitasmoarekin. 2011an jarri zuen abian proiektu hau eta bi urtez Argentinako makina bat euskal etxeetan euskal sukaldaritza lantegiak eman zituen. Bertan parte hartu nahi zutenen janaria ematen zuten dohaintzan "Pequeños Gestos" gobernuz kanpoko erakundearentzat, Argentina Iparraldeko Chaco probintziako familia behartsuei laguntzeko.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia