Saladillo, Argentina. 2023an arrakastaz plazaratu ziren Saladilloko inauterian hiriko Itxaropen Euskal Etxekoak, Euskal Herriko inauterietako zenbait pertsonaia irudikatuta. Ondoko urtean, Mundakako Aratuste edo Inauterietako 'atorrak' eta 'lamiak' ikustean berriro liluratu zen publikoa. Hirugarren urtez jarraian, Itxaropen Euskal Etxeak bat egingo du ordu gutxi berru herriko Inauteriarekin eta bertako korsodromoan Donostiako Inauteriko "Jardintzayen konpartsa" tradizional loreduna berregin eta aurkeztuko du. Saladilloko Kultura, Hezkuntza eta Giza Eskubideen Idazkariordetza antolatzaile, ikuskizuna kaleetan otsailaren 22an, larunbata, eta 23an, igandea, izango da, 21etatik aurrera, Mariano Acosta etorbidean, Moreno eta 12 de Octubre artean.
Gogoratu duela aste batzuk, Euskal Etxeak antolaketa-bilera batera deitu zuela Saladilloko inauteriari begira, Donostiako inauteri tradizionaleko "Jardintzayen Konpartsa" berregin eta berau antzeztera gonbidatzeko hala nahi zuten EEko kide diren eta ez diren guztiak. "Zorionez, erantzun ona izan genuen, eta 10 eta 72 urte bitarteko hainbat lagunek osatutako konpartsa bat aurkeztuko dugu", azaldu dio EuskalKultura-eus-i Itxaropeneko Zuzendaritza Batzordeko eta konpartsako kide den Nora Idoetak. EuskalKultura.eus-ekin hitz egin duenean, izan ere, loreak jartzen ari zen galtza, txaleko, alkandora, gona eta kapeluetan, konpartsako bere lagunekin batera. Asteburuan, Saladillo erdiguneko etorbidean zehar, konpartsak eskainiko duen ikuskizunean luzituko dituzte kolore biziko jantziak. 15 minutu baino ez dituzte izango Sarriegik inauterirako konposatutako musika lagun pauso tradizionalak erakusteko. Beste euskal dantza batzuk ere egiteko asmoa dute.
Mmusa, dantzak eta trebakuntza sukaldaritzan
Urtea hasi berria da, eta, Itxaropen-en ekitaldien egutegia oraindik guztiz zehaztuta ez bada ere, badira dagoeneko urteko ohiko jarduerei ekin dietenak, muslariak kasu. Joan den asteburuan, oso partaidetza altuarekin, gauzatzen hasi zen irabazleei norgehiagoka nazionalerako igarobidea emango dien mus txapelketa. Laster, propio emakumeentzako antolatutako mus tailer batekin hasiko dira larunbat arratsaldetan.
Dantzariei dagokienez, Inauterietako emanaldia amaitu ondoren, dantzari taldeak, Micaela Gaggiotti zuzendari, entseguen egutegiari ekingo dio berriro. Euskal Etxearen asmoa da laster Itxaropen, 135. zenbakiko Prestakuntza Teknikoko Goi Institutuarekin elkarlanean, garatzen ari den Gastronomia Zerbitzuetan trebatzeko proiektuari ere ekitea. "Betiko legez, gure asmoa da jende gehiagok ezagutu gaitzan eta urtean zehar Euskal Etxean egiten ditugun jardueretan parte hartzea", bukatu du Nora Idoetak.