euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Itsasoa, dantza, poesia, musika eta bertsoak ekarri ditu Berlinera Euskal Koreografoen II Jaialdiak

2011/12/15

'Batteleku batean', Mikel Aristegui koreografoaren ikuskizunaren irudi bat (argazkiak Volker Roloff)
'Batteleku batean', Mikel Aristegui koreografoaren ikuskizunaren irudi bat (argazkiak Volker Roloff)

PUBLIZITATEA

'Euskaldunak ozeanoari begira' izan da bukatu berria den Euskal Koreografoen II. Jaialdiaren gaia, eta itsasoaren gomuta Berlinera ekartzea lortu dute jaialdian parte hartu duten artistek, dantza, musika, literatura eta bertsolaritzaren bitartez. Zazpi dantza konpainiek arlo honetan Euskal Herrian egiten den artea erakutsi dute; are gehiago, bertso eta olerkiekin uztartuz ikuskizun zinez bereziak sortu dituzte taulagainean. Horren adibide Mikel Aristegui koreografoak zuzenduriko 'Bertsolari/dantzari' saioa: bertsolariak botatzen zuen bertsoari bapatean pausoak jarri zizkioten dantzariek. Arrakasta kari, datorren urtean Londresen antzeko jaialdia egingo dela iragarri du Aristeguik.

Berlin, Alemania. Iragan asteburuan egin den Euskal Koreografoen Berlingo 2. Jaialdia "oso arrakastatsua" izan da, Ainhoa Añorgak, Berlingo Euskal Etxeko presidenteak, EuskalKultura.com-i aitortu dionez. Jaialdiaren sustatzailea den Mikel Aristegi koreografoa eta berari laguntzen egon diren Euskal Etxeko kideak ere "oso pozik" geratu dira lortutako harrerarekin.

Jaialdiak Europan segida izango du, eta Aristeguik EuskalKultura.com-i iragarri dionez datorren urtean Londresen ere Euskal Koreografoen Jaialdia egingo da. "Berlinen, hurrengoa 2013an izango da. Hemen bi urtean behin eta tarteko urtean Europako hiri batean egitea da ideia. Nire asmoa apurka apurka Europan sare bat osatzea da, euskal koreografoek euren lana behar den moduan aurkezteko aukera izan dezaten", adierazi digu Aristeguik.

Bertsoak dantzan

Jaialdia iragan ostiralean, abenduaren 9an hasi zen eta hiru egunetan zehar Berlingo publikoak gaur egun Euskal Herrian egiten den dantzaren "lagin txiki bat" ezagutzeko aukera izan du, antolatzaileen esanetan. Dantzaz gain, beste arteak ere jorratu ditu jaialdiak eta elkarrekin uztartuz sorkuntza une ederrak bizi izan dira taulagainean. "Literatura eta poesia irakurketak, dantza inprobisazio eta musikarekin batera izan dira, oso irakurketa bereziak eta paregabeak sortuz", azaldu du Añorgak.

Horren eredu izan zen jaialdian"primizian" Mikel Aristeguik proposatu zuen jokoa: "Bertsolari - Dantzalari" konzeptua. "Bertsolari bakoitzak dantzari bat zuten bere alboan, berak botatako bertsoaren inprobisazioa eginez". "Aldi berean, Euskal Etxeko kide diren Nagorek eta Lourdesek, ezinezkotzat jotzen genuena egin zuten: bertsoak bota ahala itzuli eta pantaila batean alemanera itzulita idaztea. Euskaraz ez zekitenek bertsoak zuzenean alemanez jarraitu ahal izan zituzten!", azpimarratu du Añorgak.

Berlin Koreografoen Jaialdia Aurkezpena 2011
[Berlingo Cervantes Institutuan egin zen aurkezpenean, jaialdiaren antolatzaile eta babesleetako batzuk,  ezkerretik eskuinera: Aizpea Goenaga (Etxepare Institutuko zuzendaria), Gloria Minguez ( Espainiako enbaxadako kultur-sailburua), Ainhoa Añorga (Berlingo Euskal Etxeko presidentea), Elke Roloff (Art and Projecteko antolatzailea) eta Pantxoa Etchegoin (Euskal Kultur Erakunde zuzendaria) (argazkia Volker Roloff)]

Itsasoa Berlinera

Guztira zazpi konpainiak parte hartu dute jaialdian "zein baino zein interesgarriagoak, denak bereziak eta desberdinak". Partehartzaileen zerrenda eta lanak, hemen.

Aurkeztutako lanek jaialdiaren gai nagusiak proposatutako ideiari erantzun zioten --"Euskaldunak ozeanoari begira" zen gaia-- eta itsasoa Berlinera apur bat ekartzea lortu zuten. Ildo horretatik jo zuten ere Berlinen aurkeztu zituzten bi dokumentalak: "Apaizac Obeto", Ternuako euskaldunen bidaiei buruzkoa; eta "Modernist Basque Surfing".

Horrez gain, hiru egunetan ikusgai izan den argi eta doinu erakusketa baten bidez antolakuntzak itsasoa sentitzeko eta gozatzeko aukera luzatu die ikusleei.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia