euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Itapeviko Euskal Etxe brasildarrak Euskaldunen Eguna edo "Dia dos Bascos" ospatu du estrainekoz

2011/07/20

Euskal etxeko kideak eta Itapeviko diputatuak Euskaldunen Eguneko omenaldian (argazkia ItapeviEE)
Euskal etxeko kideak eta Itapeviko diputatuak Euskaldunen Eguneko omenaldian (argazkia ItapeviEE)

PUBLIZITATEA

Itapeviko Euskal Etxe gaztea azken urte hauetan Sao Paulo estatuan dagoen hiri honetako gizarte eta kultur agendaren parte bihurtu da, eta Itapeviko Udalak egun berezi bat eskaini nahi izan die euskaldunei, euren ekarpena eskertzeko. Horrela, iragan uztailaren 12an ospatu da lehen aldiz Itapeviko "Dia dos Bascos" edo Euskaldunen Eguna, hiriko Diputatuen Ganberan egindako ekitaldiarekin. Bertara bildu ziren euskal etxeko agintariak eta bazkideak eta baita herritar ugari ere.

Itapevi, Brasil. Itapeviko Euskal Etxeak "Dia dos Bascos" ospatu du lehen aldiz, uztailaren 12an, Itapeviko Diputatuen Ganbaran egindako ekitaldi ofizialarekin. Bertan izan ziren, Itapeviko agintari eta ordezkariez gain, euskal etxeko lagun asko. Elkartearen ordezkaritzaren buru Oskar Goitia, presidentea; Ricardo Mendizabal, idazkaria; Patrícia Mendizabal, harreman publikoen arduraduna; Carolina Salazar, jarduera zuzendaria; eta Silvio Ferreira, elkarteko bazkide eta ACITAko (Associação Comercial de Itapevi) presidentea. Bertan izan ziren baita ere Carlos Picos, elkarteko ondare zuzendaria, eta Miguel eta Rodrigo Mendizabal, aholkulariak.

Ekitaldian Euskal Herriari buruzko bideo bat izan zen ikusgai eta horren ostean Itapeviko Casa Basco Brasileiraren ekimenei buruzko ikusentzunezkoa jarri zuten. Elkarteko idazkariak, Ricardo Mendizabalek, euskal etxeak Itapevi hiriari egiten dion kultur ekarpena aipatu zuen eta Brasilen diren beste hiru euskal etxeei buruz ere mintzatu zen: São Paulo, Brasilia-DF eta Porto Alegre (azken hau sortze-prozesuan bada ere).

dia dos bascos itapevi

[Itapeviko diputatuak eta Euskal Etxeko kideak "Dia dos Bascos"-en ekitaldi ofizialean (argazkia ItapeviEE)]

Bestalde, Carolina Salazar-ek euskal etxearen hurrengo ekimenen berri eman zuen; hala nola, haur gazte eta nagusientzako euskara eta gaztelania ikastaroak. Oskar Goitia presidenteak euskal kultura ezagutaraztearen garrantzia azpimarratu zuen eta, horren erakusle, euskaraz egin zuen hitzaldi labur bat, Ricardo Mendizabalek portugesera itzuli zuena.

Azkenik, omenaldia egin zitzaien Eusko Brasildar Etxea – Casa Basco Brasileira elkarteko zenbait bazkideri, euskal kulturari eta elkartearen jardunari egindako ekarpena eskertzeko. Honakoak izan ziren omenduak: Sergio Montanheiro, Ricardo Saliba Urbano, Luiz Lopes eta Valdo Messias kazetaria.

Pintxo jaialdia

Horrez gain, iragan uztailaren 16ean euskal etxeak Pintxo Jaialdia egin zuen eta pintxoak dastatu ostean dantza tailerrean bildu ziren partehartzaileak. Elkartea orain, lehendabiziko Euskal Brasildar Astea ari da prestatzen. Irailean egingo dute, eta gonbidatuen artean Joseba Gotzon kantari bizkaitarra eta, ziurrenik, Uruguaiko euskal dantza talde bat izango dira. Egitarauan gastronomia dastaketak, kirol erakusketak eta kultur jarduerak ere izango dira, antolatzaileek EuskalKultura.com-i iragarri diotenez. 

itapevi pintxoak

[Casa Basco Brasileira de Itapeviko kide batzuk Pintxo Jaialdiaz gozatzeko prest (argazkia ItapeviEE)]



Komentarioak

  • Eskerrik asko!

    Eskerrik asko denoi! Brasilgo Euskaldunak asko lan egiten ari gara era gero beste euskal etxe bat izango dugu Porto Alegren!!! Aupa lagunok!!!

    Oskar Goitia, 2011/08/02 21:30

  • Aurrera euskaldunak

    Aurrera Brasilgo euskaldunak! Segi zintzo eta garbi euskal izena goian gordez eta gure berri auzokoei eta gainontzeko herritarrei ematen!

    Hala naiz eta herro nago, 2011/07/20 17:19

« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia