euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Isla Malako haritza' liburuak Ignazio Argiñarena nafarrak Uruguaiko Diasporan egin zituen bertsoak biltzen ditu

2007/07/02

Oscar Alvarez Gila (ezk) eta Alberto Irigoyen (esk)
Oscar Alvarez Gila (ezk) eta Alberto Irigoyen (esk)

PUBLIZITATEA

Ignazio Argiñarena errazkindarraren bizitza liburu batean jaso zuen iaz Alberto Irigoyen historialari uruguaiarrak eta Ttartalok argitaratu zuen El requeté que gritó ¡Gora Euskadi! izenburuarekin. Izan ere 36ko gudan erreketeekin borrokatu zen nafar honek azkar asko ikusi zuen gudak samina eta irabazleen errepresio latza baino ez zekarrela. 1949an Uruguaira alde egin zuen eta euskal komunitateko partaide izan da bertan, hil artean. Orain, Alvarez Gilak eta Irigoyenek Argiñarenak Uruguaiko Diasporan egin zituen bertsoak bildu eta liburu batera isuri dituzte.
Liburua idazteko egileek Santiago Onaindia beka jaso zuten, Zornotzako Udalak euskal literaturari buruzko ikerketa lanak bultzatzeko ematen duen beka biurtekaria, bere zortzigarren edizioan. Liburuak 'Isla Malako Haritza. Ignazio Argiñarena Otsotorena bertsolariaren bizitza eta lanak (1909-1997)' hartu du izenburu eta inmigrante errazkindar honek Uruguaien egindako bertsoak biltzen ditu.

Oscar Alvarez Gila Euskal Herriko Unibertsitateko Historia irakasleak eta Alberto Irigoyen autore euskal uruguaiarrak osatu dute liburua. Euskaraz idatzitako 124 bertso biltzen ditu, Argiñarenak Uruguain Isla Malako bere etxean egindakoak eta gaztarokoak Euskal Herrian eginikoak. Isla Malako ohitura zen han kokatzen ziren kanpotarrek haritz bat landatzea, eta hortik datorkio liburuari izenburua.

Gutunak bertsotan idazten

'Liburuak Alberto Irigoyenek bere aurreko libururako egin zuen ikerketa hartu du iturburu. Albertok Argiñarena eta bere familia elkarrizketatu zituen orduan', azaldu dio BasqueHeritage.com-i Oscar Alvarez Gilak. 1997an Argiñarena hil zenean familiak bertsoz betetako hiru kaiera helarazi zizkion Irigoyeni: nafarrak bere bizitzan zehar idatzi zituen bertsoen bilduma.

'Euskarazko bertsoak dira, asko Argiñarenak Euskal Herriko familiari idazten zizkion gutunen parte. Gutun horietan bertsotan erantzuten zien euren galderei eta gauza bera egiten zuen Uruguaiko bere bizimodua kontatzen zienean'.

Diasporako lekukotasuna bertsotan

Euskal Herriko ahaideek berari bidalitako hiru bertso ere bildu dira liburura. 'Bertso zaletasun handiko familia da berea Euskal Herrian, eta gaur egun ere badira tartean bertsolari batzuk. Gazte garaian Argiñarenak bertso-afariren batean kantatu zuen, bere anaia guardia zibilarekin batera', aipatzen du historialariak.

Bertso gehienak Uruguain idatzi bazituen ere, liburura bildu diren lehendabizikoak gaztarokoak dira, tartean 36ko guda zibilekoak, 'bere bizitzako garai latzena' aitortzen duen garaikoak. Bertsoetan erabiltzen dituen gaiei eta edukiari buruz, Alvarez Gilak azaltzen duenez, Argiñarenaren sentipenak eta bere bizitzako pasarteak islatzen dituzte, 1949an sorterria utzi eta Uruguain kokatuz bizimodua azienda eta kabalekin atera zuen euskaldun baten ibilerak. 'Bere literatur mailagatik baino garrantzitsuagoak izan daitezke euskal immigrante baten historia, ikuspuntu desberdin eta berri batetik erakusten dutelako', bukatzen du Alvarez Gilak.


Lotura interesgarriak

'El requeté que gritó Gora Euskadi', Argiñarenaren biografia
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko ekainaren 6an

EH Mugaz Gaindi kongresua, Montevideon
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko maiatzaren 2an



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia