isidro Legarreta duela urte t'erdi Eusko Jaurlaritzaren oroigarria jasotzen La Platako Euskal Aste Nazionalean Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkariarengandik, Asier Vallejo Diasporarako zuzendaria txaloka (argazkia EuskalKultura.com)
Joan den ostegunean, ekainaren 16an, 91 zituela hil da Isidro Legarreta eta bere heriotzak oihartzun zabala izan du, Argentinan bereziki, lan handia egindako pertsona baitzen, Hernanitik argentinaratuta finkaleku izan zuen Tandil-en eta baita herrialde osoan ere. Euskal Herrian ere, Eusko Jaurlaritzaren laguntzaile, sostengu- eta aholku-emaile izan zen beti, frankismopean zein ondoren, Tandildik eta Argentinatik euskal instituzioen, euskal kulturaren eta euskal gizataldearen zerbitzuko.
Buenos Aires, Argentina. Duela urte t'erdi baino ez zen Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiren Argentina eta Mercosurrerako Ordezkaritzak omenaldia egin ziotela La Platan, Euskal Aste Nazionalaren baitan, bere bizitza osoan egindako lana gogoan. Euskal erreferentea izan zen jende askorentzat, eta Eusko Jarurlaritzarentzat eta euskal instituzioentzat zutabe izan Argentinarako gaietan geroago Euskadiren Ordezkaritza izan denaren aurreko denboretan eta honek aurrekari izan zituen erakundeetan. Baina baita Tandilen ere bertako Gure Etxean, FEVA Argentina mailako federazioan eta mundu mailako Diasporaren ordezkari gisa.
Bere belaunaldian asko bezala jeltzale engaiatua izan zen. Bi esteka ekarri ditugu hona, bere heriotzaren aurrean atzo igandea Deia egunkariak argitara emandako bi artikulu. Lehena, 'Euskadiz eta Argentinaz kezkatua' izenpekoa, Iñaki Agirre eta Josu Legarretak sinatzen dute, jakina denez hurrenez hurren bata Jaurlaritzako Kanpo Harremenetarako idazkari nagusia izandakoa, eta bestea Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako zuzendaria. Bigarren artikulua, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi ohi eta egun EBBko lehendakaria den Andoni Ortuzarren sinatzen du, 'Isidro Legarreta, abertzale, euskaltzale, haritza eta onbua' izenpean.