euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

ISFT 135ko chef eskolako sukaldarigaiek euskal kutixi afaria zerbitzatu zuten Saladilloko Itxaropen-en 26. urteurrenean

2024/07/16

Saladilloko Itxaropen Euskal Etxeko Urteurren Afaria prestatu zuten sukaldaritza ikasleek mahaikideen txalo beroa jaso zuten
Saladilloko Itxaropen Euskal Etxeko Urteurren Afaria prestatu zuten sukaldaritza ikasleek mahaikideen txalo beroa jaso zuten

PUBLIZITATEA

Saladillo, Argentina. Saladilloko Itxaropen Euskal Etxeak 26 urte bete ditu hilabete honetan eta, zergatik ez, desberdin ospatzera animatu da. Izan ere bere etxeko ateak ez ezik, bihotza ere irekitzea erabaki eta bere sukaldea, chef izateko ikasketak egiten ari diren gazteei zabaldu die, hasteko joan den ostiralean, uztailaren 12an. Akordio bat medio, elkartearen Urteurreneko Afaria Saladilloko Goi Mailako Heziketa Teknikoko 135. Institutuko 22 gastronomia-ikaslek prestatu zuten, Institutuko irakasle eta Saladilloko Euskal Etxeko zuzendaritza-batzordeko kide den Guadalupe Arocena sukaldaria gainbegirale. Topaketa guztiz arrakastatsua izan zen eta ikasleek, profesionalizatzeko praktikak Itxaropen elkartean egiten jarraituko dutenek, datozen hilabeteetan beste bi afari prestatuko dituzte.

Antolatzaileek espero zutenez, ikasle sukaldarien nobedadearekin, hainbat lagun hurbildu ziren lehen aldiz Euskal Etxera. Ahosabai berri horiek oso kontuan hartuta, menua kontu handiz diseinatu zen. Lehenengo eta behin, pintxo dastaketa eskaini zuten, odolki, urdaiazpiko eta legatza saltsa berdean. Plater nagusi gisa, paella misto bat, oilaskoa eta itsas fruituak. Postrerako, beste dastaketa bat, oraingoan gozoa. Goxuaren bertsio bat, gazta eta irasagar gozokia, eta euskal pastela urteurreneko opil gisa. Dena edari bikainekin. "Afaria oso ondo planifikatu zuten eta, egiari zor, ikasleak oso ondo egon ziren. Talde bat egon zen sukaldean, beste bat harreragile beste ikasle bat esatari. Ia bi urteko ikasketetan ikasitakoa ekitaldi honetara bildu eta plazaratu ahal izan zuten, eta afari zinez arrakastatsua atera zen", adierazi dio bozkarion EuskalKultura.eus-i Guadalupe Arocenak.


Urteurren Afariaren talde arduraduna Guadalupe Arocena irakaslearekin

 
Postreen orduan, gozokien dastaketa, itxuran ere euskal ikutua ere tarteko

  
Zuzendaritza Batzordeko kideak, Itxaropeneko lehenengo lehendakariaren alaba Silvia Istillart, Saladilloko intendentea José Luis Salomón eta Udaleko Kultura, Hezkuntza eta Giza Eskubideen idazkariordea, Silvina Iturria

 
Saladilloko Itxaropeneko saloiaren ikuspegi orokorra afariaren gauean

Betiko lagunez gain, herriko eta institutuko agintariak ere bertaratu ziren elkarretaratzera. Han ziren Saladilloko intendente (alkate) José Luis Salomón eta Itxaropeneko lehendakari Oscar Marcori; alkateak EEko buruari esker oneko erloju bat eman zion opari. Gogora dezagun, udalerriaren eta Euskal Etxearen arteko hitzarmen bat medio, xake, tango eta birziklatze tailerrak Itxaropen elkartearen egoitzan egiten direla. Han ziren baita ere Saladilloko Udaleko Kultura, Hezkuntza eta Giza Eskubideen idazkariorde Silvina Iturria eta ISFT 135. Formakuntza Teknikoko Goi Institutuko zuzendari Silvio Garbarino, teknikatura-irakasleak, ikasleen senideak eta lagun gehiago.

Ekitaldia ederki girotu zuen Micaela Gaggiotti zuzendari duen dantza taldeak, bere dantza koloretsuak bi unetan dantzatuz, eta txalo zaparrada jasoz. Hasiera batean, jauzi bat eta Polka Pik dantzatu zuten. Postrearekin batera, Lantzeko Inauteria eta Txapeloaz iritsi ziren, eta dantzara gonbidatu zituzten mahaikideak. Azkenik, bazkalosteko ohiko euskal kantak abestu zituzten, agurraren ordura arte. Guztiek sukaldaritza bikainaz, ia profesionala, eta ikuskizun alaiaz gozatu zuten, eta poz-pozik erretiratu ziren, berriro ere bertaratzeko asmoa agertuz.

Zorionak Itxaropen!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia