euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Meakako Adixkideak' eta 'Mutxiko' taldeek 200 bat lagunen aurrean dantzan bukatu dute Argentinako bira

2008/09/02

Meakako Adixkideak eta Mutxiko dantza taldeko kideak Buenos Airesen egin zute emanaldian (argazkiak EuskalKultura.com)
Meakako Adixkideak eta Mutxiko dantza taldeko kideak Buenos Airesen egin zute emanaldian (argazkiak EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Irungo 'Meakako Adixkideak' eta Hendaiako 'Mutxiko' taldeek Buenos Airesen egin zuten emanaldi jendetsuarekin bukatu dute Argentinara ekarri duten bira. Emanaldia Iparraldeko Euskal Etxea, Euskaltzaleak eta Eusko Kultur Etxeak antolatu zuten eta 200 lagundik gora bildu ziren bertara. Bukaera ezin hobea izan zen luze amestutako bira honentzat. “Batzuentzat agian azken bidaia izango zela kontuan hartuz, ausartu egin ginen”, azaldu zuten taldeetako zuzendariek, Mirari Damboleneak eta Joxemi Aranburu Otegik. Bidaia Mendozan hasi zen, eta San Juan, Cordoba eta Paranatik pasatu ondoren, Buenos Airesen bukatu dute.

Buenos Aires, Argentina. Irungo 'Meakako Adixkideak' eta Hendaiako 'Mutxiko' bi dantza talde desberdin dira baina kide gutxi direnez, ekitaldi konkretu batzutarako batu egiten dira. Horrela gertatu zen Argentinara etortzeko aukera sortu zenean, indarrak batu zituzten eta gogor eutsi zioten helburuari.

“‘Meakako Adixkideak’ taldeak gonbidapena jaso zuen San Juandik, Zarauzko lagun batek harremana baitzuen San Juango Euskal Etxeko Olga Larrea andrearekin", azaltzen du Joxemi Aranburu taldeko zuzendariak. "Hortik aurrera, ideiak sortzen hasi ziren San Juan inguruan egin genitzakeen beste emanaldi batzuei buruz”. Argentinako distantziak direla eta beste emanaldiak egiteko aukeratu zituzten hiriak, San Juanez gain, Mendoza, Cordoba eta Parana izan ziren; Buenos Airesen itzulia bukatuz.

Nagusien irrika

“Oztopo batzuk izan genituen arren, jendea oso animatuta zegoen", 'Mutxiko' taldearen zuzendari Mirari Damboleneak Euskalkultura.com-i. "Batez ere helduak. 65 urtetik gorako jendea ere dago taldean eta haientzat agian horrelako bidaia bat egiteko azken aukera izan zitekeen, horregatik haiek bereziki bultzatu zuten proiektua”.

Meakako Adiskideak Mutxiko Buenos Aires 2008 2
[Buenos Aireseko emanaldia une eder honekin bukatu zen: dantzarien ilusioak animatuta ikusleak Iparraldeko Euskal Etxeko frontoira atera eta eurekin dantzan hasi ziren]

Ameriketara lehen aldiz

Talde bientzat Amerikara lehenengo bidaia izan da hau eta balioespen oso ona egin dute Euskal Herrira itzuli baino ordu pare bat lehenago. “Hasieran nahiko gogorra izan zen. Egunak motzak, edo hobeto esanda, egunak luzeak eta gauak oso motzak egin zitzaizkigun. Hasieran oso urduri geunden, baina gero erlaxatzen hasi ginen, eta bi talde izanik, denbora pasa ahala, taldeek bat egitea lortu genuen” --azpimarratu du Izaskun de Miguelek, 'Mutxiko' taldeko kideak. “Euskal Etxeetan ikusi duguna oso hunkigarria izan da. Jendeak primeran hartu gaitu. Esaterako, Paranan bizi genuena oso berezia izan zen. Antzokian Urrundik-eko taldearekin batera egin genuen emanaldia eta oso pozgarria izan zen denontzat”.

Leku guztietan oso esperientzia aberasgarriak bizitzeko aukera eman diete bertakoek. ‘Harreman’ hitza, ‘hartu’ eta ‘eman’ hitzetatik datorrela argi geratu da azken aste hauetan, taldeko kideek euren artea eta dantza oparitu baitiote euskal etxeetako jendeari, eta hauek ordainetan Argentinako leku zoragarriak ezagutzera gonbitadu dituzte: Mendozan, Aconcagua mendirako bidaia bat egin zuten, eta Penitenteseko eski estazioa eta El Puente del Inca, bisitatu zituzten. San Juanen, berriz, bodega bat erakusi zieten eta Valle Fértil eta Valle de la Lunara eraman zituzten.  Ondoren, Cordoban, Alta Graciara, Che Guevararen jaioterrira joan ziren taldekoak eta han bertan Jesuiten bizileku bat ikusi ahal izan zuten. Paranan ere oso txango polita egin zuten, txalupaz, Parana Ibaian.

 

Meakako Adiskideak Mutxiko Buenos Aires 2008 3
[Meakako Adixkideak eta Mutxikoak Buenos Airesko emanaldiko une batean]

'Euskaldunak dauden edozein toki Euskal Herria da'

Taldeko gehienentzat hau izan da euren lehenengo kontaktua Diasporarekin. “Bagenekien euskaldunak mundu osoan zeudela zeudela, baina hori ikustea eta bizitzea zirraragarria izan da. Hemen egon ondoren euskaldunak dauden tokiak, horiek ere Euskal Herria direla esan dezaket”, adierazten du Joxemik.

Taldeetako azken aurkezpena beste ustekabe bat izan zen, hainbeste jenderekin topatzea ez zutelako espero. Abuztuaren 29an berrehun bat lagun hurbildu ziren Iparraldeko Euskal Etxera haien dantza emanaldiaz gozatzera. Ordu eta erdi iraun zuen ikuskizunak eta kalejira erraldoi batekin, publikoarekin batera eginda, ‘agur’ esan zioten Argentinari. Hasieran aipatutako urduritasun horren arrastorik ez zegoen jadanik ostiral gauean eta choripan-ak, hanburgesak eta ardoa konpartitu zituzten Euskaltzaleak-eko, Eusketxeko eta Iparraldeko Euskal Etxeko  lagunekin.

Bukatzeko, taldeetako dantzariek euren esker ona azaldu diote EuskalKultura.com-eko zuzendari Joseba Etxarriri, proiektua aurrera eramateko emandako laguntza eta animoengatik.

Lotura interesgarriak

Hendaiako taldearen webgunea
www.mutxiko.org

Centro Vasco Gure Txokoa de Córdoba
www.centrovascocordoba.com.ar

Asociación Vasco Argentina Urrundik de Paraná
www.urrundik.com.ar

Euskaltzaleak, Buenos Aires-ko euskara akademia
www.euskaltzaleak.org.ar



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia