euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Iruñetik San Fermineko txupinazoak milaka kilometro egingo ditu Diasporako euskal etxeetara heltzeko

2010/07/07

San Fermin Jaiaren aurreko edizio bat, Argentinako Mar de Platan, bertako Nafar Etxeak antolaturik (argazkia LaCapital)
San Fermin Jaiaren aurreko edizio bat, Argentinako Mar de Platan, bertako Nafar Etxeak antolaturik (argazkia LaCapital)

PUBLIZITATEA

Munduan zehar ezaguna da oso San Fermin Jaia. Euskal Herrian ospatzen diren festen artean ospe handiena lortu duena da hau. Agian Ernest Hemingway-ek idatzitako artikulu eta nobelagatik. Edo agian, hamar egun irauten duen jai honen alaitasunak mota askotako sentimenduak pizten dituelako urtero arima guztietan, euskaldunenean eta baita euskal jatorririk ez duten lagunen artean ere. Hori dela eta, Nafarroako bihotzetik 'Gora San Fermin!' oihu tradizionalaren oihartzuna entzungo da aste honetan herrialde askotan, asteburuan gehienbat. Ingalaterratik, Australia eta Argentinaraino, Diasporako herriak euren sanfermin ospakizunak joango dira gauzatzen: bazkari, dantzaldiak, topaketak eta kasu batzuetan 'entzierroak' gauzatuko dira gorriz eta zuriz jantziko diren nafar eta euskal etxeetan. Hona hemen festa batzuen programa.

Londres, Ingalaterra. “San Ferminak gerturatzen ari dira eta aurten Londresen ere ospatuko ditugu”, esaten du Londresko Euskal Elkarteak bere lagunei luzatutako gonbiteak. Hitzordua, uztailaren 10ean izango da, eguerdiko 12etan Oxford House kanpoaldean. Bertan txupinazoa botako da eta kartoizko zezen bat baliatuz entzierroa egingo dute antolatzaileek. Ondoren, partaide guztiak London Fieldsera abiatuko dira kalejiran eta bertan egunpasa egingo dute, pik-nik eta sangriaz lagundurik. Hainbat joko eta jolasetan ere parte hartu ahal izango dute gonbidatuek egunari San Ferminen koloreak emateko. (Oxford House-ren helbidea, Derbyshire Street, Bethnal Green, London E2 6HG)

Argentinako Nafar Etxeak

Ingalaterratik Argentinara hegan egiten badugu, hegoaldeko herrialde honetan ere Sanfermin giroak harrapatuko gaitu. Buenos Aires hiriburuko Nafar Etxean, uztailaren 9an izango da jaia. Argentinako jai eguna aprobetxatuz (Independentziaren eguna ospatzen da egun horretan Argentinan) txupinazoa botako da eguerdiko 12etan erakundearen aurrean. Ondoren Nafar Etxeko dantzariek kaleaz jabetuko dira euren dantzak erakusteko. Bazkaria egoitzan bertan --Moreno kalean 3682 zenbakian-- izango da eta etxeko lehendakariak hitz batzuk zuzenduko dizkio bildutako jendeari.

Rosarioko Nafar Etxean, berriz, uztailaren 2an hasi da ospakizuna. Ostiral eta larunbaterako afariak prestatu dituzte etxeko kideek giroa berotzen hasteko. Gaur bertan, San Fermin egunean, gaueko 9etan bilduko dira berriro ere pintxo tradizionalak partekatzeko eta antzeko topaketa gauzatuko da hurrengo ostegunean. Oraingoan menua jamonada izango da. Jaia igandera arte luzatuko da: larunbateko afariaren ondoren, bankete batekin amaituko dira ospakizunak igandean.

Mar del Platako “Centro Navarro del Sud” etxeak ere bere jaia izango du. Buenos Aires probintziako kostaldean dagoen hiri honetako nafarrak uztailaren 9an elkartuko dira San Lorenzo Klubean (Rodriguez Peña kalean, 2950 zenbakian) eta txupinazo, dantzak, paella, kalimotxo eta txurroak egongo dira bertaratu nahi duten guztientzat.

Iruñetik kanpo, txupinazoa ere bai

Buenos Aires probintziako beste herri batzuetan, Trenque Lauquen-en esaterako, Euskal Etxea prest dago bere jaiaz disfrutatzeko. Euskal Sustraiak-eko Kultura Azpibatzordeak euskal taberna muntatuko du uztailaren 9an eta hor "euskal janari goxo-goxoak" eskainiko dizkiote sanferminzaleei. Aurten Necocheako “Otxoteak” joko du festan. Azpimarratzekoa da ekintza aprobetxatuko dela minbizia duten pertsonak laguntzen dituen GENAP Fundazioari diru-laguntza emateko.

Ezin guztiak aipatu, baina Arrecifesko Euskaldunak 'Denak Bat' Euskal Etxea ere ez da ospakizunetatik kanpo geratuko. Uztailaren 8an etxeko tabernan tortila, piperrak eta marmitakoa osagai dituen menua salgai egongo da garrantzi handiko jai hau ospatu nahi dutenentzat. Afarira zuriz eta gorriz jantzita joatea gomendatzen dute antolatzaileek.

Buenos Aires hirian, Mexiko kalean dagoen --eta Eusko Kultur Etxea, Euskaltzaleak eta Ekin Argitaletxea batzen dituen-- euskal egoitzan uztailaren 24an izango da ospakizuna, Ekin Dantzari Taldea antolatzaile. Sanferminei buruzko dokumental bat ikusi ahal izango da, eta etxea irudi egokiekin apainduko dute. Dantza taldea koreografia berriak prestatzen ari da jairako eta afari batekin jasoko dituzte dantzariek euren gonbidatuak, denak elkarrekin gau ona pasatzeko. 

La Platatik Australia, Valentzia eta Venezuelara

Beste euskal etxe batzuetan aurreratu egin dira ospakizunak. La Platan, esaterako, Euzko Etxea-ko lagunek meza batekin eman zioten hasiera sanfermin festari joan den igandean. Ondoren, Moreno Plazan eta Gernikako kimuaren ondoan, omenaldi bat egin zuten eta eguerdiko ordu batean Beatriz Aramayo etxeko alkateak txupinazoa bota zuen. Bazkaldu ondoren, umeen danborradak eta etxeko dantzarien ikuskizunak musikaz bete zuten euskal etxeko trinketea. Erakundeko historia islatzen duen bideo bat proiektatu zuten arratsaldean instituzioko arduradunek eta ondoren “Aire Aire Trikitixa Taldeak” jo zuen. Hala ere, datorren 10ean ere bilduko dira La Platako euskaldunak. Arratsaldeko 7etan Euskal Etxeko historia gogoratzeko topaketa egingo da eta 9etan “Aire Aire Trikitrixa Taldeak” beste kontzertu bat emango du. Gaua Euskal Taska batekin amaituko da.

Munduari buelta ematen badiogu eta Australian murgiltzen bagara, hor ere San Ferminak ospatu direla ikusiko dugu. Joan den igandean, ehun bat lagun elkartu ziren Townsvilleko Euskal Elkartean bertako koadrilak prestatutako plater euskaldun tipikoak dastatzera.

Jauzi bat emanez, eta Valenciara aldatuz, Venezuelako Valencia herrira alegia, bertako Eusko Etxeak ere, urtero bezala ospatuko ditu sanferminak, datorren larunbatean, izan ere, uztailaren 10ean, dastaketa gastronomiko bat tarteko, ondoren txupinazoa jaurtitzeko, eta segidan entzierroa eta erromeria.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia