euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Iruñeko Ortzadar Euskal Folklore Elkartea Argentinako Nafar Etxeetan izango da azaro-abenduan, tailer eta saioak eskainiz

2022/11/21

Ortzadar taldeko 40 dantzari, musikari & teknikari partaide Argentinako Nafar Etxeak eta 'Gizataldeen Topaketa' bisitatuko dituen bidaian
Ortzadar taldeko 40 dantzari, musikari & teknikari partaide Argentinako Nafar Etxeak eta 'Gizataldeen Topaketa' bisitatuko dituen bidaian

PUBLIZITATEA

Iruñea-Pamplona. Azaroaren 25etik abenduaren 12ra bitartean Ortzadar Folklore Elkartea Buenos Aires, Bolivar, Rosario eta Mendozako lau Nafar Etxeak bisitatuko ditu. Bidaiaren azken egunetan Argentinako Nafar Etxeen Federazioak Mendozan antolatu duen Gizataldeen Topaketan hartuko dute parte. Elkarte bakoitzean jarduera-programa zabala eskainiko dute eta, besteak beste, dantza tailerrak emango, dantza taldeek Mendozan erakutsiko duten ikuskizun bat prestatzeko. Hitzaldiak ere emango dituzte nafar folkloreaz eta instrumentu tradizionalei buruz, baita sukaldaritza tailer bat ere, eta txikientzako jarduera bereziak.

Ortzadar Euskal Folklore Elkarteak bere bi ikuskizun ere eskainiko ditu bisitatzen dituen hirietan, bata antzerkia eta musika uztartzen dituena eta bestea dantza plazakoa, herrikoia eta irekia, denek parte har dezaten. Aurten kantu afariak ere antolatuko dituzte, eta kantutegi berezia prestatu dute horretarako. Bestalde, Nafar Etxeek berek eskatuta, euskara-tailerrak emango dituzte, mintza-praktika lehenetsiz.

Bidaia dokumentatuko dute

Aurtengo bidaiaren helburuetako bat, bizi izango duten guztia erregistratzea da, hainbat elkarrizketa eta grabazio bidez, dokumental bat egitearren Argentinako Nafar Etxeen errealitatea islaturik. Orotara, dantzarien eta talde teknikoaren artean, 40 bat pertsonek osatuko dute Iruñetik heldu den espedizioa, "itsasoaz bestaldeko lagunekin bildu eta elkarrekin lanean aritzeko irrika bizian", adierazi diote EuskalKultura.eus-i.

Ortzadar taldea aspalditik dago harremanetan Argentinako Nafar Etxeekin, 1995ean tailerrak emateko lehen bidaia egin zuenetik hain zuzen. Bidaia asko izan dira eta harreman pertsonalok bi norabideetan elikatu dituzte urte hauetan guztietan, dantzari nafarrak Argentinara eta dantzari argentinarrak sanferminetara, beti ere egitea maite duten hori lokarri. 2020rako programatuta zegoen orain egingo duten bidaia eta pandemiak bertan behera uztera behartu zuen. Aurten, ordea, aurrera doa, Ortzadar Elkarteak eta Nafarroako Gobernuak urrian hitzarmen bat sinaturik, Argentinan kultura nafarra sustatzea helburu.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia