euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Iruñean Sanferminak hasteko bezperan Hego Ameriketan ere euskal etxeak prest daude Txupinazorako

2018/07/05

Mendozako Euskal Etxearen 2018ko Sanferminen iragarkia
Mendozako Euskal Etxearen 2018ko Sanferminen iragarkia

PUBLIZITATEA

Oso sanfermintzaleak dira Diaspora osoan euskal etxeak eta ahal dutelarik saiatzen dira zintzo demonio antolatzen euren ospakizun programak. Aurten, gainera, uztailaren 7a larunbata denez, ekitaldi gehienak lehenengo asteburu honetara ekarri dira. Gaurko artikulura, EuskalKultura.com-era heldu diren proposamenak bildu ditugu. Aukera baduzu, zeuk ere jantzi zapi gorria eta atera ospatzera: gora San Fermin!

Buenos Aires, Argentina. Nafar festa nagusiak eragin handia du Atlantikoaren alde honetako nafar eta euskal etxeetan. Eta nahiz eta Diasporan ospakizun-programak laburragoak izan –ez dira normalean astebete luzatzen– txupinazoa, zapi gorriak eta zezenak ere badaude jai giroa sortzeko.

Baina Europako festa ezagunenetako bat izanik, azken urte hauetan zabaldu diren berri batzuk ez dira hain onak izan. Izan ere emakumeen kontrako sexu-erasoek lohitu egin dute jaiaren alaitasuna, Iruñea eta Nafarroa bereko elkarteek gogor salatu dutenez. Buenos Airesko Euskaltzaleak Euskaltegiak ohar bat helarazi digu bat eginez sexu erasoen kontrako kanpainarekin eta biharko bere ekintza arazo honi arte bat eskainita hasiko dela adieraziz.

Jarraian, Argentina, Peru eta Uruguaiko San Fermin ekitaldien agenda. Berez ekitaldiak askoz ere gehiago dira, baina hauek seguruenik adierazgarrienak izan daitezke; beti bezala, zure euskal etxekoa agertzen ez bada, bidal iezaguzu info@euskalkultura.com helbidera.

Uztailaren 6an, bezperan:

-Buenos Aireseko Euskaltzaleak-en Magdalena Mignabururen “Argentinan euskal jatorria izatea” hitzaldiarekin eta ‘lokro’ batekin ospatuko dira San Fermin eta Independentzia Argentinarraren eguna. Ekintza 20:30etan hasiko da, sexu erasorik gabeko jaiak bultzatzeko Iruñeko Udalak egindako bideo batekin. Gonbitea, hemen.

-Cordobako Gerora: San Fermin jaia eta Cordoba hiriaren urteurrena 16etatik aurrera ospatuko dituzte cordobatarrek euren egoitzan, Laprida 266n. Proposamena da mintza eta dantza egitea, musika entzutea eta pintxo batzuk partekatzea.

-Limako Euskal Etxean, Txupinazoaren bideoa ikusiko dute eta gero lagunen arteko afaria izango dute Euskal Etxearen egoitzan.

-Tres Arroyoseko Hiru Errekan, bi ekintza egingo dira. Ostiralean San Fermin afaria eskainiko dute egoitzan, 21:00etan. Gonbitea, hemen.

Uztailaren 7an bertan:

-Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat-en: Euskal Etxeko ‘Euskal Tabernan’, 21etatik aurrera, dantzak, abestiak eta jolasak. Afaltzeko menua: tortila-pintxoak, baratxuri mousse-a, San Fermin jakia eta arroz-esnea. Gonbidatuek gorriz eta zuriz jantzita joan behar dute. Gonbitea, hemen.

-Azulgo Gure Txokoan: 19etan, Esker Emate meza Nuestra Señora del Carmen Parrokian; 21etan, San Fermin Afaria ‘El Patio’ aretoan. Gonbitea, hemen.

-Concepcion del Uruguayko Ibai Txorin: Plater Azoka egingo du Euskal Etxeak; menua, tripakiak eta enpanadak. Iragarkia, hemen.

-Chivilcoyko Beti Aurreran, afaria eta dantzaldia, Sanferminak eta Euskal Etxearen 35.  urtebetetzea ospatzeko. Hitzordua 21:30etan da, Palemón Huergo 73. zenbakian. Ekitaldiaren baitan 'Gernikako Arbola' Literatur Lehiaketaren zazpigarren edizioa iragarri eta aurkeztuko da.

-Gral. Rodriguezko Eusko Aterpeak uztailaren 7an, iluntzeko 7etan ospatuko du erromeria batekin. Denetik egongo da, tartean, dantzak,musika, mus partidak. Menua ere oso oparoa izango da: enpanadak, txorizoa, dilistak, sagar tarta, arroz esnea… Gonbitea, hemen.

-Gral. Villegasko Villegasko Euskaldunak-ek afari eta festa antolatu ditu ospatzeko. 21:30etatik aurrera ikuskizunak, opariak eta zahatotik-edate tradizionala. Gonbitea, hemen.

-Mendozako Denak Bat-en, 20:30etatik aurrera ospatuko dute dantza eta musika, eta janari tipiko eta etxeko garagardoarekin. Gonbitea, hemen.

-Rosarioko Zazpirak Batek dantza eta musika gaualdi batera gonbidatzen du. Ikuskizuna Rosario bertako eta Villa Mariako dantzarien esku egongo da. Jaia 21etan hasiko da. Gonbitea, hemen.

-San Nicolaseko Euzkal Etxean afaria egingo dute. Menua, oilasko errea. Hitzordua 21etan da. Gonbitea hemen.

-Tres Arroyoseko Hiru Errekan, jaiaren bigarren egunean txupinazoa botako dute Euskal Enparantzan. 12:30etatik aurrera, Txupinazoarekin batera dantzak, musika eta kantuak publikoari. Gonbitea hemen.

Uztailaren 8an:

-Bahia Blancako Union Vasca-n, San Fermin eta Independentziaren eguneko bazkaria 12:30etan hasiko da. Andoni Irazusta aretoan. Ggonbidatuek zapi gorria eraman behar dute. Gonbitea, hemen.

-Chascomuseko Zingirako Euskaldunak: San Fermin bazkaria 12:30etan, hiriko Fortín aretoan. Gonbitea, hemen.

-La Platako Euzko Etxean Euskal Etxeko taldeek prestatuko paellak bazkalduko dituzte igandean, ordu 1etatik aurrera, egoitzako Toki Alai aretoan. Gonbitea, hemen.

-Montevideoko Euskaro Euskal Etxean ekitaldi berean ospatuko dituzte Sanferminak eta elkartearen 107. urteurrena. Bazkaltzeko pintxoak, sukalki eta goxue eskainiko da; Uruguaiko musika tradizionala Pablo Mendaro kantautorearen esku, Baldomero Anso soinujolea lagun.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia