Iruñea-Pamplona. Atzo abiatu zen Iruñean Nafarroako Gobernuaren eskutik uztailaren 2a bitartean eta Argentinako Nafarroako Etxeetako —Buenos Aires, Rosario, Mendoza eta Bolívar, bina nafar etxe bakoitzeko— zortzi gazte argentinar partaide izango dituen Udako Eskolak programa, Herritarrekiko Harremanetarako Departamentuko Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza antolatzaile, NEXT estrategia barruan. Etorriak dira Sofía Urtasun eta Luciana Ros (Buenos Aires); Agustina Ducasse Unzué eta Giuliana Stagnoli Miglierina (Bolívar); Ariadna Andrea Veggiani Riba eta Carlos Alberto Velasco (Mendoza); eta María Croce eta María Candelaria Pérez García (Rosario).
Udako Eskolako saioak datorren asteburuan bukatuko badira ere, gazte gehienek egonaldia luzatzeko asmoa daukate familia bisitatu eta sanferminetara geratzeko. Atzokoa izan zuten estreineko eguna eta Nafarroako Jauregira bisitatu zuten, bertan errezibitu zituztela Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilari Ana Ollok eta Kanpo Ekintzetarako zuzendari Sergio Perezek. Aurretik paseoaldi gidatua egin zuten Iruñeko Alde Zaharretik eta Udaletxean hiriko alkate Enrique Mayak errezibitu zituen, eta Parlamentua eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa ere bisitatu zituzten egunean zehar.
Iruñeko Udaletxean Enrique Maya alkateak errezibitu eta eman zizkien azalpenak
Asteartean taldeak Erriberri bisitatuko du eta Tutera eta Bardeetaraino helduko dira. Asteazkenean, berriz, uztailaren 29an, Done Jakue Bidea izango dute eguneko ardatz, eta bisitatuko dituzte Eunateko Santa Maria eliza, Gares, Lizarra, Irantzuko monastegia eta Abartzuza.
Ekainaren 30ean Bertizaranan barrena ibiliko dira eta Amaiur, Zugarramurdi eta Elizondo ezagutuko dituzte; eta uztailaren 1ean Orregako Kolegiata bisitatu eta Donibane Garaziraino iritsiko dira, ondotik Iratiko Oihana. Orbaitzetako arma-ola eta Azpegiko gune megalitikoa bisitatuz, programari amaiera emateko Irunberriko arroila, Leireko monastegia eta Xabierko gaztelua bisitatuz.