euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Iruñean bor-bor, Diaspora argentinarreko Sanferminetako lehenengo argazkiak datozkigu

2014/07/08

Harrobia sortzen: kartoizko zezenek lagunduta, 2014ko San Fermin jaia Mendozako Denak Bat Euskal Etxean (argazkiaEE)
Harrobia sortzen: kartoizko zezenek lagunduta, 2014ko San Fermin jaia Mendozako Denak Bat Euskal Etxean (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Uztail guztietan bezala, gorriz eta zuriz jantzi dira berriro ere Argentinako nafar eta euskal etxeak Sanferminak ospatzeko. Nafarroako ohiturari jarraituz, baina ozeanoaren alde honetan sortutakoari eusteari utzi gabe, txupinazoarekin eta kartoizko zezenekin jaso zuten argentinarrek nafarren jai ospetsuena. Hona hemen, joan den asteburuan gauzatutako ospakizunen isla eta adibidea.

Buenos Aires, Argentina. Ostiralean abiatu zen Argentinako hainbat puntutan sanferminen bertako segimendu eta ospakizuna eta datorren asteburura arte luzatuko dira Hego Amerikako herrialde honetako hainbat euskal eta nafar etxeren eskutik. Iruñean ez bezala, hotza ikaragarria izan da latitude hauetako jaien ezaugarri nagusia; horrek ez ditu, hala ere, sanferminzaleak batere kikildu eta eguraldia gorabehera bat egin dute ordu hauetan Iruñeko kaleak betetzen ari diren milaka lagunekin.

2014ko sanferminak Gral Rodriguezen 2014 01

[General Rodriguez herriko Eusko Aterpea euskal etxean ‘San Fermin Mus Txapelketa’ jokatu zen joan den igandean. Valentek eta Riverok osatutakoa izan zen bikote txapelduna. Bigarren, hirugarren eta laugarren postuetan, berriz, Sosa-Marcos, Lucero-Leonardi eta Ponce-Etcheverry, hurrenez hurren (argazkiaEE)]

2014ko sanferminak Lan Platan 2014 02

[La Platako Euzko Etxean asteburu osoko programari ekin zitzaion. Motorrak berotzen hasteko, "Eneko Aritza I. Errege Baskoina" izenburuko hitzaldia eskaini zuen Luis Luquezek uztailaren 4an. Larunbatean, ordea, Xare nola jokatu erakutsi zuten Santiago Gramajo, Iñaki Gil Najera, Alan Correa, Nicolas Zanabria, Mikel Gil Najera eta Andoni Etcheverry pilotariek. Azkenik, igande goizean meza eta bazkaria izan zituzten laplatatarrek. Jaia txupinazoarekin hasi eta dantzekin luzatu zen arratsaldean zehar. Zuzeneko musika ere egon zen, Aire Aire Trikitixa Taldeko Amaiur Alkain trikitilariari esker. La Platako alkate Pablo Bruera ere bertaratu zen festara eta udalaren laguntza agindu zuen Euzko Etxeak azaroan egingo duen 2014ko Euskal Argentinar Aste Nazionalerako. San Fermin-en omenezko egitarauarekin jarraitzeko, aste honetan Entzierro dokumentala proiektatuko dute etxekoek egoitzako areto nagusian. Hitzordua uztailaren 10ean da, arratsaldeko 5:30etan (argazkiakEE)]

2014ko sanferminak Maipun 2014 03

[Maipuko euskal etxera ere iritsi ziren sanferminak. Anaitasuna-koek elizkizunak antolatu zituzten igande goizean eta arratsaldean askaria eta zinea eskaini zizkieten instituziora bertaratu zirenei. Mezan San Fermin santuaren estatuatxoa tronuratu zuten Maipuko euskal gizataldeko kideek (argazkiakEE)]

2014ko sanferminak Mendozako denak bat-en 2014 04

[Andeen magalean, Mendozako Denak Bat-ek 130 bat lagun bildu zituen sanferminak ospatzeko. Iruindarrek bezala, cuyotarrek ere izan zituzten txupinazoa eta zezenak; hemengoak, ordea, kartoizkoak, baina haur eta helduek gustura korritu zuten euren aurrean (argazkiakEE)]

2014ko sanferminak Mendozako Nafar Etxean 2014 06

[Mendozan ere baina Nafar Etxean, jaia uztailaren 6an izan zen. Festari hasiera emateko, Alma Navarra koruak abestu zuen eta horren ostean prozesioan sartu ziren kideak aretora, santuaren irudia eramanez. Segidan, abesbatzak abesti nafarrak eta argentinarrak kantatu zituen, dantzari helduek dantzatzen zuten bitartean. Dantza flamenkoak eta Nafarroako koreografia tipikoak ere taularatu zituzten edade guztietako dantzariek. Urtero bezala, buruhandi eta zezenek ez zuten jaia galdu nahi izan (argazkiak NE)]

2014ko sanferminak Pergaminon 2014 05

[Pergaminoko Lagun Onak ere izan zen jaia ospatu zuen lehenetako bat. Pasa den larunbatean egin zuen, Arrecifeseko eta Buenos Aireseko lagunak partaide (argazkiakEE)]



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia