Chacabuco, Argentina. Pozarren musika, abestiak eta dantza asko lagun, afari goxo baten inguruan, ia berrehun gonbidatuk ospatu zuten uztailaren 13an, larunbata, “Guillermo Larregui” euskal etxe chacabucotarren 35. urteurrena. Elkarretaratzea elkartearen egoitzako areto handian izan zen eta ikuskizun txalotua eskaini zuten. "EnCanto de Mujer" emakume ahots-taldeak kantatu zuen eta, euskal dantza tradizionalari dagokionez, euskal etxeko dantzari taldeek, txikiek zein helduek, girotu zuten topaketa. Kanpoan neguko gau hotza zena, afariari, dantzaldiari eta programa landuari esker giro ederrekoa bilakatu zen bertaratutakoentzat.
Topa egitea eta opil handi bat euskal elkartearen 35. urteurrena ospatzeko
“Guztia atera zen ondo, bildutako jende kopuruari, bisitei eta festan bizi izan zen giroari erreparatuta ere. Arrakastatsua izan zen eta oso pozik gaude", adierazi dio biozkarioz EuskalKultura.eus-i Guillermo Larregui Euskal Etxeko lehendakari Juan Cruz Zubeldiak. Ondoko Junin herritik Arbola Bat euskal etxeko muslariak bertaratu ziren. Eta, Mendozatik iritsita, Lautaro Pincheira euskara irakaslea izan zen ekitaldiko aurkezle. Chacabucoko Udaleko intendente Rubén Darío Golía ordezkatuz, Julieta Pederzoli Udaleko Kulturako idazkariordeak hartu zuen parte. 35. urteurrena, bestalde, “Probintziaren interesekoa” aitortu zuten.
Umeek eta helduek publikoaren txalo beroa lortu zuten euren dantzekin
Euskal dantzei dagokienez, txikienen emanaldiak ikusleak hunkitu zituen “Astonauta” dantzarekin eta Verónica Guarnalousse zuzendariak bereziki egokitutako Arku Dantzaren bertsioarekin. Gauaren hasieran, “Alaia” helduen taldeak Agurra dantzatu zuen, eta ondoren etorri ziren, Arku dantza mistoa eta Lore arkuak. Ikuskizunaren bukaeran, publikoa zutik jarri eta txalotu zuen taldeak fandangoa dantzatu zuenean. Zozketen ostean eta topa egin eta urteurren tarta banatu ondoren, dantzaldi herrikoi handi batekin luzatu zen gaua.