euskal diaspora eta kultura
2012/05/07
PUBLIZITATEA
Buenos Aires, Argentina. Hiriburu federalean, euskal gizataldeen, prentsaren eta bertako autoritateen aurrean egindako aurkezpen baten bidez eman zion hasiera ofiziala Elvira Kortajarenak Gernikako Bonbardaketaren 75. urteurrenari buruzko erakusketa ibiltariari Buenos Airesko Oroimenerako eta Giza Eskubideen Sustatze eta Defentsarako Espazioan (ESMA-ohian).
Eusko Jaurlaritzak eta Gernikako Oroimenaren Museoak antolatutako erakusketa ibiltari hau hamaika herrialdetan egiten ari da aldi berean eta Buenos Airesen apirilaren 25eko arratsaldeko 7etan inauguratu zen, 26 egunaren hasieran Euskadin, urtemugaren egunean, alegia. Eusko Jaurlaritzaren Ordezkariaz gain, Marita Perceval Argentinako Giza eskubideen Sustatze Idazkariordeak, Eduardo Jozami ‘Haroldo Conti’ Oroimenaren Zentro Kulturalaren Zuzendariak eta Jose Luis Vidaller Nieto Gudako Haurrak Elkartearen Presidenteak ere gertakariari buruzko euren ikuspuntua partekatu zuten bildutako jendearekin.
[Eusko Jaurlaritza eta Gernikako Oroimenaren Museoa antolatzaile, Argentinan, erakusketa ibiltaria Buenos Airesen aurkeztu zen (argazkia Irekia)]
"Azpimarratu behar da lehenengo aldiz Gernikako Bonbardaketaren urteurrena askatasunez gogoratzen dela Euskal Herrian. Francoren diktadurarik gabe eta ETAren mehatxurik gabe. Horregatik, Lehendakariak 2012 urtea ‘Bakea eta Askatasunaren aldeko Kulturen Urtea", adierazi zuen Kortajarenak bere hitzetan.
Argentinako erakundeetako ordezkari asko bertaratu ziren ESMA gunera aurkezpenera, tartean, EcuNHi "Nuestros Hijos-Gure Semeak" zentro kulturaleko zuzendaria eta abeslari ere baden Teresa Parodi, Maiatzeko Plazako Amonen elkartearen izenean biloba berreskuratua den Pedro Naval, Oroimenaren Agiritegi Nazionaleko zuzendari exekutiboa Judith Said eta Alejandra Birgin Parisko Etxe Argentinarreko zuzendaria.
Euskal gizataldeko kideek ere lagundu zuten Ordezkaritzak antolatutako ekitaldia. Tartean zeuden Ricardo Basterra FEVAko lehendakaria, Arantxa Anitua Laurak Bat-eko lehendakaria, Jorge Azpiri Juan de Garay Fundazioko lehendakariordea; Maria Angeles Oñederra Jose C. Pazeko Toki Eder euskal etxeko lehendakaria; Maria Susana Mendizabal Olavarriako Gure Etxe Maitea-ko lehendakaria eta Maria Esther Arrondo, Lapridako Lagunen Etxea euskal etxekoa. 97 urteko Fructuoso Perez Arrospide jauna ere egon zen erakusketaren inaugurazioan, eta bonbardaketaren bizipenak eta gudari izan zen garaiko esperientziak kontatu zizkion bildutako jendeari. Inaugurazio ofiziala bukatzean, ‘Granos de uva en el paladar’ antzezlana ikusi ahal zen. Erakusketa maiatzaren 24ra arte egongo da bisitagai, gogoratu dute Ordezkaritzatik.
Lago Puelon
Andeen magaleko herri honetan gizataldeen literatur ekitaldiaren baitan burutu zen Gernikako Bonbardaketaren urtemugaren ospakizuna, bertan sortzen ari den Eusko Sustraiak erakunde gaztearen eskutik. Apirilaren 28an burutu zen ‘Euskal literatur gaua’ Lago Pueloko Kultur Etxean eta hogeita hamarretik gora lagun bildu narrazio eta poesiaz gozatzeko. Ekitaldiarekin hasteko Gabriel Arestiren olerki bat irakurri zen. Horrez gain, Gernika herriari buruzko bideo bat proiektatu zen eta Picassoren lanaren hiru metroko kopia bat jarri zen ikusgai.
[Mendien artea, Lago Puelo herrian, ‘Euskal
Literatur gaua’ ekitaldian omendu zen Gernika (argazkia EE)]
Eduardo Elizalde eta Luis Redolfi idazleek eta Marta Cabrera kontalariak ere hartu zuten parte ekintzan. Musika ere ez zuten faltan bota ‘Literatur Gauan’. Izan ere, Santiago Javier Reyes kontzertistak publikoa liluratu zuen bere gitarrarekin. Pausaldian, pintxoak eta bestelako jangaiak eskaini zitzaizkien gonbidatuei.
Chascomusen
Chascomusen, Bonbardaketaren biktimei omenaldia egiteko eta gizarteari bakearen aldeko mezu bat luzatzeko helburuarekin ekintzen egitarau oparoa gauzatu zen Zingirako Euskaldunak euskal etxearen eskutik. Buenos Aires probintziako herri honetan apirilaren 28an ekarri zen gogora Bonbardaketaren 75. urtemuga. Ekitaldi hastapenean, erakundeko lehendakaria den Pedro Mauregui Larrandak memoria bizirik mantentzeko beharra aipatu zuen, “Intolerantziak eta gorrotoak dakartzaten heriotza eta askatasun eza berriro ez bizitzeko”.
Jarraitzeko eta ‘Gernika: Bonbardaketa’ delako dokumentala proiektatu ondoren, euskal etxearen aurrean dagoen Gouaillard plazan Gernikako haritzaren kimu bat landatu zen. Juan B. Mutuberria eta Jorge Etchepare babesleek izan zuten zuhaitza landatzeko ardura eta Emilio Armendariz dantzariak ‘Aurreskua’ egitearena.
[Kimua, loreak, murala eta dokumentala Chascomuseko Zingirako Euskaldunak euskal etxea (argazkiaEE)]
Programarekin jarraituz, Jose Otondo arkitektoak euskal etxearen egoitzako ‘Gernika’ muralaren zaharberritzea aurkeztu zuen eta iluntzean meza ospatu zen herriko Nuestra señora de la Merced Katedralean. Elizkizuna amaitzean, bildutako jendeak Udaletxean ikusgai dagoen ‘Euskal Aztarna’ erakusketa bisitatu zuen. Euskal Etxekoek esker beroak eman zizkieten Gernikako Arbolaren kimuei buruzko dokumental bat egiten ari den Javier Barriori, haritzaren kimua oparitu zuen Salvador Oriari, murala zaharberritu zuten Jose Otondo eta Poli Wulff-i, Buenos Airesko Laurak Bat-i eta Chascomus bertako euskal etxeko dantzari eta kide guztiei.
Mar del Platan eta Olavarrian
Mar del Platan, apirilaren 26an bertan egin zuten euren omenaldia Denak Bat euskal etxekoek. Ekintza 1955. urtetik bertan hazten den Gernikako haritzaren kimuaren aurrean gauzatu zen, Beti Alai dantzariak, Zuzendaritza Batzordeko kideak eta herriko agintariak lagun. Zeremoniari hasiera emateko euskal etxeko lehendakaria den Jose Martin Azarlozak hitz batzuk zuzendu zizkion bildutako jendeari eta ondoren lore eskaintza utzi eta ‘Gernikako Arbola’ abestu zen. Iluntzeko zortzietan, ‘Gernika, Bonbardaketa’ dokumentala proiektatu zen euskal etxeko Jose de Ariztimuño liburutegian. Oihartzun handia izan zuen ekimenak Mar del Platako hedabideetan.
[Mar del Platako Denak Bat euskal etxeko kideak Haritzaren kimu ainguratzen (argazkia La capital egunkaria)]
Olavarrian, berriz, herriko plaza nagusian egin zen ekitaldia. Bertan elkartu ziren Gure Etxe Maite euskal etxeko kide eta lagunak eta Pablo Ormazabal antropologoak sarraskiari buruzko hitz batzuk esan zituen: “Adierazgarria da oso Buenos Aires probintziako barrualdeko hiri batean Gernikako arbolaren kimu bat izatea. Zuhaitzaren esanahi historikoak herriaren nortasuna bermatzen du”, azaldu zuen adituak.
[Olavarriako Gure Etxe Maitea euskal etxekoak ere bildu ziren apirilaren 26an (argazkia EE)]
Arrecifesen eta Gral. Rodriguezen
Gral. Rodriguezeko Euskal Aterpea euskal etxean Pablo Picassori buruzko hitzaldi batekin gogoratu zen Bonbardaketa. Aurkezpenean ‘Guernica’ koadroaren analisi berezi bat egin zuten Maria Carmen Itcea eta Elena Itcea Gorasurreta hizlariek. Ekimena goiz eta arratsaldez egin zen eta publiko orokorrari zuzendu zitzaion.
[Arrecifesen Mitre plaza izan zen Bonbardaketa gogoratzeko aukeratutako lekua (argazkia EE)]
Arrecifesen, Euskaldunak Denak Bat euskal etxeko kideek komunitate osoari luzatu zioten apirilaren 26an Mitre plazara bertaratzeko gonbitea. Hor Juan Lucio Agotegaray kideak 1937. urtean Gernika herrian geratutakoari buruzko hitz batzuk esan zituen. Bildu ziren Mitre plazan, besteak beste, Daniel Bolinaga alkatea, Alcides Carbajales Ekoizpen eta Enplegu idazkaria, Jorge Vilaltella Kultur zuzendaria eta Adriana Arroyo eta German Olaeta zinegotziak. Ekintzak apirilaren 28an jarraitu ziren ‘Gizakion aztarna: Gernikako Bonbardaketa’ dokumentala eta lagun arteko afari batekin.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus