euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Irratiaren magia eta indar handia lagun aurrera darrai Euskal Berriak, Haraneko Euskal Etxearen irrati ziklo arrakastatsuak

2024/06/12

Ezkerretik eskuinera, Milagros Ibarbia, Andrea Criado, Natalia Suarez Caminoa eta Maite Caracotche, Haraneko Euskal Etxeko “Euskal Berria" irratsaioko lantaldea
Ezkerretik eskuinera, Milagros Ibarbia, Andrea Criado, Natalia Suarez Caminoa eta Maite Caracotche, Haraneko Euskal Etxeko “Euskal Berria" irratsaioko lantaldea

PUBLIZITATEA

Trelew, Argentina. Duela urtebete pasatxo hasi zen emititzen Trelew hiritik "Euskal Berria", Haraneko Euskal Etxearen irratsaioa. Irrati abentura gisa hasi zenak jarraitzaileak batu zituen berehala, eta finkatuz joan da asteroko informazio proposamen sendo gisa, solasgai hartuta euskal diasporaren jarduerak bai, baina baita Euskal Herriko egungo berriak ere. Martxoan hasia du saioak bere bigarren denboraldia, elkarrizketa ugarirekin eta, ohi duenez, musikalizazio lan bikaina ezaugarri.

“Irratiaren magiari eusten dio saioak, airera zuzenean ateratzearen zirrara atxikitzen du, baina teknologiak eskaintzen dizkigun aukerak ere lagun ditugula, esaterako mugikor batetik bidalitako esteka baten bidez mundu osora iristeko aukerarekin, edo noiznahi ikus daitekeen podcast baten bidez", laburbiltzen dio EuskalKultura.eus-i “Euskal Berria” egiten duen taldeko kide eta Haraneko Euskal Etxeko lehendakari den Milagros Ibarbiak, nabarmenduz programa, munduko edozein puntatik, asinkronikoki entzuten dutenek bidaltzen dizkieten iruzkinak.

Programa guztiak Spotifyn daude

Euskal Berriaren 2024ko zikloa martxoan hasi zen, Haraneko Euskal Etxearen proiektu instituzionalei buruzko programa batekin, Milagros Ibarbia lehendakaria elkarrizketatu gisa. Emakumearen hilabetean FEVAko lehendakari Arantxa Anitua eta Laura Nobile genealogista saioratu zituzten eta, Haraneko Euskal Etxean garatutako jardunaldi parte-hartzaileari buruz hitz egiteko, Marta Arrascaeta bazkidea ere elkarrizketatu zzten.

 
Irratsaioko gidari Andrea Criado eta Haraneko Euskal Etxeko bazkide Marta Arrascaeta, AM580 LU20 Radio Chubuteko estudioan elkarrizketatua

Apirilean, "euskal efemeride garrantzitsuen hilean", Aberri Eguna eta Sabino Aranaren figura jorratu zituzten. Tokiko istorio bat berreskuratuz, Juan Emilio Arbeletche bazkidearen eskutik, honen birraitona Patagoniara, Valdés Penintsulara hain zuzen, iritsi zenekoa gogoratu zuten eta, horrekin batera, euskal abeltzaintzaren hastapena izan zen gaia. Euskal Herriko hauteskundeen harira, Jose Saldiasi egindako elkarrizketa batean euskal antolaketa politikoa azaldu zuten eta, Gernikako Bonbardaketa gogoan, Xabier Irujo izan zen elkarrizketatua. Euskara eta 'Euskara Munduan' programa ere hizpide izan zuten, Iñaki Esquiroz bazkidea mintzakide.

Maiatzeko lehen elkarrizketa Mauro Telletxea albokari eta lutier argeninarrari egin zioten. Haraneko Euskal Etxearen 30. urteurrena ospatzeko, Natalia Suarez Caminoa bazkidearen testigantza jaso zuten. Bilbon bizi den Marcos Tedin Uriburu kazetari argentinarra ere izan zuten  solaskide. Hiru Erreka Euskal Etxeko Patricia Puenterekin, Juana Azurduy eta Argentinako independentzian euskaldunek izan zuten partaidetzaz mintzatu ziren. Ekainean, Mariana Demichelis Uribeondo euskal zeramika adituaren ahotsarekin iritsi zen. Aste honetako saioan, Atahualpa Yupanquiren lana eta euskal sustraiak hautatu dituzte mintzagai. Eta hurregoan, Martin Miguel de Güemes eta euskal emakumeen balentria.

Andrea Criadok, Milagros Ibarbiak, Natalia Suárez Caminoak, Maite Caracotchek eta Ignacio Esquirozek egiten dute “Euskal Berria”. Saioa zuzenean entzun daiteke, astearteetan 15:00etan [20;00ak Euskal Herrian], AM580 LU20 Radio Chubut irratiaren bidez eta web orriaren bidez, eta baita, edozein une eta lekutan, Spotify bidez ere, hemen klik eginez.

Zorionak!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia