Hondamendi galanta utzi dute Kuban azkeneko haizerauntsiek eta kalteetako asko konpontzeak bere denbora hartuko du. Ez dugu berririk izan irlako euskal komunitatean makur pertsonalik gertatu izanaz, baina irudiak heldu zaizkigu Ciego de Avila herriko pilotalekuek jasandako kalteez. Bertan antolatu ohi dira nazio mailako txapelketa eta partidetako batzuk, eta Irma hurakanak gogor jo eta desegin ditu.
Ciego de Avila, Kuba. Pilotalekuak zutik zeuden eremua garbitzen eta txukuntzen hasiak dira. Agintarientzat argi dago kirol instalazioak tamalez erabilezinak geratu direla eta planak egiten hasiak dira kantxak berriz eraiki eta bertan pilotan jokatzeko moduan lehenbailehen jartzeko. Avila probintziako Kirol zuzendari Leonardo Rodriguez Sanchez-en esanetan, «Irmak kantxak bota ditu; paretek 20 bider 30 metroko luzera zeukaten eta bederatzi metroko zabalera, beraz berreraikuntza lanak oinarritik hasi beharko ditugu». adierazi dio INDER, Instituto Nacional de Deportes, Educación Física y Recreación erakundeko JIT aldizkariari.
«Altzairua falta badugu ere, ez baitago gure lurraldean, bildu ditugu dagoeneko hiru mila bat bloke, eta porlan kopuru esanguratsu bat, eta honek bermatzen du instalazioak berreraikitzeko borondatea, bertan egin ohi ditugu-eta eskolarteko haur eta gazte jokoak, eta bertan hezi eta hazi baititugu urtetan diziplina honetan lanen aritu izan diren gure atletak», esan du buruzagiak.
«Deialdia egin diegu eraikuntza alorreko erakundeei, euren lankidetza biltzearren, eurak baitauzkate materiala igotzeko tresneria eta bestelako aldamioak, beharrekoak direnak altueran lan egiteko», esan du. Oro har, fenómeno hidrometeorologikoak kalte handiak utzi ditu Ciego de Avila eskualdeko kirol baliabideetan, zink-eko estalki eta zuntz-porlanezko teiletatik hasi, instalazioak arraildu, puskatu eta zinez hondatzeraino, tartean kalteak zurlanen eta estalki inpermeabilizatuen galera, JITek bildu duenez.