Vitoria-Gasteiz. Guztia prest Gasteizko Montehermoso Jauregian Mundu-Batzarrari ekiteko eta atzo, lehenengo eguna izan zuten Euskal Herrian, bilkuran parte hartuko dutenetako asko. Piskanaka iristen joan dira elkarretaratean parte hartuko dutenak, eta batzuk arratsaldez eta gauez iristen ari baziren ere, zeudenentzako bisita Gernika eta Bilbo aldera prestatu zuten antolatzaileek, arratsaldeko seiak aldean, berriz, bisita egiteko Eusko Legebiltzarrera. Bederatziak aldera, eta eguraldi euritsua lagun, Kongresu aurreko afaria egin zuten partehartzaileek, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia eta Asier Vallejo Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria bertan zirela.
Munduan euskal etxerik daukaten herrialdeak 25 badira, arrazoi desberdinengatik hiruk egin dute kale eta beraz 22 herrialdetako ordezkari ofizialak etorri dira, orotara, delegatu gisa, 59 pertsona arituko direlarik Kongresuan delegatu, mintzatzeko eta bozkatzeko ahalbidetuta. Horiekin batera Gaztemundu programako 15 gazteak ere partaide dira; Lehendakariaren lau gonbidatu, horien artean Hugo Andikoetxea Argentinako FEVA federazioko presidentea eta Valerie Arrechea Estatu Batuetako NABO federazioko lehendakaria; Lehendakariaren Euskal Gizatalde Gaietarako Aholku Batzordeko kideak ere; Euskadiren Ordezkaritzaburuak munduan, eta entzule gisa egoteko eskabidea egin duten Diasporarekin harremandutako beste hainbat pertsona; guztira, 170 bat partaide.
Hona gaurko egunari dagokion kronograma:
Urriaren 7a, asteazkena
08:15 Batzarkideen akreditazioa
09:00 Marian Elorza, Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusiaren ongietorria
09:10 Batzarraren irekiera Iñigo Urkullu Lehendakariaren eskutik
09:20 Irekiera hitzaldia Kingsley Aikins-en eskutik (“Diaspora Matters”-eko zuzendaria)
10:00 Kafe atsedenaldia
10:30 Euskal gazteriaren emigrazioari buruzko txostena (Itsaso Andueza, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren Presidentea)
10:50 Egungo euskal emigrazioa unibertsitate ikasle gazteen ikuspegitik (Rosa Arburua, Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskola, UPV/EHU)
11:10 Belaunaldi aldaketari buruzko eztabaida
12:10 “eLiburutegia” proiektuaren aurkezpena (José Ángel Muñoz, Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea)
12:30 Ozeanoz haraindiko harremanak XV. mendetik gaur arte (Xabier Agote, “Albaola” Fundazioaren Presidentea, Euskal Itsas Ondarea)
12:50 Euskal etxeen etorkizunari buruzko mahai ingurua: kultur eta hezkuntza programak, eta haien hedapena
14:00 Bazkaria
15:30 Mahai ingurua: Euskal etxeak irekitzea: lankidetza beste diaspora batzuekin eta gizartera irekitzea
BIDEAN DAUDEN IKERKETAK
16:30 Euskal batzarrak Argentinan (Magdalena Mignaburu, Josu Legarreta)
17:00 Buenos Aireseko “Ekin” argitaletxea eta Montevideoko “Euskal Erria” argitaletxea (Mª Elena Etcheverrry de Irujo, Xabier Irujo, Alberto Irigoyen)
17:30 Caracaseko Euskal Etxeari buruzko eta Venezuelako euskal erbestealdiari buruzko proiektua (Xabier Irujo, Alberto Irigoyen)
18:00 Boise-Oñati lehen trukearen 40. urteurrena (Iñaki Galdos)