euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Irlandako euskaldunek bertso-dinner jaia antolatu dute Belfasten Fredi Paia eta Arkaitz Estiballes bertsolariekin

2008/04/16

Fredi Paia bertsolaria Belfasten izango da
Fredi Paia bertsolaria Belfasten izango da

PUBLIZITATEA

Bertsoen errima eta doinuak entzungai izango dira maiatzaren 3an Belfasten, bertako euskaldun talde batek antolatu duen Bertso-Dinner jaiari esker. Fredi Paia eta Arkaitz Estiballes bertsolariak arituko dira kantari eta Irlanda eta Eskozian bizi diren euskaldun asko bilduko dira jaira. Oraindik leku gutxi batzuk gelditzen dira, euskal-irlandar jai berezi honetan parte hartu nahi dutenentzat.
Jaia goizean hasiko da, hala nahi dutenek Belfast hirian zehar tour politikoa egiteko aukera izango dutelako. Coiste Political Tours errepublikar preso ohien enpresak antolatzen ditu tour hauek eta bertan parte hartzen dutenek Belfast hiriaren eta Irlandako historiaren toki esanguratsuak ezagutzeko aukera izango dute. Euskaldunentzat aukera aparta izango da, gainera, gidaria euskalduna izango delako. Tourraren prezioa zortzi liberatakoa da eta parte hartu nahi duenak e-maila bidali behar du hona.

Arratsaldeko bostetan jarraituko du eguneko programak, Belfasteko pubetan egingo den triki-poteoarekin. Arratsaldeko zazpietan hasiko da bertso-afaria (edo bertso-dinner, irlandar estiloan), La Boca jatetxe argentinarrean. Menua sagardotegikoa izango da: txorizoa sagardotegi erara, bakailao tortilla, bakailaoa piperrekin, txuleta, intxaurrak, gazta eta irasagarra. Edateko ardo euskalduna zerbitzatuko dute eta afariaren prezioa 25 liberatakoa izango da.

Euskal Herritik erantzun ona

Bazkalostean Fredi Paia eta Arkaitz Estiballes bertsolarien txanda helduko da. 'Paia eta Estiballes aukeratzeko orduan orain dela bi urte Galway Basque Committee-k antolatutako Euskal Jaiaz gogoratu ginen', azaltzen dute antolatzaileek. 'Hantxe egon zen Paia bertsolari-dantzari-koplakari-bibolin jolea, sekulako festa-gizona'. Paia eta Estiballesekin batera beste bi albokalari eta trikitilari ere izango dira jaian.

Antolatzaileek, gainera, eskerrak eman nahi izan dizkiete jaira biltzeko prest agertu ziren beste hainbat bertsolariri: Jon Maia, Unai Iturriaga, Igor Elortza eta Hamaika Bertute taldeko bertsolari gazteak. 'Ziur gaude jasotako erantzun ederrarekin hauxe ez dela azkeneko bertso-dinner-a', gaineratzen dute.

Konplizidadea irlandar eta euskaldunen artean

EuskalKulturarekin hizketan, Amaia eta Beñat antolatzaileek euskaldun eta irlandarren arteko konexio ona azpimarratzen dute. 'Amankomunean gauza asko ditugu (askatasunaren aldeko borrokak, milaka urteetako kulturak eta hizkuntzak, bizitza gozatzeko eta ongi pasatzeko gogoak...). Berehala sortzen da konplizidadea irlandar eta euskaldunon artean. Edozein tabernara zoazela, batez ere iparraldean, euskalduna zarela esan eta jendeak pozez ematen du ongi etorria eta tragoak ateratzen dizkigute', azaltzen du Beñatek.

Horregatik, bertso-dinner-a euskaldunei zuzendutako ekitaldia bada ere Euskal Herria maite duten irlandarrak ere han izango dira. 'Tartean Diarmuid Breatnach Mentxaka euskal-irlandarra. Mendeetako tradizio irlandarrari jarraituz sean-nós kantak abestuko ditu afarian', aipatzen du Beñatek, euskal irlandar giro berezia iragarriz.

Bertso-dinner honetan parte hartu nahi duenak izen-abizena eta telefono zenbakia helbide honetara bidali behar ditu bertsodinner@gmail.com edo 0044 751 451 17 97 telefonora deitu. Antolatzaileek Belfasten lo egiteko ostatuen berri ere ematen dute.


Lotura interesgarriak

Irish Basque Committees
www.irishbasquecommittees.blogspot.com

Euskaldunak eta eskoziarrak Nazioen Mundua ekimenean batuta
EuskalKultura.com-en argitaratua 2008ko martxoaren 26ean

Euskal bertsolariak Ameriketan biran
EuskalKultura.com-en argitaratua 2008ko martxoaren 11an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia