euskal diaspora eta kultura
2009/05/21
PUBLIZITATEA
Sabrina Otegi/Buenos Aires. Gibelera euskalerriratu aitzinetik egin dio elkarrizketa EuskalKultura.com-ek Jose Angel Irigarayri, 'Siete poetas vascos' liburua Buenos Airesko Nazioarteko Liburu Azokan, mundu hispanoan Guadalajarakoarekin (Mexiko) batera garrantzitsuena den azoka horretan, aurkezturik, eta gauza bera eginik Argentinako eta Uruguaiko zenbait euskal etxetan. Aurkezpenok gauzatzen zituela, eta han-hemenka egin dituen lagunek gonbidatuta, aukera izan du hemengo euskal munduko eguneroko gauzapen batzuetan murgiltzeko, eta hemengo Euskal Herri barnean lehenengo murgiltze bat egiteko. Bere sentipen eta iritziez, eta oro har bidaiaren emaitza eta ikaspenez luzatu dizkiogu galderak.
-Lehenengo aldia Argentinan?
Bai, lehenengo aldia da, eta gogo handiz gainera. Badakizu, euskaldun guztientzat Argentina berezia da. Euskal Herrian ez dago familiarik Argentinan ahaideren bat edo aurrekoren bat ez daukanik. Gurean ere hala da, amatxi bat kasik hemen sortua zen, haren gurasoak Euskal Herritik etorri ziren eta gero batzuk berriz itzuli ziren. Oraindik badut familia hemen, amaren zein aitaren aldetik.
-Nola bururatu zitzaizun hona etortzeko proiektua?
Duela urte bat, gutxi gora behera, Xamarren “Orhipean” liburuaren erdarazko ale batzuk FEVAri ekarri zitzaizkion. Geroztik, Diasporako euskaldungoa gogoan, Xamar beraren ‘Euskara Jendea’ erdarazko “Los Vascos” liburua argitaratu da, Udalbidek lagundurik; heiek nahi izan zuten Buenos Airesko Liburu Azokan lehenik eta Argentinako zenbait Euskal Etxetan ondotik aurkeztua izan zedin. Hori zela-ta, Pamiela argitaletxeak pentsatu zuen egoki zatekeela “Siete poetas vascos” liburua harekin batera Argentinan aurkeztea.
Ondorioz, talde txiki bat osatu zen aurkezpen horiek behar bezala egokitzeko eta janzteko: Xamar bera, noski, Ruper Ordorika --zazpi poeta horietako batzuen poemak musikatu izan dituelako eta osagarri ezinago egokia izan zitekeelako-- eta ni neu, poesia liburuaren edizioaz arduratu naizelako. Gehi Pamielako Pello Elzaburu, kontaktu eta harremanak egin dituena, eta Ruperrekin jotzeko argentinar jatorriko eta harekin dexente jotakoa den Dani Perez gitarrajole trebea.
Helburua betetzeko, FEVAk liburuen aurkezpenak eta Ordorikaren kontzertu eta poesia ekitaldiak antolatu edota bideratu zituen: Liburu Azokakoaz gain, Buenos Airesen bertan Euskaltzaleak Elkartearen eskutik (San Telmoko kulturgunean eta bere egoitzan), Montevideon (bertako Euskal Erria Elkartearen bitartez Zitarrosa Aretoan eta bere egoitzan), Bahía Blancan (Unión Vasca Euskal Etxean eta Unibertsitateko antzoki-aretoan) eta Rosarion (Zazpirak Bat Euskal Etxean).
-‘Siete poetas vascos’, nola agertuko zenuke liburua?
Garrantzitsua da, nire aburuz, itzulpenak baliatuz hizkuntza eta kulturen artean zubiak landatzea --tamainan eta oreka mantenduz--, areago diglosiazko egoeran dauden hizkuntza-kulturetan. Euskal letretan poesia itzal berezia eta garapen oparoa dauzkan literatur generoa da. Horregatik, euskal lirikaren berri ematea beste hizkuntzetan, onuragarria ezezik, beharrezkoa iruditzen zitzaigun. Aspaldiko asmoa zen bertan publikatu duten zenbaiten poesia bilduma itzulia argitaratzea. Badira gehiago, baina aipatutako liburuan Luigi Anselmi, Bernardo Atxaga, Jon Gerediaga, Tere Irastortza, Xabier Lete, Xabier Montoia eta Joseba Sarrionandia hautatu genituen. Esanguratsu eta onenetarikoak direlako.
Edukiari dagokionez, liburuak euskal poesiari buruzko eta edizioari dagokion sarrera bat dakar, nik egina, seina poema, euskarazko originala eta espainerazko itzulpena, eta egile bakoitzaren soslai bio-bibliografikoa, Joxemiel Bidadorrek egina. Azaleko irudia eta barneko marrazkiak Juan Luis Goenagarenak dira. Buenos Aireseko Liburu Azokan --apirilaren 23an-- eta ondoren aipatutako euskal etxeetan aurkeztea aukera ezinago egokia zelako etorri gara. Denetan interes berezia piztu du eta pozik gara jendeak erakutsi duen arretarekin.
-Argentina eta Uruguaira etorri baino lehen, izana duzu kontakturik Diasporarekin?
Ia hamar urte aritu naiz Bilboko Kafe Antzokian, ekimen eredugarria, euskararen mundutik sortu eta garatu den gune-dinamikarik interesgarrienetakoa. 1996an, antzokiaren bigarren urtean, Diasporaren jaia egiten hasi zen bertan. Despedidako jaia Kafe Antzokian ospatu zen eta Diasporako zenbait jende ezagutzeko aukera izan nuen. Jai hartan egon ziren batzuk hemen aurkitu ditut. Ipar Ameriketako euskal jatorriko jendearekin ere harremanak izan ditut, aspaldi.
-Eta, zer diozu Diasporaz?
Erantzun erraza ez daukan galdera da. Diasporak jatorri desberdinak izan ditzake, baina gutxiz gehienetan, beti ez esateagatik, bortxara egiten den migrazioa da. Gustura bakan (nahiz beti izan diren menturak tirriatuak alde egiten dutenak, noski). Alde egin behar izatearen zergatikoetan ekonomiaren eraginak, politikarenak, gerla eta errepresioak, katastrofe naturalak, osasun arazoak eta halakoak izan ohi dira; batzuetan arrazoi bat baino gehiago. Begi bistakoa da, dena den, jende askoren existenziarekin zer ikusi duen egoera dela. Doazenek pairatzen dute haustura bortizkien, ondokoengan, gehienetan, laxatu egiten da trauma hori eta aiseago txertatzen dira eta parte hartzen dute, hein eta maila desberdinetan, hartu dituen sozietatean. Onenean, haien ekarpenak bertan txertatzen dira eta hartzaile den sozietatearen eraikitzaile bilakatzen dira.
Nik uste, puska handi batean, hori dela euskaldunen kasua Argentinan. Badirudi herritik alde egitean indar eta kemen berezi batez pusatuak izan zirela hainbat eta hainbat euskaldun sozietate berri bat eraikitzera (herritar xeheak ditut gogoan, ez modu kolonizatzailean ibilitakoak, noski). Ondorioa da, denboraren poderioz, etorkin haien seme-alabak edota ondokoak hartzaile den sozietateko herritar sentitzen direla. Eta hori ez da bakarrik normala, egokia da; hala behar du. Pentsatu nahi dut hartzaile den sozietatea aberastu egiten dela, ekonomikoki, kulturalki, justizia eta elkartasun aldetik etorkinen jatorriari esker, baina bertan propioki txertatuz hizkuntza, kultura…
Gainera, horrek jende-emaile izan den herria ere asko lagun dezake, areago menderatuta edo egoera larrian baldin bada. Hori izan daiteke euskaldungoaren kasua, bai sozietate berriari dagokionez, Argentina, bai sozietate emaileari dagokionez, Euskal Herria. Tokian tokikoa errespetatuz, trukezko harreman aske eta aberasgarria garatzea izango litzateke helburua.
Gauza jakina da, bestalde, euskal jatorrizko jende kopuru handiena Argentinan dagoela, beharbada Euskal Herrian baino handiagoa. Euskal Herria herri aske bat izango balitz seguraski ez litzateke hain garrantzizkoa izanen diasporaren afera, diasporarekiko arreta eta kezka, diasporak eskain dezakeena. Baina ez da kasua. Argentina osoan ehun bat Euskal Etxe omen dira, horien inguruan milaka pertsona, eta haietatik urrun daudenak oraindik gehiago… Iruditzen zait horrek denak duen potentzialitatea handia dela, geruza desberdinak dauzkan euskaltasun zabal bat badagoela. Nik uste dexente egiten dela, dinamika handia dutela; hala ere, beti bezala, dinamika optimizatu daiteke, eta hori esatean, gehien bat, Euskal Herritik datorrena dut gogoan. Hemen, agian, gehiago direla iduritu baitzait integratuagoko bideak jorratzeko, hain premiazkoa den jauzi kualitatibo bat emateko… Azken buruan, munduko aniztasun eta biodibertsitate kulturalaren alde zer esan berezia daukagu egoera larrian gauden kulturok… eta menperatzaile kulturek zer egina frango benetako jauzia emateko horren alde.
-Batzuek esaten dute Diaspora, finean, Euskal Herriaren isla baizik ez dela…
Bai, hori esatera nindoan. Oso erraza baita handik etorri eta hau eta hura esatea edota “eskatzea” hemengoei. Bien arteko harremana dialektikoa da, baina, lehen nioena, erantzukizun nagusia inon egotekotan han dago, Euskal Herrian. Politika mailaz gain, kultur eremuan, gaitasun eta koherentzian…
-Baduzu itxaropenik? Zer espero duzu bidaia honetatik? Zerbait aldatzea?
Bai, beharbada bai. Nik hemen borondate eta gaitasun hori sumatu dut, edo hala iduritu zait. Aski litzateke hemen, euskal etxe eta elkarte bakoitzak bere gunea eta historia atxikiz, ahaleginak egitea egoera hobetzen hasteko, euskaldungoaren dinamika hemen maila eta koherentzia handiagoz mamitua izateko. Bestalde, ez luke zaila izan behar euskal editoreen eta Buenos Airesko Liburu Azokaren artean, FEVA tarteko, zubi oparo eta jarraitua finkatzea (liburuak, idazleak, aurkezpenak… euskal etxeetara ere eramaten ahal direnak). Frankfurtera bezala Buenos Aireskora etortzea oso garrantzizkoa da euskaldunentzat, baitezpadako hitzordu berezia izan beharko luke… Dena den, azkenean, zerbait aldatuko da guk zerbait aldatzen badugu, hemen eta han, Euskal Herrian eta Argentinako euskaldungoan.
Lotura interesgarriak
FEVA, 'Euskal Argentinar Bazkun Alkartasuna'
www.fevaonline.org.ar
Pamiela Argitaletxea, Iruñea
www.pamiela.org
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus