euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Iribarne-Ratto Juningo bikote argentinarra garaile Cuscon Euskal Gizataldeen 45. Munduko Mus Txapelketan

2024/10/28

Mariano Iribarne eta Edgardo Ratto bikote argentinarra irabazle Euskal Gizataldeen arteko 45. Munduko Mus Txapelketan
Mariano Iribarne eta Edgardo Ratto bikote argentinarra irabazle Euskal Gizataldeen arteko 45. Munduko Mus Txapelketan

PUBLIZITATEA

Cusco, Peru. Argentinako bikotea geratu da gailen joan den aste osoan Cuscon jokatu den Euskal Gizataldeen 45. Munduko Mus Txapelketan. Mariano Iribarne eta Edgardo Ratto bikote junindarrak lortu du lehenengo postua sailkapen-taulan; bigarren Mexikoko Euskal Etxeko Juan Jose Echenique eta Isidro Mendiburu bikotea geratu da eta hirugarren, Australiako Irene Sanjurjo eta Xanti Iza sailkatu dira, azken kasu honetan gainera reentré ederrarekin, Australia urte batzuen ondoren itzuli baita aurten munduko saioetara.

Euskal Etxe antolatzaileak proposatutako egitarauari fin helduz, Txapelketako hondarreko partida, eta ondoko sari-banaketa eta agur-afaria larunbatean bertan izan ziren; eta bai partidaren amaieran zein saria jasotzean eta afarian txalo zaparrada ederra jaso zuten bikote txapeldunak. Irabazleekin batera, partaideak oro har eta anfitrioiak ere poz-pozik geratu dira egunotan bizi izandakoarekin. "Gustura gaude oso", esan dio irribarrea ezpainetan EuskalKultura.eus-i EE antolatzaileko erreferente den Alberto Escobalek. "Argi daukagu Munduko Txapelketak aparta behar duela izan urtero, horretarako lan egiten baitugu, baina plazer berezia ematen du jendeari entzun eta esaten dizutenean oroitzapen ahaztezinez itzultzen direla etxera".


Bigarren postuan, Juan Jose Echenique eta Isidro Mendiburu (Mexiko); hirugarren Xanti Iza eta Irene Sanjurjo (Australia)


Txapelketako muslari, ordezkaritza eta laguntzaileak Agur Jaunak kantatzen azken agurreko afarian

"Musa indartsu dabil, baina eutsi egin nahi diogu apustuari, eta ugaltzen ari gara gazte eta emakume gehiago erakarri eta euren partaidetza suspertzen, baita euskararen erabilera sustatzen ere, tartean, esaterako, euskal etxe eta herrialde batzuetan ikastaroak euskaraz eskaintzen, Etxepare laguntzaile. Gogor dihardugu gaur eguna ezezik, geroa ere indartsua izan dezan musak, eta segi dezan gure barrua alaitzen eta egunotan elkarrekin eta musa lokarri bizi izan ditugun lagunarteko momentuak ematen".

Sailkapen taula

01 Argentina, Mariano Iribarne eta Edgardo Ratto
02 Mexiko, Isidro Mendiburu eta Juan Jose Echenique
03 Australia, Irene Sanjurjo eta Xanti Izal
04 Nafarroa, Alberto Lizar eta Carlos Gómez
05 Euskadi 1, Cesar Rasines eta Aitor Tolosa
06 Euskadi 2, Edorta Conde eta Guillermo Acebo
07 Frantzia, Alain Vergez eta Mattin Plattier
08 Estatu Batuak, Nick Vizcay eta Tony Espinal
09 Peru 2, Juan José Meneses eta Iván Huerga
10 Peru 1, Eugenio Lopez eta Victor Lopez
11 Txile, Jorge Oyarzun eta Fermin Sarratea
12 Venezuela, Mariano Larrañaga eta Fernando Blanco
13 Uruguai, Oscar Bignotti eta Leonel Perez
14 Kanada, Frank Altuna eta Teodoro Ruiz


Sailkapen nagusiaren taula, informazio osoarekin, partida eta xehetasunekin

2025eko Mundu Txapelketa, Macachinen

Cuscon erabaki zenez, bestalde, 2025ean Mundu Mus Txapelketa Argentinan egingo da, Macachin-en hain zuzen. Aurtengoak, Limako Euskal Etxeak antolatzaile, maila altua utzi du, eta momentu oso bereziak izan ditu, "mistika handiarekin". Macachineko Euzko Alkartasuna Euskal Etxea, dena den, eskarmentu polita dauka mus txapelketak eta euskal festak oro antolatzen eta Txapelketa aparta agindu dute, muslariek espero eta merezi hainakoa... gutxienez.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia