Etxepare Euskal Institutuko Kulturaren Sustapenerako eta Hedapenerako oraingo zuzendari Irene Larraza izango da erakundearen buru urtarriletik aurrera. Miren Arzalluz ordezkatuko du karguan. Hala, oraingo zuzendariak urtearen amaieran utziko ditu dagozkion funtzioak Pariseko Palais Galliera modaren museo prestijiotsua zuzentzeko.
Donostia-San Sebastian. Komunikazio Zientzietan lizentziatua Nafarroako Unibertsitatean eta kulturaren eremuan ibilbide luzea egina, Larrazak (Tolosa, 1970) erantzukizuneko lanpostuak bete izan ditu komunikazioaren eta kultur kudeaketaren eremuetan. Hasiera batean, Herri Irratian esatari eta erredaktore lanetan aritu zen hiru urtez. Ondoren, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneko Sustapenaren eta Hedapenaren arduradun izan zen hiru urtez, eta zortzi urtez izan zen Syntorama musikarien ordezkaritza-agentziako Sustapenaren, Komunikazioaren eta Editorialaren arduradun.
2008 eta 2012 urte bitartean Tolosako Udalean garatu zuen bere ibilbide profesionala Kulturako Koordinatzaile eta Zuzendari gisa. 2012az geroztik, Etxepare Euskal Institutuaren taldeko kide da Larraza. Bertan, Komunikazio Arduraduna izan zen aurrena, eta 2016ko azaroaz geroztik Kulturaren Sustapen eta Hedapen Zuzendaria hurrena.
Izendapen honekin, Kulturako eta Hizkuntza Politikako Sailak jarraipena eman nahi dio duela urtebete Miren Arzalluzekin hasitako etapari, erakundea, herrialdearen kultur ehuna eta bere premiak sakonetik ezagutzen dituen pertsona honen bitartez, bere aurretik kargua bete zuenak abian jarritako proiektua ondo asko ezagutzen duela kontuan hartuta gainera.