La Plata, Argentina. Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larrazak La Platako Unibertsitate Nazionala (UNLP) bisitatu zuen joan den ostiralean, azaroaren 1ean. Buenos Aires probintziako hiriburura egiten duen bere lehenengo bisitan hitzaldia eskaini zuen Unibertsitatean 2007tik funtzionatzen duen Euskara eta Euskal Kultura Irakurletzako kide eta lagunen aurrean, Institutuak euskara eta euskal kultura sustatu eta zabaltzeko dituen ekimen eta programak azalduz.
Hitzaldiaren aurretik, bilera izan zuen, partaide izan zirela Irakurletzako Aholku Batzordeko kide den Cesar Arrondo, UNLPko Nazioarteko Harremanetarako Zuzendaritzako Natacha Guiñazu eta Sabrina Otegui irakurle berria. Unibertsitateko Arlo Instituzionaleko lehendakariorde Marcos Actis Ingeniariak ere errezibitu zuen Etxepare Euskal Institutuko zuzendari nagusia.
Gogora dezagun Etxepare Euskal Institutuak 9 katedra dituela indarrean mundu osoko beste hainbeste unibertsitatetan eta irakurletzei dagokienez, 18 herrialdeko 35 unibertsitatetan dagoela presente.
Etxepare Euskal Institutua Facebooken, Etxepare Euskal Institutua