euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Irene Larraza, Etxepare Institutua: "Urtero herrialde bat izango dugu jomugan euskal kulturaren presentzia era nabarmenagoan lantzeko"

2018/07/26

Irene Larraza, Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria bere bulegoan, Etxepareren Tabakalerako egoitzan
Irene Larraza, Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria bere bulegoan, Etxepareren Tabakalerako egoitzan

PUBLIZITATEA

E. I. / Donostia-San Sebastian. 2012tik du Irene Larrazak  Etxepare Institutuarekin harreman estua, Institutuko komunikazio arduradun izatetik Kulturaren Sustapen eta Hedapenerako zuzendari izatera pasa zen, eta urtarrilaz geroztik erakundearen buru da. Urte erdi pasatxo egin ditu jada zuzendari karguan. Elkarrizketa honetan bere ibilbideaz eta Institutuaren erronkez jardun dugu.

-Urte erdi pasatxo egin duzu jada zuzendari karguan, nolakoa izan da bidea?

2018ko urtarrilean hasi nintzen zuzendari lanetan eta denbora pixka bat behar izan dut moldatzeko, noski, hainbat ardura berriak zirelako niretzat. Gainera, nik aurreko urtean bete nuen postua, Kultura Sustatzeko arduradunarena, ezin izan genuen maiatzaren amaierara arte bete, beraz tarte batean egiteko hori ere nire menpe egon da. Baina orain taldea osorik dago eta uste dut martxa ona hartzen ari garela. Etxea eta lankideak aurrez ondo ezagutzea abantaila handia izan da.

-Komunikazio arduradun bezala bost urtez lanean egon ostean Institutua ondo ezagutzen duzu eta, ziurrenik, kargua hartu zenuenean zenbait aldaketa izango zenituen buruan. Zeintzuk dira? Egin dituzu?

Bai, Etxepare sortu zenean Komunikazio arduradunaren plaza eskuratu nuen, eta hor aritu nintzen 2012tik 2016ra arte. 2017an, berriz, Kultura Sustatu eta Hedatzeko arduradun postua betetzeko hautaketa prozesura aurkeztu nintzen; lortu eta urtebete eman nuen horretan, zuzendaritza orokorra hartzeko aukera eskaini zidaten arte.

Institutua barrutik ondo ezagutzeak, gaiak menperatzea ez ezik, baliabideen neurriaren eta testuinguruaren ezagutza ere badakar. Hobetzeko ditugun arloak identifikatuta bagenituen eta baditugu, baina aldaketak aurreikusterakoan errealistak ere izan behar dugu.
Une honetan gure esku dago lan talde mailan prozedura batzuk hobetzea eta lan batzuen banaketa birpentsatzea, batez ere. Koordinazio eremuan bada zer hobetua, bai eta gure hartzaileekiko komunikazioan ere.

-Aurreko zuzendariak markatutako bideari jarraipena emango zeniola adierazi zenuen. Hala izango da edo beste ildo batzuk ere landuko dituzu?

Nire ustez Institutuak oso bide koherentea jarraitu du sortu zenetik: Aizpea Goenagak eta bere taldeak -Mari Jose Olaziregirekin Euskara sustatu eta hedatzeko atalburu lanetan- egundoko lana egin zuten erakundea sortu eta martxan jartzeko. Haiek abiatutako ildo gehienak indarrean jarraitzen dute oraindik ere, zentzuzkoak zirelako eta direlako.

Miren Arzalluz 2017an zuzendari zereginetan hasi zenean proiektuaren azterketa sakon bat egin zuen, eta ildo estrategiko zehatz batzuk ezarri zituen 2017-2020 urteetarako, gero Zuzendaritza Batzordeak onartu zituenak. Nik bide orri hori jaso nuen eta horri heldu diot, jakina, besteak beste definizio prozesu horretan ere parte hartu nuelako. Une honetan, beraz, ardatz nagusiak eta erakundearen neurria ez dira aldatu. Iruditzen zait egiteko moduetan egin dezakedala nik ekarpena, eta horretan batez ere gertutasuna eskaini dezakedala uste dut: Etxepare zerbitzu bat eman behar duen erakunde bat dela eta ateak zabalik dituela azpimarratu nahiko nuke.

Baina ni lan taldearen pieza ikusgarriago bat baino ez naiz: funtsezkoa da bi arloburuen -Garbiñe Iztueta Euskararen Sustapen eta Hedapenean, eta Imanol Otaegi Kulturaren Sustapen eta Hedapenean- eta lan talde osoaren lana. Sekulako ahalegina egiten dute denek eta izugarri eskertzen diet.

-Etxepare Institutuak zazpi urteko ibilbidea egin du jada. Zein puntutan dago eta norantz doa?

Une honetan Institutua oso modu estuan ari da lanean Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailarekin. Hori oso eskertzekoa da, indarra eta ahotsa ematen baitio Institutuari. Eta batez ere asko errazten duelako komunikazioa eta koordinazioa, eta biak dira ezinbestekoak, beti.

Etxepareren misioa -euskara eta euskal kultura mundu osoan ezagutaraztea eta prestigiatzea-oso oso handia da, eta izango da; nik uste dut Institutuak dituen baliabideei etekin handia ateratzen diela eta modu eraginkorrean erabiltzen dituela. Beti hobetu beharra dago, baina ildo gehienak sendo ikusten ditut, eta birpentsatu behar diren horiek aztergai ditugu.

Aurrera begira, erakundeak badu ahalmena urrats eta egitasmo berriak identifikatzeko eta lantzeko, baina horretarako baliabideen hazkundea ere beharko litzateke.

-Zeintzuk dira Etxepare Euskal Institutuak une honetan epe motzera dituen helburu nagusiak?

Alor akademikoari dagokionez, munduko unibertsitateetan ditugun 35 irakurletzak -euskara eta euskal kultura irakasleak- eta euskal ikasketak atzerriak sustatzen dituzten 8 katedrak egonkortuta daudela esango nuke. Sare horren barne-komunikazioan badugu zer hobetua, eta horretan ari gara. Eta oso erantzun ona jasotzen ari gara irakurleen trebakuntzarako programetan.

Alor horretan aurtengo berrikuntza nagusia Euskara Mundua HABEtik Etxeparera etortzea izan da; Munduko Euskal Etxeetan euskara eskolak ematen dituzten irakasleen sarea da, 70tik gora, eta prestakuntzaz eta euskara maila kanpoan egiaztatzeaz ere arduratzen da. Guretzat guztiz berria da eta bada erronka bat. Baina batez ere azpimarratuko nuke oso pozik gaudela, logikoa iruditzen zaigulako sare hau Institutuaren baitan kokatzea, eta Euskal Etxeekin harreman zuzenagoa izango dugulako.

Euskal Kulturaren zabalkundeari dagokionez, diru-laguntzen ildoarekin jarraitzen dugu, sortzaileen mugikortasuna babesten, euskal literaturaren itzulpengintza laguntzen eta euskal kultur enpresak azoka profesionaletara joan daitezen bultzada ematen.

Kultur sektoreekin lankidetzan, hainbat nazioarteko azoketan euskal partaidetza antolatzeko lanak ere hartzen ditugu; Kultura Sailarekin partekatzen dugun ildo bat da, eta gure arteko lanen banaketa sakon aztertzen ari gara aurten, egitekoak irizpide garbien arabera berrantolatzeko.

Horrez gain, euskal kulturgintza profesionalak burua kanpoan azaldu edo “saldu” behar duenerako –azoketan, esaterako- marka edo irudi bateratu bat lantzen ari gara, orain arte diziplina bakoitzak bide ezberdin bat jorratu baitu. Garrantzitsua deritzogu bateratzeari eta irudi sendo bat lantzeari.

Euskal eragile ezberdinen kanpoko ekintzei babesa ematen ere saiatzen gara, modu xumean bada ere; batzuetan elkarlanean ere aritzen gara. Kanpoko eragileekin, berriz, gure lana euskal kulturarentzat tokia egin dezatela lortzea edo bermatzea da, jaialdietan, erakundeetan, eta abar, programazioan egon daitezen sustatuz edo ekintzak elkarrekin ekoiztuz. Iaz, adibidez, 26 ekimen bultzatu genituen euskal eragileekin batera, eta 27 kanpokoekin. Guztira 88 jarduera burutu ziren kanpoan gure partaidetzarekin, horietako % 65 euskaraz.
Gainera Berdintasun diagnostiko bat eta plan bat egin nahi ditugu, zabalkunderako estrategia berriak aztertu...

-Eta epe luzera?

Institutuak oraintxe dituen laguntzak, zerbitzuak eta proiektuak sendotzea nahiko genuke, eta ahal denean ildo berriak abian jarri ahal izatea ere bai.

2019tik aurrera urtero herrialde bat izango du jomugan, bertan euskal kulturaren presentzia era nabarmenagoan lantzeko: datorren urtean Eskozia izango da. Eta alor instituzionalean, iruditzen zait Etxeparek gero eta pisu handiagoa izango duela Kultur Diplomaziaren arloan, Europan batez ere.

Bestalde, Institutuak, eragileen eta sortzaileen zerbitzura dagoen tresna den aldetik, hemengo sortzaile eta kulturgileei kanpoko erreferentziak lortzen erraztu beharko lieke, gero eta gehiago baitira kanpoan ere dabiltzanak.

Etxepare Euskal Institutua bada euskararen eta euskal kulturaren enbaxadore, dagozkion leku eta funtzioetan. Baina esan gabe doa kanpoan dabiltzan sortzaileak, eragileak eta diasporako kideak ere beste hainbeste direla, eta baita kanpoko enpresetan, unibertsitateetan eta abar dauden euskaldunak ere. Mapa desberdin horiek identifikatzea eta euskal kultura kanpoan zabaltzeko ere baliatzea da Etxepareren beste erronka handi bat.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia