euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Irene Larraza eta Etxepare Euskal Institutuaren lana, kultur diplomazia tresna gisa, "nor garen kontatzeko"

2023/05/30

Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria
Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Etxepare Euskal Institutua Euskadiren kultur diplomaziarako eta nazioarteko kultur harremanak garatzeko tresna da. 2022an Europar Batasuneko Etorkizuneko Konferentzia egin zen eta Europako hainbat eragilek bertako foroan Europaren etorkizunaren inguruko hausnarketak partekatu zituzten. Euskadik ekarpena egin zuen EuroBasqueren bitartez. Erakundeak, ekarpena osatu zuten testuetako bat, Etxepare Euskal Institutuak egitea proposatu zuen eta institutuko zuzendariak, Irene Larrazak,  Kultur Diplomaziari buruzko artikulua idatzi zuen, eta konferentziaren ekarpenetan agertzen da bilduta.

Institutuak kultur diplomaziarekin lotuta dituen funtzioak eta azken urteotan emandako pausoak eta etorkizuneko erronkak errepasatzen ditu bertatik helarazi zaigun Irene Larrazarekin eginiko elkarrizketa honek.

—Eurobasque liburuan ‘Europa eta kultura ikusezinak’ artikulua idatzi duzu. Nola jaio zen proposamen hau?

Eurobasque entitateak proposamena helarazi zion Etxepare Euskal Institutuari.  Asmoa Europar Batasuneko Etorkizuneko Konferentziaren prozesuan euskal ekarpena gehitzea zen, eta egoki iruditu zitzaien kultur diplomaziaren aldetik hausnarketa bat egitea, Europar Batasunaren etorkizunari buruzko testuinguru horretan.

—Zer ekarpen egiten dio atalak liburuari?

Beste erakunde, elkarte eta beste ordezkaritza mota batzuk ere parte hartzen dute liburuan, baina gure aldetik egin dugun ekarpena zehazki euskal kultur eremuan kokatzen da. Nazioartekotzean eta Europako mapan instituzionalki funtzionatzerakoan gure egoera zein den azaldu nahi du gure ekarpen honek, gure funtzioa institutu bezala zein den eta zeintzuk diren gure erronkak.

—Zer da kultur diplomazia?

Modu desberdinak daude kultur diplomaziara hurbiltzeko. Esaldi bakar batean esan beharko bagenu, kultur diplomazia kulturaren bitartez herrien arteko harremanak lantzea da. Kultur diplomaziak beste diplomazia motekin alderatuta (diplomazia politikoa, diplomazia ekonomikoa, edo beste batzuk), herriak elkar ezagutzea eta hurbiltzea bilatzen du. Kultur diplomazia gure euskal eremutik kanpo egiten dugunean, kulturak duen gaitasuna agerian jartzen da. Gure kultura eta hizkuntza erakusten dugun heinean, aukera ematen digu besteena ere ezagutzeko. Horrek elkarren arteko komunikazioa eta elkar ezagutza hobetzeko balio du. Nire ustez, kultur diplomazia balio ikaragarria duen tresna bat da, ez bakarrik kultur jarduerari dagokionez, baizik eta izpiritu edo inspirazio bezala munduan funtzionatzeko. 

—Euskara eta euskal kulturaren testuinguruan, zenbateko garrantzia du hau lantzeak?

Gurea bezalako hizkuntza eta testuinguru kulturala, duen neurri eta hiztun kopurua kontuan hartuta, noski duela tokia munduan, eta zalantzarik gabe baduela zer esan kultur diplomaziaren elkarrizketa horretan. Hemen, jakina, eta Europako markoari begira, eredu gisa oso garbia da bi bloke daudela: hizkuntza hegemonikoak direnak eta ez garenak. Hauek abiadura ezberdinean egin dezakete lan. Alde batetik, tamainak berak eta baliabideak desberdinak direlako, baina baita ere, ordezkagarritasun faltak eragiten duen arrakalagatik. Etxepare Euskal Institutuaren kasuan, lan egiten dugu gu bezalako beste erakunde eta institutuekin batera, baina ordezkaritza formalari dagokionez, ez ditugu eskubide berdinak.

—Etxepare Euskal Institutuak EUNIC Europako kultura institutu nazionalen elkartean parte hartzen du 2015tik. Aurten, EUNIC New Yorkeko kide izendatu berri dute. Zer eragin du institutuak kluster honetako kide bihurtu izanak?

EUNIC sareak Europako herrialdeen arteko kultur esparruko lankidetza sustatzea eta kideen arteko kultur-egitasmo eta ekimenak egitea du helburu. Etxepare Euskal Institutua sareko kide bilakatzeak Europar Batasuneko gainontzeko estatuekin zuzenean aritzeko aukera ematen dio euskal kulturari, eta euskal eragile eta sortzaileentzat elkarlanerako aukera berriak lortzeko bideak zabaltzeko aukera ematen digu. Momentu honetan, Bruselako eta New Yorkeko klusterretan kide gara. Pasa den apirilaren 4a geroztik Eunic New Yorkeko klusterreko kide. Hitzarmen berri honi eta Euskadiren Estatu Batuetako Ordezkaritzaren eta Etxepare Euskal Institutuaren arteko lankidetzari esker, euskal kulturak New Yorken duen presentzia egonkortuko da datorren urtetik aurrera.

EUNICeko Bruselako eta New Yorkeko klusterretan sortzen diren proiektuei dagokionez, ez dugu inongo trabarik bi klusterretan sortzen diren proiektuetan parte hartzeko. Horietan buruz buru, eta beste kideak bezala, parte hartzen dugu aukeratzen ditugun proiektuetan. Gure ekarpena egiten dugu lanari eta aportazio ekonomikoari dagokionez eta gure sortzaileak eta kulturaren adierazleak partekatzen ditugu. Aitzitik, ezin dugu Eunic Global erakundearen zuzendaritza eremuan parte hartu, ez dugulako estatu bat ordezkatzen. Hau ez zaigu bakarrik guri gertatzen, gauza bera gertatzen zaio, adibidez, Kataluniako Ramon Llull Institutuari, arrazoi beragatik. Hau da, eremu horretan lanean ari gara naturaltasunez,  bainaez dugu kontsiderazio bera Europa mailan.

Hori da Eurobasque liburuan egiten dudan hausnarketetako bat. Lanaren aldetik besteen maila berean gaude. Euskaraz edo gaztelaniaz egiten den euskal kultur sorkuntza garaikideak ez dauka arazorik besteen parean jartzeko, ez Europan eta ez munduan. Hala ere, irisgarritasun instituzional formala ez da berdina.

—Nola lantzen du kultur diplomazia Etxepare Euskal Institutuak?

Kultur diplomazian enbaxadore, ordezkari eta kontsul asko daude, denak garelako hein batean eragileak alor honetan. Munduan bere burua euskaldun gisa aurkezten den edonor kultur diplomazia praktikatzen ari da. Guk ere, Institutu bezala, azaldu ohi dugun lehendabiziko gauza da “Kaixo, euskaldunak gara, existitzen gara”.  Hortik aurrera, gure herriaren berri, izaeraren berri eta gure kulturaren eta hizkuntzaren berri ematen dugu. Horretan, zorionez, jende asko gaude lanean modu formalean zein informalean.

Guri funtzio oso zehatz bat ere badagokigu. Kultura eta hizkuntza baten institutua gara eta horrek eredu zehatz bat jarraitzea eragiten du. Etxepare Euskal Institutua Europako beste institutuen ereduaren arabera sortu zen, nahiz eta bere xehetasunak badituen eta ez den berdina neurrian eta ez den besteen parekoa deszentralizazioan eta beste eremu batzuetan. Hala ere, gure misioaren erdigunean daude euskara eta euskal kulturaren zabalkundea eta ezagutza handitzea, sustapenean laguntzea eta prestigioa bultzatzea. Horretan berdinak gara beste institutuekin alderatuta.

—Zer ekarpen egiten du Institutuak kultur diplomazioaren alorrean?

Arlo akademikoari dagokionez, Institutuak euskararen irakaskuntzaren arloan eragiten du unibertsitateetan eta euskal etxeetan; kulturaren sustapenaren arloan, leihoak zabaltzen ditugu munduan sorkuntza garaikidea ezagutarazteko. Leiho horiek batez ere, kultur sorkuntzaren logikari edo kultur programazioen eta dinamiken erantzuten diote. Testuinguru honetan, kultur diplomazia hirugarren hanka bat izango litzateke. Gainontzeko diplomazia guztietan kontzeptualki dauden funtzioak betetzen ditugu, baina guk lan ildo zehatz batzuk ere baditugu.

Batetik, beste institutu batzuekin egiten dugun lan. Esan bezala, Europa mailan EUNIC Bruselako klusterrean lan egiten dugu eta oraintxe sartu berri gara Eunic New York klusterrean kide elkartu bezala. Parte hartze honetatik elkarlana, besteengandik ikastea, harremanetan sakontzea eta proiektuetan parte hartzea bilatzen dugu. Azken finean, proiektu zehatzetan euskal proposamenak txertatzea da gure helburu nagusia. Horretarako lanean ari gara eta badugu ere Euskadiren Ordezkaritzaren babesa.

Mugaz gaindiko kultur lankidetza ere sustatzen dugu. Orain dela gutxira arte aquitaine.eus proiektua izan dugu martxan, euskal kultura Aquitaniara eramateko.

Baditugu ere proiektu estrategiko batzuk guretzako kultur konexio bereziak direnak. Jaialdietan eta bestelako ekintzetan parte hartzen dugunean,  argi txiki asko eta anitzak pizten ditugu munduko mapan, baina 2017an Etxepare Institutuak bere hausnarketa estrategikoan definitu zuen merezi zuela bi urtean behin lurralde zehatz batean beste harreman mota sakonago bat lantzea. Beste harreman mota hori luzeagoa eta sofistikatuagoa da. Gaur egun bi urteko iraupena du eta joan etorriko bidaia bilatzen du: gure lana han erakustea, eta alderantziz. Orain hirugarren jomuga honetan ere lanean ari gara. 2019an eta 2020an lurralde estrategiko hori Eskozia izan zen (Scotland Goes Basque), 2021-22-an Quebec (Saison Québec - Pays basque) eta orain, 2023- 2024 urteei begira Flandriarekin ari gara lanean, Flenbasque proiektuan. 

—Zergatik toki hauek?

Kulturari eta identitateari dagokionez gertu sentitzen ditugun herriak direlako, eta Euskadi Basque Country estrategiaren parte ere badirelako; alegia, Eusko Jaurlaritzak badituelako haiekin harremanak edo konpromiso formalak. Guk gobernuen arteko harreman horien alde kulturala lantzen dugu. Honezkero harreman bat egoteak ate gehiago zabaltzen ditu elkarlanak sustatzerakoan eta bideak errazten ditu gure kultura han erakusteko, hango eragileak eta sortzaileak hona etortzeko, laguntzak bideratzeko, etab.

—Euskal sorkuntzaren etorkizuneko erronka zein da, zure ustez?

Euskal kulturak dituen erronkak lurralde barruan eta kanpoan ditugu. Alde batetik, euskal kultura etorkizunera begira ezingo da modu osasuntsuan garatu gazteek  euskal kulturaren ezagutzan eta praktikan gertutik ezagutzeko aukera ez baldin badute. Eta ñabardura bat gehituko nuke: gaur egun batez ere mutil gaztetxo asko urruti daude kultura praktika batzuengandik, normalki futbolaren poderioz; hor erronka handi bat dago, gaztetatik kulturara ez hurbiltzeak galera ikaragarria dakarrelako, haientzat zein euskal gizarte osoarentzat. Bestalde, orain umeak eta gazteak ‘mainstream’ korronte ikaragarri handi baten erdian daude. Oso garrantzitsua da, beraz, euskal kultura errotuta izatea gaztetatik.

Bestalde, euskal kulturaren etorkizuna martxan dauden beste prozesu garrantzitsu batzuetatik pasatzen da. Sortzaileak era profesional batean lan egiteko aukera bermatzeko prozesua puri-purian dagoen eta lantzen ari den erronka da. Egileen izaera profesional berezi hori dagokion estatutuan arautzea, kultura-sorkuntza aitortzea eta ordaintzea, eskaintzetan dagokion lekua izatea… eta hura erabiltzea edo gozatzea sustatzea.

Beraz, barrura begira, batetik, haurrengan praktika kulturalak sustatzea eta kultura gazteentzat eskuragarri izatea; eta bestetik, gure sortzaileen duintasun profesionala bermatzea dira, niretzat, erronka nagusiak.

Azkenik, barrura zein kanpora begira dagoen beste erronka bat ere badago: ikusgarritasuna. Euskarak eta euskal kulturak presentzia bat behar du formatu eta teknologia guztietan. Aspalditik abian dagoen lana, oso garrantzitsua, ikusten ez den hori ez delako existitzen.

Eta gure kultura kanpoan ezagutaraztea eta ikusgarri egitea ere esanguratsua iruditzen zait. Horixe da Etxepare Institutuan daukagun lan nagusia. Bernardo Atxagak New Yorkeko CUNY unibertsitateko bere izena duen katedraren inaugurazio ekitaldian esan zuen moduan, Etxepare Euskal Institutuak erresonantzia kutxa bat izan behar du euskararentzat eta euskal kulturarentzat. Gu irakasleen, ikasleen, akademikoen, sortzaileen eta kultur eragileen mesedetara gaude, egiten dutenaren oihartzuna urrutiago irits dadin. “Kaixo, euskaldunak gara, existitzen gara” esalditik ere abiatuko da maiz horiek guztiek egingo duten ekarpena. Eta munduari nor garen bikain kontatuko diote, kulturaren bitartez. Gure sortzaileen eta eragileen lan hori baita munduan herri bezala garen hori adierazteko modurik sofistikatuena eta interesgarriena.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia