euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ireki da 'EikenBank', ikusentzunezkoetarako ideia berriak dauzkaten EHko eta Diasporako gazteentzako lehiaketa

2008/03/17

'EikenBank' ikus-entzunezko lehiaketako afixa
'EikenBank' ikus-entzunezko lehiaketako afixa

PUBLIZITATEA

Eikenek, Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak, 'EikenBank' lehiaketa abiarazi du. Euskal Herriko zein Diasporako gazteek parte har dezakete eta euskal ekoizpen etxeen eta gazte sortzaileen arteko lankidetzarako bidea zabaldu nahi du. Ekimenak ikus-entzunezko gidoi, maketa edo edonolako ideia berriak bil ditzake (telebista programak, telesailak, lehiaketak, magazinak, animazio produktuak, dokumentalak, multimedia edukiak). Saria 4.000 eurokoa izango da eta lana apirilaren 30a baino lehen entregatu beharko da 'EikenBank'en webgunearen bidez.
'EikenBank' lehiaketan parte hartzeko eskatzen den gauza bakarra Euskal Herrian edo Diasporan bizi izatea da eta lanbide heziketako ikasketak egiten aritzea edo 2003ko abenduaren 31ren ondoren ikasketa horiek amaituta edukitzea da. Interesa duten pertsonek EikenBank webgunea medio bidali beharko dute proiektua apirilaren 30a baino lehen edo, informazio gehiago eskuratu nahi izatekotan, (34) 944 39 82 10 telefonora deitu edo hona idatzi.

'EikenBank'ek proiektu bakarra aukeratuko du, 4.000 euroko saria emanez. Ekoiztetxe partaideek ideia gauzatuko dute eta proiektua EiTBn emitituko da. Proiektuari berari dagokionez, parte hartzaileek ikus-entzunezko proiektu originala eduki beharko dute, eta ezingo dute lanean edo lankidetzan egon edukien esparruan modu jarraituan sektoreko enpresekin. Bakarka edo 5 lagunek osatutako taldeetan parte har daiteke. Pertsona bakoitzeko gehienez 3 proiektu onartuko dira. Proiektu gisa zenbatuko dira pertsona batek bakarka nahiz talde bateko kide gisa aurkezten dituenak.

Lana edo proiektua entregatzeko momentuan hiru pauso segitu beharko dira: proiektuaren titularrak (edo ordezkariak, talde proiektua bada) alta eman beharko du webgunean, erabiltzaile gakoa eta pasahitza lortuz eta horien bidez, sareko leihatilaren gainerako aukeretarako sarrera izateko; proiektuari alta eman beharko zaio, eta bertan proiektuaren sustatzaileen datuak adierazi beharko dira; eta posta ziurtatu bidez bidali beharko da EikenBank Programaren Oinarrien onarpen-dokumentua.


Lotura interesgarriak

'EikenBank' wegbunea
www.eikenbank.com

Euskadiko Ikusentzunezko Eiken-Klusterraren webgunea
www.eikencluster.com


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia