euskal diaspora eta kultura
2008/10/01
PUBLIZITATEA
Gernika, Bizkaia. Gernikako Bakearen Museoa urriaren 5etik 10era Kyoto eta Hiroshima hirietan egingo den Nazioarteko Bake Museoen VI Topaketan izango da. Hitzorduan parte hartuko du Gernikako Bakearen Museoak, azken topaketaren antolatzailea (2005ean) izan ostean. Iratxe Momoitio zuzendaria izango da euskal museoaren ordezkari Japonian, bera, gainera, Bake Museoen Nazioarteko Sareko Batzorde Zuzendariko kidea da. Aurtengo topaketak 'Bakearen museoak, bakea sortzeko lekuak' leloa izango du. Mintegi honetan zentro hauek garatzen dituzten ekimenak, lorpenak eta museo birtualen etorkizuna izango dituzte mintzagai, besteak beste, 100 bat museotako ordezkariek.
'Nire ustez oso garrantzitsua da horrelako ekitaldietan parte hartzea eta elkarri lagundu eta esperientziak eta ideiak partekatzeko aukera ematen digun sarea sortzea', azaldu dio Momoitiok EuskalKultura.com-i Japoniara abiatu aurretik. Gernikako Museoa sortu zenetik sare honetako kide oso aktiboa izan da. 'Baina oraindik egiteko asko gelditzen da, adibidez museo hauek profesionalizatzea. Batzuk handiak dira, baina gehienak oso txikiak dira. Gerrari buruzko museoak bake museoak baino askoz ere indartsuagoak dira', aipatzen du ironiaz.
Tokyon ere hizlari, harremana Diasporarekin
Mintegi honetan Momoitiok bi mintzaldi eskainiko ditu. Lehenengoan 'zelan islatu gatazkak bake museo batean' gaia izango du hizpide, Gernikako museoko euskal gatazkari buruzko gelaren esperientzia oinarri hartuta. Bigarrenean 1937ko apirilaren 26ean Gernikak jasan zuen bonbardaketaz mintzatuko da. Momoitiok beste behin ere gai honi buruzko mintzaldia eskainiko du mintegia bukatu ostean, hilaren 11an, Tokyoko Anti Air Raid Museoan.
Iratxe Momoitiok harreman estua izan du euskal Diasporarekin eta hainbat bidaia egin ditu Gernikako bonbardaketaren lekukotasuna eta Bakearen Museoaren lana munduko euskaldunengana eramateko. 2003. urtean New Yorken izan zen, Gernika Gogoratuz ikerketa zentroko Maria Oyangurenekin batera. 2004. urtean errepikatu zuten, oraingoan Argentinako euskal etxeetan barna. 'Esperientzia oso positiboa izan zen', gogoratzen du. 'Harrera oso ona egin ziguten eta jakinmin handia zuten. Niretzako oso harrigarria izan zen hain urrun egonda zelako euskal sentimendua zuten ikustea'.
Lotura interesgarriak
Gernikako Bakearen Museoa
www.bakearenmuseoa.org
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus