euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Iratxe Jaio euskaldunak eta Klaas van Gorkum holandarrak 'Azken Hitzak' emango dute bihar Buenos Airesen

2013/07/19

Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkum
Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkum

PUBLIZITATEA

'Últimas palabras' (Azken hitzak) bideoak Argentinako azken diktadura militarraren ikurra den Alfredo Astiz fragata kapitainaren alegatu finalaren berrirakurketa bat da, aktore eta oratoria irakasle birekin elkarlanean egina. “Ariketa honek adi egoteko balio du. Era burutsu batean, diskurtso politiko batzuk erregimen militarrak justifikatzen saiatzen dira, indarkeria eta demokratikoak ez diren metodoei bizkarra emanez”, diote Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkum-ek euren obrari buruz. ‘Azken Hitzak’ bihar larunbata aurkeztuko da, iluntzeko 7etan, Rojas Kultur Gunean, Corrientes kaleko 2038.ean, Buenos Airesen.

Buenos Aires, Argentina. Iratxe Jaio euskaldunaren lana ikusi ahal izango da bihar Buenos Aires hiriburuan. Izan ere, Klaas van Gorkum bere bikote eta lankidearekin batera egindako ‘Azken Hitzak’ bideoa aurkeztuko du Iratxe Jaio bizkaitarrak hiriburu argentinarrean tradizio handikoa den Rojas Kultur Gunean.

 [Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkum-en ‘Azken hitzak’ bideoaren zati bat]

Ikus-entzunezko lan honek lotura zuzena du Argentinako garairik ilunenekin. Egileek berek azaldu digutenez, “‘Azken Hitzak’ bideoan aktore batek eta oratoria irakasle batek Alfredo Astizek bere epaiketan egin zuen bere alegatuaren testua entseatzen dute. Gogora dezagun ‘Heriotzaren Aingeru Ilehoria’ goitizenarekin ezaguna zen Armadako Fragatako kapitain ohiak biziarteko kartzela-zigorra jaso zuela eta hilketak egiteagatik kondena jaso ondoren, ez zuela damurik azaldu. Bere hitzetan, ordea, egoera alderantzizkoa du, akusatuak aginduak betetzen zituen heroi militar-tzat eta biktima-tzat aurkezten baitu bere burua. Lana, alegatuaren berrirakurketa, oratoria-ren eta Hannah Arendt-en ‘gaitzaren hutsalkeria’ kontzeptuaren arteko harremanaren ikerketa bat da”.

Markinatik Amsterdam-era, Amsterdam-etik Buenos Airesera

Iratxe Jaio, Markina-Xemein-en, Bizkaian, jaio zen 1976an. 1998an Arte Ederretako ikasketak Bilbon bukatu ondoren, Holandara jo zuen graduondo bitan ikasten jarraitzeko asmoz eta han geratu zen bizitzen. Bertan bere bikote eta lankidea den Klaas van Gorkum ezagutu zuen eta gaur egun hamabi urte daramatzate elkarrekin elkarlanean artista talde moduan.

“Dislokazio sentipen bat eta identitate kulturala nola eratzen den, horren aldeko jakingura gogorra partekatzen dugu elkarrekin. Klaas holandarra bada ere, Afrikan hezia baita eta ni euskalduna izanik atzerrian bizi bainaiz. Kari horretara, gure lanean sarritan norbanakoaren eta taldearen identitateen arteko gatazka aztertzen dugu, gizabanakook dugun erlazioa gure testuinguru sozial, kultural eta fisikoekin erakusten", azaltzen du.

"Argentinara orain dela hiru hilabete etorri ginen Holandako Mondriaan Fundazioak emandako laguntza batekin, Buenos Aireseko LiPac Praktika Artistiko Garaikideen Ikerketa Laboratoriora. Asmoa behetik sortutako erakunde batek jasaten dituen fase desberdinak aztertzea zen. Ikerketa honen barruan egin dugu ‘Azken hitzak (Últimas palabras)’".

Argentina 2001, Europa 2011

Jaioren azalpenetan, "Argentinan bizi izan zenuten 2001eko krisialdiak erakarrita iritsi ginen hona, krisialdia eta gero gertatutako prozesua ikertu nahi genuelako, batez ere nola hemengo artistek hartu zuten parte erakunde berrien sorreran eta zer nolako garapena izan duten erakunde horiek. Iruditzen zitzaigun garrantzizkoa zela hau aztertzea Europaldean dagoen egoeraren etorkizun posible moduan. Interes hau, 2011an izan genuen esperientzia baten oinarrituta dago. Occupy eta 15Mko plazak hartzeko deialdia jarraituz, artista talde batekin denda bat ezarri genuen Amsterdameko Occupy kanpamenduan. Bertan arazo sozial oso gogorrak bizi izan genituen, droga eta biolentziaren ondorioz, kanpamenduan dilema etiko pilo bat erakarriz. Honi erantzuna emateko artisten dendan 'Egiaren Batzorde' esperimental antzeko bat sortu genuen, aktibisten mugimendu honen erakunde berrien sorreran parte hartzeko asmoz. Hau dela eta, Argentinan Justiziarekin duzuen harremanean jarri dugu gure arreta". 

"Interesgarria iruditzen zaigu nola erakunde hau “munstro mugiezin” bat izan beharrean, aldagarria den hemen, gaur egungo arazo kolektiboei erantzun ahal izateko. Bide horretatik heldu ginen Astizen alegatura”, adierazi dio EuskalKultura.com-i.

‘Azken hitzak’ bideoa bihar larunbata proiektatuko Buenos Aireseko Ricardo Rojas Kultur Gunean, Corrientes kaleko 2038an, iluntzeko 7etan.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia